Europako Errekopako finalerdietako joaneko partida ez zaio une onean ailegatu Amaya Sport San Antoniori: bihar ariko dira nafarrak Tremblay Frantziako taldearen aurka, Iruñean. Ez da aste erraza izan hau iruindarrentzat. Asobal ligan jasotako porrotak min handia egin dio Juanto Apezetxeak zuzentzen duen taldeari. Batez ere, nafarrek utzi ziotelako garaipenari ihes egiten. Ongi hasi zuten partida, baina laster utzi zuten agerian pistan ez zirela ari behar zen intentsitatearekin. Hutsak zuzendu nahi izan zituztenerako, beranduegi zen. 27-28 galdu zuen Torrevellaren aurka San Antoniok.
Nafarren gogoan, akaso, zama handiegia izan zuen biharko Tremblayren aurkako partidak. Nafarrentzat opari gisa hasi zen Europako Errekopa, baina aurrera egin ahala, lehiaketa horrek gero eta garrantzi handiagoa hartu du Iruñeko taldearentzat. Jokalariek argi dute hori, eta, beharbada, Torrevellaren aurkako partidan baino gehiago, Europan zuten burua asteartean etxean galdu zutenean.
Zaleei barkamena eskatu zien norgehiagoka amaitu eta gero Apezetxeak. Bihar, bere itxurarik onena erakutsi beharko du San Antoniok bere pistan, berriz ere huts ez egiteko. Hutsak zuzendu beharko dituzte jokalariek. Burua partidan jarri, eta serio jokatu. Ligako porrotak, zalantzarik gabe, inori baino min handiagoa egin die haiei, Europarako sailkatzeko postuetatik urrundu baitu taldea. Porrotak eragindako amorrua eta zaleen aurrean jokalariek beren irudia garbitzeko izanen duten gogoa bere alde baliatu beharko ditu San Antoniok bihar.
Kanporaketa irekia
Kanporaketa bideratzea izanen da nafarren helburu nagusia, itzulikoa etxetik kanpo jokatuko dutela kontuan hartuta. Apezetxeak «kanporaketa irekia» ikusten du, baina argi du kontuz ibili beharko dutela Tremblayrekin. Ustez, dena den, mendean hartzeko moduko taldea da Frantziakoa San Antoniorentzat. Bai, behintzat, nafarrek beren maila ematen badute pistan. Ez da oso ibilbide luzeko taldea Tremblay. 2004-2005eko denboraldian igo zen maila nagusira, eta aurreko sasoian hirugarren sailkatu zen. Denboraldi honetan, hala ere, ez dabil hagitz fin.
Liga gauza bat da, hala ere, eta bertze bat Europa. Aurreko sasoian Errekopako final-laurdenetarako sailkatu zen Tremblay, baina finalerdietatik at utzi zuen Granollersek. Finalerdiak, beraz, saria dira jada frantziarrentzat. Aurkari arriskutsu bilaka dezake horrek, presiorik gabe, galtzeko deus eta irabazteko anitz izanen dutelako Stephane Imbrattak entrenatzen dituen jokalariek.
San Antonio finalerdietan kanporatu zuen Gummersbachek aurreko denboraldian. Urrats bat aurrera egitea izanen dute helburu, beraz, iruindarrek, finalean sartu ahal izateko. Sari handia izanen litzateke hori San Antoniorentzat. Bigarren itzulia gorabeheratsua izaten ari da nafarrentzat, baina sasoi honetan erakutsi dute borrokatzeko grina badutela. Torrevellaren aurka gertatutakoa errepikatuko ez den hutsa izan zela erakusteko aukera izanen dute bihar etxekoen aurrean. Finalera ailegatzeko borrokatzekoa. Profitatu nahiko du Iruñeko taldeak, inolako zalantzarik gabe.
SAN ANTONIO-TREMBLAY
Lehiaketa. Europako Errekopako finalerdietako joaneko partida.
Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Lucau, Gedeon Guardiola, Sevaljevic, Mindegia, Vargas, Humet, Meoki, Victor Alvarez, Urdiales, Eloy Gonzalez, Crowley, Rasic eta Agirrezabalaga.
Tremblay. Mias, Pocuca, Ugolin, Drouhin, Zuzo, Poulin, Ostertag, Stefanovic, Sall, Prat, Guilard, Mongin, Peyrabout, Bingo eta Sacko.
Epaileak. Leifsson eta Palsson (Islandia).
Lekua. NUPeko pabiloia (3.000 ikusle).
Ordua. 18:30.
Liga ahazteko norgehiagoka
San Antoniok Europako Errekopako finalerdietako joanekoa jokatuko du bihar, Asobaleko porrota atzean uzteko asmozLigan egindako hutsak zuzendu beharko dituzte jokalari nafarrek frantziarren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu