Liga ez da Kopa

Ligako azken lau partidak jarraian galdu ostean, Athleticek ezin du huts egin gaur San Mamesen Vila-Realen aurka

haritz gallastegi
2008ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Athleticek helburu bi zituen Espainiako Kopan. Batetik, emaitza bolada txarra amaitu gura zuen. Irabaztea zer den sentitu gura zuen berriro. Bestetik, ahal izanez gero, kanporaketa erabakita utzi gura zuen. Erabakita ez, baina bideratuta utzi zuen. Ez da gutxi.

Azken jardunaldietan baino itxura eskasagoa eman zuten zuri-gorriek Recreativoren aurka. Hala ere, garaipena lortu zuten (2-0). Baina Kopako norgehiagokak gauza asko argitzeko balio izan zuen. Besteak beste, talde indartsuenen aurkako partidak ez direla erreferentzia gisa hartu behar. Ez dutela balio. Punta-puntako talde gehienen kontra itxura ona ematen dute maila apalagoa dutenek. Hala jokatuz gero horren onak ez direnen aurka puntu asko irabazteko aukera izango dela pentsarazten dute gisa horretako neurketek. Baina gauzak ez dira horren errazak. Norgehiagoka guztiak dira ezberdinak, eta mugatuen arteko lehiak ez dute zerikusirik izaten txapelketa irabazteko lehian ari direnen kontra jokatzen direnen aldean. Askoz ere estuagoak dira, zatarragoak, borroka handiagokoak. Lerro artean tarte gutxi egoten da, eta gaitza izaten da aukera garbiak sortzea.

Lau handiak jokatutakoan gisa horretako neurketei egin beharko die aurre Athleticek. Baina oraindik Vila-Realen aurka jokatzea geratzen zaio. Manuel Pellegrinik zuzentzen duen taldeak jokatzeko lekua utziko dio Athletici. Gauzak argi izanez gero, arriskua sortzeko aukera izango dute zuri-gorriek. Vila-Real ere ez baitago sasoi onean. Jokatutako azken hiru partida ofizialetan hamabi gol jaso ditu. Larregi tituluren bat altxatu gura duen talde batentzat. Azken gol zakua Ejidon hartu zuen, Kopan (5-0). Kataluniako taldean min eman duen porrota izan da. Joseba Llorentek, esaterako, barkamena eskatu die jarraitzaileei. Lotsatuta omen dago.

Hala ere, akats larria izango litzateke Vila-Real gutxiestea. Ez du inork egingo, gainera. Oinak lurrean izateko atzera begiratzea baino ez dago. Ejidoko istripuaren aurretik urte erdi baino gehiago zeraman partida ofizial bat galdu barik. Tarte horretan zailtasun handiko neurketak jokatu behar izan ditu Ligan zein Europako lehiaketetan. Madrigalen, Old Trafforden edo San Mamesen berdin jokatzen du Vila-Realek. Baloiaren jabetza eta jokalari guztien etengabeko mugimendua ardatz duen futbola du gustuko Pellegrinik. Horretarako, goi mailako futbolariak fitxatu ditu Fernando Roig presidenteak. Horregatik, oso garrantzitsua izango da Athleticentzat presioan asmatzea. Ez baita samurra Senna, Cazorla, Pires eta enparauei baloia kentzea. Kenduz gero, irabazteko aukera egongo da.

Etxeberria, jokatzeko prest

Joaquin Caparrosek atsedena eman zien hainbat jokalariri Kopako partidan. Entrenatzaile zuri-gorriak dozena erdi jokalari on ditu ohikoetatik kanpo aukeratzeko. Horietako baten batek asteazkeneko aukera aprobetxatu zuen edo ez jakitea falta da. Hasiera batean ez dirudi aparteko berrritasunik egongo denik. Ez behintzat Kopako partida erreferentzia gisa hartuz gero. Ustaritzek eta Koikilik ez zuten jakin neurketaren lehen heren bietan egindako beharra borobiltzen. Partidaren azken txanpan akats larriak egin zituzten. Konfiantza barik aritu ziren. Ligako hamaikakoan sartzeko izan zezaketen azken aukera izango balitz bezala aritu ziren.

Euskarrian Javi Martinez eta Gurpegi aritu ziren. Ligako lehen jardunaldian hasieratik jokatu zuten bi jokalariok, hain zuzen ere. Nafarrak ere ez ziren fin aritu. Zailtasun handiak izan zituzten jokoa antolatzeko orduan. Recreativo hamar jokalariarekin geratu zenean nabaritu zitzaizkien gabezia handienak. Ez ziren taldea behar den moduan mugitzeko gai izan. Hala ere, baloiarekin dohatsuagoa den beste bat ondoan badute, izan dezakete jokatzeko aukeraren bat.

Susaetak ere ez zuen bere bizitzako partida onena jokatu. Jokaldi onak egin arren, jokoari erritmo bizia ematen ahalegindu zen, eta bere taldekideak erotu zituen. Caparrosek galdu egin du berarengan zuen konfiantza. Halere, edozein egunetan buelta daiteke hasierako hamaikakora. Partidak pizteko ere balio dezake.

Aurrean Ion Velez izan zen Llorenteren bikotea. Beste neurketa batzuetan baino gutxiago agertu arren, gol bat sartu zuen. Ez da gutxi. Ematen dizkioten aukerak aprobetxatzen ari da. Konfiantza handiagoa merezi du. Baina, okerrik ezean, gaur ere aulkitik ikusi beharko du partida hasiera. Etxeberria osatu da, eta elgoibartarrak jokatuko du Llorenteren ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.