Hurrengo asteburuan ligari ekin aurretik, Realak eta Eibarrek denboraldiaurreko azken probari aurre egin beharko diote gaur. Bi taldeak aurrez aurre arituko dira Euskal Herria Kopako finalean, Dulantziko Joaquin Gastaminza zelaian (12:00, ETB1). Finala aurrenekoz izango da Araban.
2011n jokatu zen Euskal Herria Kopa lehenengoz, eta Athletic eta Reala izan ziren aldiro finalean, harik eta 2021ean eta 2022an Alaves finalean sartu zen arte. Aurten, berriz, Eibarrek jokatuko du estreinakoz, finalerdietan Athletic garaituta, penaltietan —arauzko denboran bina berdindu zuten—. Iñaki Goikoetxearen taldeak Reala izango du parean, txuri-urdinek Alaves mendean hartu baitzuten finalerdietan, aise egin ere (1-3).
Joan den asteburuan, Eibarrek ezustekoa eman zuen Javi Lergaren taldea kanporatuta. Lehia hasi eta berehala, Sara Martin aurrelariak gola sartu zuen, baina bizkaitarrek azkar erantzun zuten. Eider Arana atzelariak berdindu zuen partida, haren talde izandakoari gola sartuta. Hala ere, Eibarrek atsedenaldia baino lehen eman zuen bigarren kolpea, Laura Camino aurrelariaren bitartez. Bigarren zatian Goikoetxearen taldea atzean sendo ibili zen arren, Sanadri aurrelariak, aulkitik atera, eta berriro berdindu zuen partida. Azkenik, penaltietan, hamazazpi jaurtiketaren ostean, Eibarrek irabazi zuen.
Dena den, dena ez zen txarra izan Athleticentzat: notizia onak ere izan ziren. Bibiane Schulze atzelariak, 11 hilabetez min hartuta egon ondoren, tarte batez jokatu zuen Euskal Herria Kopako finalerdietan.
Txapelketako hamabost aldi hauetan, Bizkaiko taldea bi aldiz bakarrik geratu da finaletik kanpo, eta bederatzi aldiz lortu du garaikurra. Beraz, Athletic da Euskal Herria Kopako txapel gehien eskuratutako taldea.
Beste finalerdian, berriz, Reala izan zen nagusi. Arturo Ruizen taldeak 3-1 hartu zuen mendean Alaves —arabarrek Bigarren Mailan jokatuko dute—. Intza Egiguren, Mirari Uria eta Nerea Eizagirre harrobiko jokalariek sartu zituzten golak.
Garaikurra irabaztea helburu
Gaurko finalean, Donostiako taldeak bigarrenez jarraian irabazi nahiko du Kopa, iaz ere irabazi baitzuen, Athleticen kontra nagusituta, penaltietan. Guztira bost txapel ditu. Txuri-urdinak dira irabazteko faborito nagusiak, hainbat arrazoi tarteko: eskarmentua dute halako finalak jokatzen, eta liga sailkapenaren goialdean amaitzea dute helburu.
Eibarren asmoa, berriz, mailari eustea izango da. Hala ere, azken bi denboraldietan lan ona egin dute eibartarrek, eta Realaren pare aritu dira ligan. Badute beste pizgarri bat ere: aurrenekoz jokatuko dute Euskal Herria Kopako finala, eta garaikur bat irabazteko aukera bikaina dute.
Realari dagokionez, Edna Imade aurrelari nigeriarra ez da jokatzeko moduan izango, belaunean min baitu. Aurrelaria Bayern Munichetik etorri da talde txuri-urdinera, utzita. Joan den denboraldian Granadan jokatu zuen, eta lan ikusgarria egin: 29 partidatan hamasei gol sartu zituen.
Bi taldeek sentipen onekin ekin nahi diote ligari, eta zer hoberik garaikur bat irabazita hastea baino.