Liga, lesioak eta Granero ez dira nahiko burua Txapeldunen Ligan ez izateko

Lyonen aurkako partidarako salgai jarritako 850 sarreretatik 61 baino ez dira geratzen jada

2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Oso denbora gutxian faktore askori egin beharko dio aurre Realak. Bi egun gelditzen dira liga hasteko. Getafe hartuko du Realak, etzi, Anoetan (19:00). Baina hori ez da zaleek buruan duten partida. Izan ere, hamar denboraldi igaro dira Lyonek Reala Txapeldunen Ligatik kanporatu zuenetik, eta ordutik ez dute Europako izarrekin lehiatzerik izan. Aukera hori berriz ere izateko astearteko partidak berebiziko garrantzia du. Kasualitatez, zoriak Lyonen bidean gurutzarazi du Reala, berriro ere. Atzo bertan jarri zituzten sarrerak salgai, eta ia denak saldu ziren. 61 besterik ez da geratzen. Gaur 10:00etan irekiko dituzte Anoetako txarteldegiak. Bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu gehienez. 3.000 zale inguru espero dira Lyonen.

Baina txuri-urdinak ez dira garairik onenean iritsiko. Ez jokoari dagokionez, jokalari kopurua kontuan hartuta baizik. Zorte txarra izaten ari dira jokalariak denboraldi-aurrean, eta min hartutakoak lau badira ere —Diego Ifran, Jose Angel, Imanol Agirretxe eta Mikel Gonzalez—, beste horrenbeste dabiltza kili-kolo —Carlos Martinez, Gorka Elustondo, Xabi Prieto eta Ruben Pardo—, eta ikusteko dago ligako lehen partidara iritsiko diren. Gainera, Markel Bergara zigortuta dago, eta ezin izango du jokatu.

Esteban Granero, iristear

Esteban Granero Realeko jokalaria izan daiteke datozen orduetan. Madrildarrak hasieratik ikusi du begi onez txuri-urdinen elastikoa janzteko aukera, baina soldata bihurtu da arazo. Utzita etorriko litzateke Donostiara. Teknika handiko erdilaria da, eta Asier Illarramendik utzitako lekua beteko luke.

Granero Getafetik fitxatu zuen Real Madrilek, eta asko jokatu zuen Manuel Pellegrini entrenatzailearen aginduetara; Jose Mourinhorekin urritu egin zitzaizkion aukerak. Queens Park Rangersen aritu zen iragan sasoian, eta titular izan bazen ere, taldea Bigarren Mailara jaitsi zen. Sasoi honetako lehen partida jokatu du jada, baina badirudi azkena izan daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.