Ligaren beste erdiaren bila

Euskotren ligako garailea zein traineru den bihar eta etzi erabakiko da, Zarautzen. Getaria-Tolosa, San Juan eta Zumaia saiatuko dira Galizia faboritoari irabazten, titulua Euskal Herrira ekartzeko.

Getaria-Tolosako (azpian) eta Zumaiako (goian) traineruak, ziztu bizian, Donostian jokaturiko Gipuzkoako Txapelketan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Iazko urteko Euskotren liga hautsi egin zen azken egunean, Zarautzen. Eztabaidak luze iraun zuen. Gipuzkoa zela garaile, Galizia zela, Gipuzkoak kanpoko arraunlarien muga gainditu zuela, ez zuela gainditu, azkenean ligako epaileak erabaki zuen iazko lehiaketaren titulua erdi-banatzea. Bi garaile izan zituen, hortaz: Gipuzkoa eta Galizia. Erdia han dago, beste erdia hemen.

Bihar eta etzi iazko leku berean erabakiko da liga, Zarautzen. Kanporaketa moduan antolatu dute aurten, eta iazkoa berriz ez gertatzeko, bi egunetako denborak hartuko dituzte kontuan garailea nor den zehazteko. Motzean esanda, Zarauzko ikurrina irabazten duena izango da aurtengo Euskotren ligako garailea. Lau traineru ariko dira lehian: Euskal Herritik, Getaria-Tolosa, San Juan eta Zumaia; Galiziatik, Galizia.

Euskal herritarrak gogotsu daude estropadak noiz helduko. Hala adierazi dute Mertxe Aizpuruak (Getaria-Tolosa), Oihana Cereijok (San Juan) eta Atsegin Odriozolak (Zumaia). Hirurek argi utzi dute ez dagoela faboritorik, nahiz eta Galiziaren izena bala-bala ibili denen ahotan. Lau traineruen artean, edozein izan daiteke irabazlea, hiru arraunlarien ustez. Aizpuruaren hitzetan, denek dakite arraun egiten: «Eta nik beti gauza bera esaten dut, denok entrenatzen garela irabazteko». Cereijok dio ez dela kontuan eduki behar nor den faboritoa, eta eurak irabaztera doazela. Odriozolarentzat, «horrelako estropadetan beti egoten dira ezusteak, eta denek izaten dituzte irabazteko aukerak».

Uretan erakutsi beharko dute lau traineruetako arraunlariek zertarako gai diren, eta denboraldi honetan izan dute aukerarik bakoitza zer den erakusteko. Lau ontziak batera ez dira inoiz aritu orain arte. Hiruk jardun zuten elkarren aurka joan zen igandean Castron (Espainia), Espainiako Txapelketan, eta Galiziak astindu egin zituen Getaria-Tolosa eta San Juan. Horregatik ematen zaio faborito izaera neurri handi batean. Egun hartan, aurrez uste zenaren arabera, Getaria-Tolosak borroka handiagoa eman behar zion, baina ez zen hala izan. Aizpuruak garbi dauka han gertatua ez dela kontuan hartzeko erreferentzia: «Gu baino gehiago izan zirela ezin da ukatu, baina guk ez genuen onena eman. Gainera, denboraldi osoan ez bezala, lau luzera jokatu genuen estropada, eta biharkoa eta etzikoa bira izango dira». Ez du ezkutatu kolpea hartu zutela igandean, baina eman diote buelta dagoeneko: «Berehala aztertu genuen zer egin genuen gaizki, eta gerra emateko prest goaz Zarautzera».

Galtzea ez da porrota

Oso indartsu dabil Getaria-Tolosa denboraldi honetan ere, eta iritsi zaio denboraldiko lehen erronka handia. Euskotren liga irabaztea helburutzat daukate, eta joan zen igandekoa gorabehera, faborito izaera tostetan dutela egin beharko dute arraunean. Irabaziko ez balute zer ondorio aterako lituzkeen esan du Aizpuruak: «Ez litzateke porrota izango. Irabazlea gu baino gehiago izan bada, ezin da ezer esan. Guztiok nahi dugu irabazi». Garbi du zein duten asteburuko aurreneko helburua: «Estropada ona egin nahi dugu, gure arraunkeran oinarrituta».

Helburu bera dauka Cereijok ere: «Arraunean ondo egin nahi dugu». Beste asmo honen berri ere eman du: «Estropada politak egin ditugu aurten, baina azkeneko pausoa ematea falta zaigu. Gazteak gara, talde berria, eta uste dut urduritasunak kalte egiten digula. Ea dena ondo ateratzen zaigun asteburu honetan». Nolako estropadak ikusiko diren aztertzen jarrita, Zumaiaren izena bota du: «Kontuz zumaiarrekin! Indartsuak dira, eta erakutsi dute zerbait azaldu behar duenean azaltzeko gai direla. Hazi egiten dira horrelako estropadetan».

Odriozolak antzeko hausnarketa egin du: «Ohituta gaude besteak faborito direla arraun egiten. Ia beti halaxe aritzen gara. Nahiago dut faborito ez izan, eta denen ahotan dauden bi taldeek ez badute presioa jasaten, gu hor egongo gara». Denboraldia hasi zenetik, gora egin du Zumaiak. Hasiera hartan, taldea osatu berri zuten, eta elkar hartzea falta zitzaien. Orain hobeto daudela dio arraunlari zestoarrak: «Blokea eginda daukagu, eta lesio dezente izan arren, hobeto moldatzen ari gara».

Zarauzko bi estropadetarako ez du itsaso txarrik eman iragarpenak. Cereijori ez zaio gustatu hori entzutea: «Nahiago dut txarra». Odriozolak ere mugimendua du gustukoago, baina onarekin aukerak dituztela uste du, eta itsaso txarraren arriskuez ere eman du iritzia: «Bi aurpegi izaten ditu. Ondo atera dakizuke, edo gaizki». Aizpuruari ez dio kezka handirik ematen itsasoaren egoerak: «Erakutsi dugu ondo moldatzen garela onarekin eta txarrarekin».

Eremuak berak ez dauka aitzakiarik. Ikusteko ederra da, eta arraunean egiteko ere bai. Gertutasuna eta entrenamenduak han inguruan egitea Getaria-Tolosaren mesederako izan daitezke, baina Aizpurua ezezkoan da: «Bertan ibili garela ez dut ukatuko, baina ez dut uste aldeko dugunik. Itsasoan entrenatu daitekeen edozeinek landu dezake ondo estropada hau».

Hitzez esandakoa uretan erakusteko aukera izango dute bihar eta etzi arraunlariek, eta tostakide izango dituzten beste guztiek. Zain izango dute sasoiko erronka handietako bat. Sari gozoa da Euskotren liga. Osorik irabazi nahi dute, eta ez erdizka, iaz bezala. Galizian dagoen erdia Euskal Herrira ekartzeko aukera daukate. Horren bila arraun egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.