Lilatoia

Lilatoia: ahalduntzeko eta saretzeko

Inoiz baino korrikalari gehiagok parte hartuko dute bihar Donostiako Lilatoian: 6.500 emakumek. Zumaiako Emakumeen Etxeak 111 laguneko taldea osatu du.

Jone Bastida Alzuru.
Zumaia
2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urratsez urrats, taldean, elkarrekin. Milaka emakumek hartuko dituzte Donostiako kaleak bihar, Lilatoiaren 36. aldian. Inoiz baino zango gehiago ariko dira tipi-tapa: izan ere, 6.500 emakumek parte hartuko dute —hilabete baino gutxiagoan agortu ziren dortsal guztiak—. Ilusio hitza aipatu dute antolatzaileek, eta ospakizun eguna ere badela azpimarratu dute. 

Baita saretzekoa ere. Zumaiako Emakumeen Etxeak, beste urtebetez, talde moduan egingo du korri: «Gure helburua, besteak beste, taldea da. Taldea indartzea, kohesioa sendotzea, babesgune izatea...», adierazi du Vanessa Arbelaitzek. Zumaiakoa izan da Lilatoiko talderik handienetako bat azken urteotan, eta aurten ere ez da urruti ibiliko: 111 laguneko taldea osatu dute. Adin guztietako emakumeak elkartuko dira, kaleak hartzeko prest.  

«Ni korrikalaria izan naiz beti, baina inoiz korrika egin ez duten emakume asko hasi dira nirekin lasterka Lilatoia aitzakia hartuta, eta gaur egun ere badabiltza», esan du Arbelaitzek. Eta ondorengoa gaineratu du Irati Arrillaga taldekideak: «Lilatoiak korrika ibiltzen diren emakume asko batzen ditu, baina inoiz korrika egin gabeko asko ere animatzen dira».  

«Gure helburua, besteak beste, taldea da. Taldea indartzea, kohesioa sendotzea, babesgune izatea...»

VANESSA ARBELAITZ Zumaiako Emakumeen Etxea taldeko kidea

Halako ekitaldiak antolatzea garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste dute. Arbelaitz: «Datuak hor daude. Berariaz emakumeentzat prestatzen diren saioek arrakasta handiagoa izaten dute. Oraindik ere arrazoi asko daude, batzuk norberaren baitakoak eta beste batzuk harremanei lotuak. Denok dakigu sistemak eta ereduak zenbat eragiten duten. Beldurra, lotsa eta beste ere badaude. Kirolaz hausnartu behar da. Sistemak zer-nolako lehiak, kirolak eta ereduak bultzatzen dituen... Buelta bat eman behar zaio».  

Adibide bat jarri du Arrillagak: «Zumaian laster dugu herri krosa, eta, askotan, kutsu herrikoi txikia izaten du. Egia da azken urteetan kirolak indar handia hartu duela, baina badago ehuneko handi bat halakoetan parte hartzera ausartzen ez dena lekuz kanpo sentitzen delako. Denboragatik, inguruagatik, beldurragatik... Horren harira ere hasi gara lanean». 

«Lilatoiak korrika ibiltzen diren emakume asko batzen ditu, baina inoiz korrika egin gabeko asko ere animatzen dira»

IRATI ARRILLAGA Zumaiako Emakumeen Etxea taldeko kidea

Lilatoira bitarteko bidea ere taldean egin dute Zumaiako Emakumeen Etxekoek. Izan ere, asteazkenero egin dituzte entrenamenduak. Helburua, hauxe: jarduera fisikoaren bidez ahalduntzea. «Lilatoia aitzakia bat da. Bada gerora ere jarraitzen duenik».  

Eta korrikarako ez ezik, bestelako kirol batzuetarako taldeak ere badituzte: besteak beste, pala eta eskubaloi entrenamenduak egiten dituzte.  

Kirola ongizaterako tresna gisa ulertzen du Arrillagak: «Emakumeek beraientzat denbora hartzea da kontua, ahalduntzea eta kontziliatzea. Eta erru sentimendua kentzea. Beharrezkoa da nork bere buruarentzat denbora hartzea, eskubidea dugu horretarako». Eta Arbelaitzek segitu du: «Berehala konturatzen zara norberarentzat denbora hartzea zer garrantzitsua den, sozializatzea, elkar zaintzea...».

Lilatoia, eta ez Lilaton  

Egun borobila prestatu dute zumaiarrek. Goizean goiz elkartuko dira: 07:45ean zehazki, tren geltokian. Donostiara iritsitakoan aterako dute talde argazkia. Lasterketa egin eta gero, trago bat hartuko dute elkarrekin, eta, ondoren, Zumaiara itzuli eta bazkaria egingo dute Emakumeen Etxean. Talde giroan egin dute azpimarra: «Ezin da hitzez deskribatu».  

Bulebarrean hasi eta amaituko da bost kilometro luze izango den lasterketa. Esku bizikletan ariko direnak 09:55ean hasiko dira, eta korrikalariak, berriz, 10:00etan. Aurrez, taldean egingo dituzte beroketa lanak, zumba saioa izango baita 09:30ean, urtero bezala.  

Festa giroa lasterketan ere ez da faltako, ibilbidea musikaz girotua egongo baita. Euro solidarioaren bitartez irabazitako dirua, berriz, Gipuzkoako Acabe Anorexiaren eta Bulimiaren Kontrako Elkarteari emango diote aurten. 

Boluntarioei eskerrak eman nahi izan dizkie Ismene Mendizabal Donostiako Atletico klubeko komunikazio eta marketin arduradunak —klub horrek antolatzen du Lilatoia gaur egun— : «150 boluntario ariko dira lanean; haiek gabe ezinezkoa litzateke halakorik egitea».  

Gozatzeko eguna da biharkoa, eta gozatuko dute Zumaiako Emakumeen Etxekoek. Baina eskaera bat ere egin diote antolakuntzari: «Lilatoiak ere hobekuntzak egin beharko lituzke. Bada garaia Lilaton izan ordez Lilatoi izateko. Hizkuntza pentsatzeko modu bat da, egiteko modu bat. Korrika datorren honetan... Denak du zer hobetua, eta bada ordua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.