Futbola

Liverpoolek Victor Muñoz fitxatu du

Ingalaterrako taldeak Osasunako jokalariaren etete klausula ordaindu du: 40 milioi euro. Diru kopuru hori erdi bana egingo dute talde gorritxoak eta Real Madrilek, hark baitzuen Victor Muñozen eskubideen erdia.

Victor Muñoz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Victor Muñoz, gol bat ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 18a
20:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bolo-bolo zebilen haren izena, eta gaur baieztatu da berria: Victor Muñozek Osasuna utzi du, eta Liverpoolen jokatuko du aurrerantzean. Ingalaterrako taldeak jokalari kataluniarraren etete klausula ordaindu du, 40 milioi euro, eta sei denboraldiko kontratua adostu du harekin.

Osasunak iaz fitxatu zuen Victor Muñoz Real Madriletik, bost milioi euroren truke, baina haren eskubideen erdia bakarrik erosi zuen, hau da, talderen batek hura fitxatuz gero, Osasunak eta Real Madrilek hogeina milioi euro jasoko zituzten. Hala ere, talde gorritxoak inoiz ez zuen horrenbeste diru jaso jokalari batengatik. Raul Garciarena zen salmentarik handiena orain arte: Atletico Madrilek hamahiru milioi euro ordaindu zizkion Osasunari 2007an.

Victor Muñozek denboraldi bat besterik ez du egin Iruñean, baina nahikoa izan da haren kalitatearen berri emateko. Hura izan da taldeko jokalaririk onena, alde handiz. Espainiako Liga eta Kopa kontuan hartuta, 36 partida jokatu ditu, 31 hasieratik, eta zazpi gol sartu ditu. Lan bikain horri esker, talde handi asko zituen haren atzetik. Hasieran, bazirudien Newcastlek fitxatuko zuela, baina Ingalaterrako beste talde batek bereganatu du azkenean: Liverpoolek. Victor Muñozen salmentari esker, Osasunaren diru kutxak lasaitua hartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE