Pronostikoekin bat eginez, Josetxo Ezkurrak eta Joseba Goikoetxeak irabazi dute Berria Erremonte Txapelketaren seigarren aldia, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). Faborito izaerari eutsi diote garaileek, baina uste baino lan gehiago egin behar izan dute Mattin Arluziaga eta Xabier Azpiroz mendean hartzeko: 15-14 eta 15-9. Bi joko eta huts gailendu arren, lehen jokoan estu eta larri ibili dira txapeldunak, 10-14 atzetik izan baitira. Dena den, azken bost tantoak jarraian eginda, lehen puntua poltsikoratzea lortu dute, eta hori funtsezkoa izan da bigarren jokorako. Izan ere, beste patxada bat izanda bigarren jokoan maisuki jardun du Ezkurra II.ak. Hura nabarmendu da jokoan, eta Goikoetxea VI.ak hirugarren urtez jarraian jantzi du Berria Erremonte Txapelketako txapela. Galtzaileek lan duina egin dute, baina ez zaie aski izan podiumaren gorenera igo ahal izateko.
Finala hotz hasi da. Urduritasuna nabaritu egin da kantxan, eta partidari neurria hartu ezinda ibili dira lau pilotariak. Huts asko izan dira, eta, 1-0 atzetik hasi diren arren, Arluziagak eta Azpirozek berehala hartu dute aurrea: 4-1 eta 7-3. Atzelari nafarrak bere gain hartu du bikotearen zama, eta sekulako lana egin du luzaroan. Zulo guztiak estali ditu kantxan, defentsan ere bikain jardun du, eta, ezker hormaren laguntza baliatuta, ederki asmatu du Ezkurra II.a jokoz kanpo uzten. Azpiroz izan da laukotean onena lehen jokoaren erdian, Arluziagaren laguntzari esker. Profesional mailan hasiberria izateko, erabaki onak hartu ditu aurrelari gipuzkoarrak, eta itxura ona eman oro har.
Berandu baino lehen esnatu da Ezkurra II.a, ordea. Gorabeheratsu aritu da lehen jokoan, baina asmatu duen aldietan min handia egin du. Beste abiadura bat eman dio pilotari, eta, kantxaren erdialdea hartuta, berak agindu du tarte erabakigarrian. Ondorioz, partida berdintzea lortu dute gorriek: hamarna. Orduan, berriz ere behera egin du Ezkurra II.ak, eta horixe baliatu dute urdinek 10-14 aurrea hartzeko. Bazirudien lehen puntua poltsikoan zutela, baina ia dena egina zutenean huts egin dute. Pare bat opari egin dituzte jarraian, eta irabazleek ez dute barkatu. Sinetsi egin dute beren aukeretan, eta, azkenean, tanto bakar batez irabazi dute lehen jokoa: 15 eta 14.
Bada, puntu hori oso garrantzitsua izan da bigarren jokoari begira. Izan ere, beste tenple batekin kantxaratu dira irabazleak. Lasaiago jokatu dute, eta hasieratik hartu dute aurrea: 5-2. Orduan, Goikoetxea VI.ak pare bat hanka sartze egin ditu. Besteak beste, sake batean goiko txapa jo du. Horri esker, bosna berdinduta egon da lehia, baina hortik aurrera irabazleek agindu dute nabarmen. Bere onera etorri da Ezkurra II.a, eta gozatu egin du kantxa barruan. Irabaztea ez ezik, distiratsu jokatzea ere lortu du. Horma-bikoarekin tanto zoragarriak egin ditu, eta finala ez da arriskuan egon behin ere: 11-6, 12-8 eta 15-9. Azken tantoa gogoangarria izan da, horma-biko altu bat eginda zaleak zutik jarri baititu aurrelari nafarrak. Galtzaileek ondo jokatu dute, baina ezin izan dute ezustekoa eman.
Erremontari, bi aste barru
Finalaren ondoren pozarren agertu dira txapeldunak. Ezkurra II.ak aitortu du hotz hasi dela, baina behetik gora egin eta merezita jantzi dutela txapela. «Funtsezkoa izan da buruz indartsu eutsi izana partida guztian. Hasieran gaizki jokatu dugu, baina ez gara gure onetik atera, eta asmatu dugu egoerari buelta ematen. Sinetsi egin dugu gugan, eta horrek urrea balioa izan du». Goikoetxea VI.a, bestalde, txapela hirugarren aldiz bururatu duela sinetsi ezinik mintzatu da. «Izugarria da Berria Erremonte Txapelketa hirugarrenez irabazi ahal izatea. Aurreko bi ekitaldietan bigarren mailako pilotariok jokatu genuen, baina aurten onenekin aritu gara, eta ez nuen imajinatuko hau lortuko nuenik. Oso pozik nago».
Oriamendi 2010 enpresak eta BERRIAk elkarlanean antolaturiko txapelketa arrakastatsuaren ondoren, pilotariek beste txapelketa bat abiatuko dute bi aste barru: Erremontari. Maiatzaren 11n hasiko da, eta erremontistarik onenak ariko dira lehian.