Esther Matarranz Lointek Gernikako jokalaria (Madril, 2003) estreinakoz ari da jokatzen bai Espainiako Ohorezko Mailan, bai Eurokopan. Perfumerias Avenida taldean hazitako jokalaria da, Espainiako ligako talderik indartsuenetako baten harrobian. Azken lau denboraldietan, dena den, Kaliforniako Riverside (AEB) unibertsitatean aritu da. Denboraldi honetan fitxatu du Bizkaiko taldeak, sasoi baterako: «Ilusio handiz hartu nuen. Taldekideengandik ikasten saiatzen naiz, eta fisikoki egokitzen. Hemen ez dago gelditzerik, hiru egunez behin partida bat dugu eta!». Ez alferrik, izan ere, Eurokopako lehen fasea gainditu, eta bigarrenerako urratsa egin du Gernikak. Gaur jokatuko dute final-hamaseirenetako joaneko partida, Malosten, Hungariako Pecs taldearen aurka (20:00, ETB4). Hurrengo astean, berriz, Hungariara bidaiatuko dute. Lehen ligaxkan aurkari izan zuten Pecs, eta bi partidak galdu egin zituzten gernikarrek.
Horren inguruan galdetuta, Matarranzek adierazi du gogotsu daudela, eta errebantxa hartzeko prest. Izan ere, bi partidak oso estuak izan ziren. 63-66 galdu zuten etxean, eta 62-60 Pecsen pabiloian: «Bi partidak azken segundoan galdu genituen, haiek asmatu egin zutelako. Badakigu nola jokatzen duten, eta zer ahulgune eta indargune dituzten. Errespetu handia diegu, baina ezagutzen ditugu. Oso zaila da talde bati hiru aldiz irabaztea... Partida bizia izango da, eta emaitza estukoa». Hirugarrenean, agidanez esaera betetzen ahaleginduko dira gernikarrak. Oraingo honetan, zaleen bultzadarekin.
«Bi partidak azken segundoan galdu genituen, haiek asmatu egin zutelako. Errespetu handia diegu, baina ezagutzen ditugu»
ESTHER MATARRANZ Lointek Gernikako jokalaria
Izan ere, Eurokopan etxean jokatzekoa zuten azken partida Bulgarian jokatu behar izan zuten, Israelgo Elitzur Ramla taldea baitzuten aurkari. Hasieran, klubak adierazi zuen ez zutela jokatuko Israelgo taldearen aurka, baina atzera egin behar izan zuten, ekonomikoki eta kirol arloan ezar ziezazkieketen zigorrak tarteko. Azkenerako, herrialde neutro batean jokatu zituzten bi partidak: Bulgarian.
«Oso arraroa» izan zela onartu du Matarranzek. «Ez zuen benetako partida bat ematen. Entrenamendu baten parekoa zen ia. Gainera, neurketa bat ia bestearen atzetik jokatu genuen... Guk Malosten jokatu nahi genuen. Baina, bestalde, kezkatuta geunden egoerak zekarren ziurgabetasunarengatik. Bidaia ez zen erraza izan, astebete egon baikinen kanpoan. Baina, azkenean, halako gauzak ez daude gure esku».
Eurokopako lehenengo fasean, Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldea bigarren geratu zen bere multzoan: hiru partida irabazi zituen, eta beste horrenbeste galdu. Matarranzek nabarmendu du neurketa «zailak» izan zirela, ez baita erraza astean bi partida jokatzea. Apenas egoten den tarterik entrenatzeko eta hurrengo partida prestatzeko: «Taldean ez gaude hainbeste jokalari, eta nekea antzeman egiten da. Baina aukera izan dugu bigarren faserako sailkatzeko». Hemendik aurrera, partidaz partida helduko diote lehiari: «Ikusiko dugu noraino iristen garen. Gauza bat argi dut: onena emango dugu partida guztietan».
Gernikan, «gustura»
Eurokopan bezalaxe, ligan ere antzeman dute nekea. Azken neurketan 71-57 galdu zuten, Baxi Ferrolen aurka. Galiziako taldea aurkari zuzena da Espainiako Koparako sailkatzeko. Gernika 11. postuan dago sailkapenean, eta garaipen batera dauka zortzigarren sailkatua: Kopa lehen zortzi sailkatuek jokatzen dute. «Zorte txarra izan dugu lesioekin. Taldekide asko dabiltza arrastaka, akituta edo ondoezik jokatzen».
Partida asko jokatu behar izatearen ondorio da hori: «Azken bi asteak nahiko gogorrak izan dira, eta hori ezagun da emaitzetan. Gure onena ematen saiatzen garen arren, ez gara ibili beste boladaren batean bezain ondo». Hala eta guztiz ere, argi du partida bakoitzean arituko direla «borrokan», Koparako sailkatzea baitute «ilusio».
Urtea amaitu aurretik, Eurokopako bi partidez gain, ligako beste hiru jokatuko dituzte. Azkena IDK Euskotrenen aurkako derbia izango da. Matarranzek oraindik ez du derbirik jokatu Malosten. Irrikaz dago: «Ez dut esperientziarik, baina ez dut imajinatu ere egin nahi zer-nolako giroa egongo den. Partida guztiak jokatzeko gogoz gaude, eta derbia zer esanik ez». Gustuko du Malosten jokatzea. Haren hitzetan, zaleak oso gertukoak dira, eta energia hori «oso kutsakorra da».
Gustura bizi da Gernikan. Herria oso gustuko du, baita inguruko kostaldeko herriak ere: «Gernika oso herri lasaia da, eta polita aldi berean. Ingurua, paisaia, natura... sekulakoa da, eta gainera, hemen oso ondo jaten da. Kexarik ez dut!».