Loren, 2017ra arte

Realeko kirol zuzendariak beste bi urterako luzatu du lan hitzarmena Donostiako klubarekin.Aperribaik ilusioz hitz egin du geroari begira

Jokin Aperribai Realeko presidentea eta Lorenzo Juarros kirol zuzendaria. REALA.
jon eskudero
Donostia
2015eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Duela bi hilabete hala esan zuen Jokin Aperribai Realeko presidenteak: «Ez dut arrazoirik ikusten Loren taldetik kanporatzeko». Bada, albistea atzo baieztatu zuen Donostiako klubak. Lorenzo Juarros Loren Realeko kirol zuzendariaren kontratua 2017ko ekainaren 30era arte luzatu dute. «Haren kudeaketarekin, taldeak gora egin du nabarmen, nahiz eta sasoi honetan helburuak bete ez», adierazi zuen Aperribaik. Amaitu berri den sasoian salbu, Realak etengabeko gorakada izan duela nabarmendu zuen, eta Loren pieza garrantzitsua izan dela lan horretan. «Bigarren Mailatik Txapeldunen Ligara heldu ginen, eta ez da komeni sasoi eskas batengatik gauzak bere onetik ateratzea. Lorenek lan ona egin du. Orokorrean, balorazioa positiboa da».

Aperribairekin eskutik helduta joan izan da beti Loren. Egungo zuzendaritza lanean hasi bezain laster hartu zuen kirol zuzendari postua, orain sei urte eta erdi, eta, ordutik, denetik bizitzea egokitu izan zaio. Hastapenetan, harrobiari garrantzi handia eman zion, Reala bera larri zegoelako diru aldetik, eta erabakiak funtzionatu zuen. Lehen Mailara igotzeaz gain, Europarako ere bi urtean sailkatu baitzen taldea. Ordea, kritikak ere entzun behar izan ditu. Aurtengo denboraldian, batez ere. Reala berriro Europarako sailkatzeko diseinaturik zegoela aitortu zuen, baina helburu horietatik urrun ibili da taldea. Fitxaketekin ez du asmatu.

David Moyesen etorrera tarteko, bazirudien kolokan egon zitekeela Lorenen postua. Besteak beste, entrenatzaile eskoziarrak parte hartu ohi baitu fitxaketen estrategian. Dena den, Loren kanporatzeko motiborik ez zegoen, Aperribairen esanetan, eta orain elkarlanak garrantzia izango duela uste du. «Fitxaketak egiterakoan denon artean hartuko ditugu erabakiak. Harrobia zaindu nahi dugu. Pazientzia eskatzen dut».

Eñautek ez du jarraituko

Bada, Realean ez dute jarraituko Eñautek eta Estradak. Biei eskerrak eman zizkien Aperribaik. Ifran eta Cadamuro ere ez dira Realera itzuliko. Gorka Elustondok denbora eskatu du taldean jarraituko duen pentsatzeko, eta Raul Navas —Eibarren utzita zegoen— Realean ariko da. Gero Rulli atezainak sinatu du taldean jarraitzeko kontratua, eta CD Maldonadok paperak bidaltzea falta da. Jon Ansotegik astelehenean berritu zuen kontratua, eta horretarako, hizketan ari dira Aritz Elustondo eta Herviasekin.

Bestalde, Zubietan kirol instalazioetan lanak egingo ditu Realak datozen bizpahiru urtetan. Zelaiak hobetuko ditu, eta Gaindituko azpiegiturak ere bai. Zubietak zazpi zelai izango ditu arauzko neurriekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.