Loren: «Pozik eta ilusioarekin gaude osatu dugun taldearekin»

Realeko kirolburuak jakinarazi du klubak 1,2 milioi euro jasoko dituela Arteta Arsenalera joan delako

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Realak ez du egin azken orduko fitxaketarik. Hori bai, talde txuri-urdineko ordezkariak azken ordura arte egon ziren zain herenegun ea begiz jota zuten aurrelariren bat bereganatu zezaketen. Azkenean, baina, ez zen egon azken orduko pagotxarik. Beraz, Joseba Llorente, Imanol Agirretxe, Diego Ifran eta Carlos Vela izango dira lehen taldeko aurrelariak.

Aurrelaririk fitxatu ez arren, Realeko ordezkariak konforme daude osatutako taldearekin. «Pozik eta ilusioarekin gaude osatu dugun taldearekin», esan zuen atzo Lorenzo Juarros, Loren kirol zuzendariak. Lorenek aitortu zuen «azken ordura arte» egon zirela zain aurrelariren bat fitxatzeko, baina ez zirela horrekin «itsutu». «Batzuk gertuago egon dira, eta beste batzuk urrutiago. Baina azkenean ez dugu inor fitxatu». Halere, «lasai» daude. «Erabateko konfiantza dugu egun taldean dauden aurrelariengan, baita Joseba Llorenteren osaketan ere. Ziur naiz Joseba [Llorente] betikoa izango dela berriro ere».

Realak ez du inor erosi jokalariak fitxatzeko epea amaitu aurreko orduetan, ezta inor saldu ere. Toño Ramirez atezaina Xerezera utzita joateko zorian egon zen, baina azkenean ez zen gauzatu operazioa. «Ez da egoerarik aproposena, baina gauzak horrela gertatu dira. Hiru atezain ditugu, eta entrenatzaileak erabaki beharko du nork jokatuko duen. Abendura arte itxaron beharko dugu ea zer gertatzen den, baina oraingoz atezaina ondo zainduta dago». Halaber, Lorenek jakinarazi zuen «eskaintzak» jaso dituztela taldeko zenbait jokalari gazterengatik.

'Oparia' Ingalaterratik

Jokalariak fitxtzeko azken egunak, baina, ekarri du berri onik Realarentzat. Mikel Arteta talde jokalari ohiak Everton utzi du, Arsenalekin sinatzeko. Liverpoolgo taldeak hamabi milioi euro inguru jasoko ditu, eta kopuru horretako %10 inguru (1,2 milioi euro inguru) Realarentzat izango da, 2005ean donostiarrek Evertoni jokalaria saldu ziotenean etorkizunean hura salduz gero, diru kopuru bat jasotzea onartu baitzuen Ingalaterrako taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.