Lorenzok eman du lehen kolpea

Kataluniarrak 'pole'-a lortu du MotoGPn, Jerezen; Debon izan da azkarrena 250 cc-koan, eta Simon 125 cc-koan

2009ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Jorge Lorenzok (Yamaha) denboraldi honetan lehen aldiz lortu zuen pole-a, atzo, Jerezen, Espainiako Sari Nagusiko MotoGP mailan. Horrenbestez lehen postutik abiatuko da gaur, Munduko Txapelketako hirugarren lasterketan. Kataluniarrak sendo hasi du sasoia. Japoniako Sari Nagusian irabazi egin zuen, Valentino Rossi (Yamaha) eta Dani Pedrosaren (Honda) aurretik. Gainera, gidarien sailkapen nagusiko lehen postuan dago 41 punturekin. Hori bai, oso gertu ditu Rossi (40 puntu) eta Casey Stoner australiarra (Ducati), 38 punturekin.

Pedrosa haren herrikidea sailkatu zen bigarren atzo. Hondako gidaria izan zen pole-a garestien jarri ziona. Biak izan ziren 1.39ko muga hautsi zuten bakarrak, eta borroka bizia izan zuten euren artean. Stoner hirugarren postutik abiatuko da gaur. Australiako pilotuak arazo teknikoak izan zituen bere motorrarekin jardunaldi hasieran, eta puntua aurkitu arte ezin izan zituen marka onak ezarri. Rossi izan zen lehen entrenamendu saioan azkarrena, eta atzo pole-a eskuratzeko hautagai sendoa zen. Baina Italiako pilotuak lehen eguneko denbora berak errepikatu zituen eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Randy de Puniet frantziarra (Honda) bosgarren postutik abiatuko da, Loris Capirossi italiarra (Suzuki) seigarren postutik, Colin Edwards estatubatuarra (Yamaha) zazpigarren postutik, Andrea Dovizioso italiarra (Honda) zortzigarren postutik, Toni Elias kataluniarra (Honda) bederatzigarren postutik eta eta Chris Vermeulen australiarra (Suzuki) hamargarren postutik.

250 cc-ko proban, berriz, Alex Debon kataluniarra (Aprilia) aterako da aurreneko postutik atzo denborarik onena egin ostean. Pilotuek entrenamendu saio bakarra izan zuten. Debonek behetik gora egin zuen. Hasieran hotz samar aritu zen, baina azken minutuetan gora egin zuen, eta pole-a eskuratu zuen. Marco Simoncelli italiarra (Gilera) eta Hiroshi Aoyama japoniarra (Honda) izan ziren hasieran indartsuenak. Simoncellik asko arriskatu zuen, eta hiru aldiz erori zen. Halere, ez zuen minik hartu. Azken minutuetan, hala ere, sailkapena irauli egin zen, eta Hector Barbera kataluniarrak (Aprilia) Simoncelliri hartu zion aurre eta bigarren denbora onena lortu zuen.

Vazquez, hamabosgarren

Azkenik, 125 cc-koan, Julian Simon espainiarrak (Aprilia) lortu zuen pole-a eta aurreneko postutik aterako da gaur. Gidari gehienek ezin izan zituzten arratsaldean goizez ezarritako markak hobetu, haizeak gogor jo baitzuen Jerezen (Espainia). Simon eroso aritu zen egun osoan, eta motorrak ongi erantzun zion une oro. Bradley Smith britainiarra (Aprilia) izango du ondoan, atzo bigarren denborarik onena ezarri baitzuen. Andrea Iannone italiarra (Aprilia) eta Marc Marquez espainiarra (KTM) izango dira gaur lehen lerroan haiekin batera. Efren Vazquez bilbotarra (Derbi), berriz, laugarren lerrotik irtengo da gaur, atzo hamabosgarren denborarik onena egin eta gero. Emaitza ona da, Vazquezek Munduko Txapelketan parte hartu duen 29 lasterketako sailkapenetan lortu duen posturik onena berdindu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.