Luis Miguel Ramis da Osasunako entrenatzaile berria. Gaur goizean eman du klubak horren berri, eta arratsaldean aurkeztu dute. Ideiak argi dituela azaldu da Sadarreko prentsa aretoan. «Ilusio handiz gatoz, gauzak ondo egiteko gogoz, eta lehen egunetik ditugun ideiak transmititzeko irrikaz. Multzoaren talde izaera indartu nahi dugu. Ardura handiz hartzen dugu erronka hau, eta pasioz egingo dugu lan. Jokalariek ideiak argi izatea izango da gure lehen helburua».
Azken denboraldian Bigarren Mailan aritu da entrenatzen, Burgosen. Ramis bere entrenatzaile multzoarekin batera iritsiko da: Jose Manuel Gil eta Iban Maroño entrenatzaile laguntzaileak, Miguel Angel Fernandez prestatzaile fisikoa eta Jose Fajardo analista. Bi urterako sinatu du. Liscik ez zuela jarraituko jakin zenetik, zenbait entrenatzaile aipatu dira Osasuna zuzentzeko. Carles Martinez izan zen aurrenekoa. Baina Okzitaniako Tolosako taldea utzi ondoren, Bayer Leverkusenek fitxatu du. Jose Bordalasen aukera ere hor egon da. Ezusterik ezean, ordea, datozen orduetan Getaferekin luzatuko du kontratua.
Azkenerako, Braulio Vazquez kirol zuzendariak Bigarren Mailako entrenatzaileen merkatuari erreparatu dio, eta Ramisen alde egin du. Lehen esperientzia du Lehen Mailan, baina hamar urte daramatza Bigarren Mailan entrenatzen. Real Madrilen, Almerian, Albaceten, Tenerifen, Espanyolen eta Burgosen entrenatu du. Burgosekin denboraldi bikaina egin du, Espainiako talde hori Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzear egon baita.
Braulio Vazquez kirol zuzendaria izan du alboan aurkezpenean Ramisek, eta hura izan da hitza hartzen aurrena. Haren ustez, Ramis eta haren lantaldea dira egokienak aurreko denboraldi amaiera gogorraren ostean taldeari behar duen bultzada emateko: «Argi dago azken denboraldian bikain aritu dela Burgosen, baina haren ibilbide osoa nabarmendu nahiko nuke. Haren ezaugarrien artean bat aipatuko dut guztien gainetik: nolako gaitasuna daukan bere jokalari multzora egokitzeko. Egon den klub guztietan erakutsi du hori. Horrekin batera, uste dut adin egokia eta eskarmentu nahikoa dituela gurea bezalako proiektu bat gidatzeko. Bi urterako sinatu du, baina espero dugu gehiagorako izatea».
Eskertuta mintzatu da Ramis Osasunak eman dion aukeragatik, eta azaldu du iragan astean lotu zutela akordioa. «Bilera bat egin genuen norberaren iritziak elkarri kontatzeko. Dena ondo joan zen, eta gaur hemen gaude». Jagoba Arrasate aipatuz hasi du hizketaldia: «Klub honetan erreferente bat izan da, eta niretzat ere bai. Asko erreparatu diot haren jardunari beti, eta ziur nago baliagarria izango zaidala». Lehen esperientzia du Lehen Mailan, baina horrek ez du kezkatzen: «Hamar urte daramatzat futbol profesionalean entrenatzen, eta ondo ezagutzen dut mundu hau. Une egokian iritsi zaigu aukera hau, bai niri, bai nire lantaldeari. Toki egokian gaude. Orain, atseden egun batzuk hartu, eta bete-betean ekingo diogu sasoiari».
Nolako Osasuna nahi duen azaldu du: «Oroz gain, bere buruari asko eskatuko dion eta arima izango duen talde bat izan nahi dugu, horixe eskatu baitute beti Sadarreko zaleek. Zaleak harro egotea nahi dugu, eta gozatzea. Denboraldiko une guztiak aprobetxatu nahi ditugu, entrenamendu eta partida bakoitza. Izan ere, hala ez egiteak ondorioak ditu emaitzetan. Onena atera nahi dugu jokalari bakoitzarengandik, hori da gure lana. Zintzoak eta argiak izango gara ematen dizkiegun mezuetan».
Talde «orekatua»
Jokoari dagokionez, «talde orekatu bat» izan dadin saiatuko da: «Jokoaren fase guztiei garrantzia emango diona. Indarra talde jokoan jarriko dugu. Heldutasuna duen multzo bat izatea nahi dugu». Burgos Bigarren Mailan gol gutxien sartu dioten taldea izan da denboraldi honetan. Defentsari lehentasuna emango dion galdetuta, hauxe izan da erantzuna: «Gol gutxi sartzen badizkigute, seinale ona izango da. Baina zera utzi nahi dut argi: ez dugu talde defentsibo bat izan nahi, baina bai defentsan ondo jarduten duen talde bat». Burgosen bi aurrelarirekin jokatu izan du behin baino gehiagotan, baina ez du zehaztu kasu honetan ere hala egingo duen: «Goiz da hori esateko. Argi dago ditugun aurrelariak maila handikoak direla».
«Zera utzi nahi dut argi: ez dugu talde defentsibo bat izan nahi, baina bai defentsan ondo jarduten duen talde bat. Indarra talde jokoan jarriko dugu»
LUIS MIGUEL RAMIS Osasunako entrenatzailea
Fitxaketak egingo dituzten arren, gustura dago duen jokalari multzoarekin: «Egitura argi dugu, baina oraindik ez dugu fitxaketez hitz egin. Argi duguna da taldeak jada talentu handia duela, eta multzoa egokia dela buruan dugu jokatzeko modua gauzatu ahal izateko. Lortzen saiatuko garen beste gauzetako bat zera da: postu guztietan lehia egotea». Euren egitekoa zein den argi du: «Jokalariei erreminta egokiak eman nahi dizkiegu, partidetan izango diren egoera askotarikoetan ondo erantzun dezaten. Sinetsi egin behar dute gure ideian, eta hortik abiatuta haziz joan».
Sadarren talde indartsua izan da Osasuna, baina etxetik kanpo zailtasunak izan ditu puntuak lortzeko. Horrek, dena den, ez du kezkatzen: «Kanpoan ere etxean egiten dugun lan bera egin dezakegula sinetsi behar dugu, eta horri segida eman. Buruak garrantzi handia du horretan, eta posible da. Ziurrenik hori izan da taldeak azken denboraldietan izan dituen gabezietako bat». Harrobiari dagokionez, hauxe esan du: «Adi egongo gara; harrobietan lan egindakoa naiz. Baina, oraintxe, lehen taldean ditugun jokalariak izango dira oinarria».
Ez du helburuez hitz egin nahi izan: «Zuhurra izan nahi dut, eta prozesuari errespetua izan. Beraz, lehen helburua aurreneko partidara taldeak ideiak argi dituela iristea izango da, eta lehiatzeko prest egotea. Lehen entrenamendutik hori izango da helburua».