Talderik ahaltsuenen aurka, gogotik lan egiteak ez du zertan arrakasta ekarri. Gaur, Alavesek bere larruan bizi izan du hori. Atletico Madril etorri zaio bisitan, eta, hari lanak eman dizkion arren, saririk gabe geratu da azkenean. Sendo jardun du, bai 11 jokalarirekin, baita Angel Perezek txartel gorria ikusi ostean ere. Duin eutsi dio Atleticoren setioari. Eta ez hori bakarrik: partida azken txanpan zela, eta banako markagailuarekin, Mariano arabarrei garaipena ematear izan da. Ez du asmatu; bai, ordea, Cristian Romerok, pare bat minutu geroago. Helmuga begi-bistan zuela, estropezu egin du Alavesek.
Ohiko hamaikakoa erabili dute gasteiztarrek, bai sistema aldetik –bost atzelarirekin, hiru erdilarirekin eta bi aurrelarirekin aritu da– eta baita jokalariei dagokienez ere. Ville Koskiren hutsunea izan da salbuespen bakarra. Finlandiarrak bere tokia egin du deialdian, baina, arazo fisikoak izan dituenez, aulkian utzi du Quique Sanchez Flores entrenatzaileak, hasieran bederen. Angel Perezi, berriz, titular izateko aukera eman dio, azken partidan ordezko gisa erabili ondoren. Hegalekoak arrapaladan hasi du neurketa: bi jaurtiketa egin ditu bosgarren minutua betetzerako.
Alaves lotsarik gabe zelairatu da, baina bere zelaian ezkutatzera egin du pixkanaka, Atletico baloiaren jabe bihurtu ahala. Bere ate inguruan, dena den, gauza gutxi gertatu da lehen ordu erdian. Gehienbat, ezker hegaletik jaso dituen erdiraketen sufritu dute arabarrek. Atleticoren lehen golak, ordea, beste aldean izan du sorburua, 33. minutuan. Jokaldi dotorea egin dute Lookman, David eta Grimaldoren artean, eta azken horrek zartako batez gainditu du Sivera. Kolpeak durduzatu egin du Alaves, eta, jarraian, Grimaldo 0-2koa egitear izan da, areaz kanpotik jaurti ondoren.
Atsedena ate joka zela, bere onera etorri dira arabarrak. Lehenik, Oblaken huts bat baliatzear izan dira, Angel Perezen eskutik, eta, segidan, haien aldeko penaltia adierazi du epaileak, VARarekin solasaldi luzea izan eta gero. Le Normandek lurrera bota du Toni Martinez, argi eta garbi. Eta Boyek odol hotzez gainditu du Oblak, atezainaren mugimendua ondo irakurrita. Aldageletara irribarretsu joan dira Sanchez Floresek zuzendutako jokalariak.
Falta gogorrak, zigorra
Atleticok amorrazioz hasi du bigarren zatia. Simeonek Baena eta Julian Alvarez zelairatu ditu atsedenaren ondoren, Alaves are estuago hartu nahian. Etxekoek beren area inguruan gotortzea hobetsi dute; zer esanik ez Angel Perezek txartel gorria ikusi eta gero. Sarrera gogorra egin dio Juliani, eta, errepikapena ikusi ostean, epaileak aldagelara bidali du Alaveseko jokalaria. Kexu zen hura, Lookmanek lehen zatian antzeko falta bat egin diola esanaz. Zigor bikoitza jasotzear izan da Alaves, Julianen falta jaurtiketak zutoina jo baitu.
Egoera berrira egokitzeko, Sanchez Floresek eskema taktikoa aldatu du: 4-4-1 egituran antolatu ditu jokalariak. Boye eta Toni Martinez kendu, eta Mariano Diaz ipini du puntaren puntan. Bada, dominikarra Mendizorrotzan lurrikara eragitear izan da 84. minutuan. Hanckori bikain egin dio izkin area ertzean, keinu dotore batez. Ordea, Oblaken aurrera iritsita, tokitara bidali du baloia. Eta hiru minutu geroago jaso du Alavesek bigarren gola. Baenak erdiraketa zehatza egin du oinaren kanpoko aldearekin, Sivera erdibidean geratu da, eta Romero bigarren zutoinean agertu, atzelariak ezustean harrapatuta. Krisi hitza aipatzeko goizegi da, baina azken lau partidetan puntu bakarra lortu du Alavesek.