ITALIAKO GIROA

Maglia bai, etapa ez

Erlojupekoan lan ona eginda, Primoz Roglicek jantzi du maglia arrosa Italiako Giroan. Joshua Tarlingek irabazi du etapa, saioaren bigarren zatian indar erakustaldia egin baitu: 16:07.

Primoz Roglic, Tiranan, maglia arrosa jantzi berritan. GEORGI LICOVSKI / EFE
Primoz Roglic, Tiranan, maglia arrosa jantzi berritan. GEORGI LICOVSKI / EFE
jon eskudero
2025eko maiatzaren 10a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lehenengo aukeran mahai gainean kolpea jo du Primoz Roglicek (Bora) Italiako Giroan. Kolpe psikologikoa, aurkari zuzenentzat batez ere. Besteak beste, tropeleko txirrindulariak Albaniako lurretan aritu dira erlojuaren aurka, bigarren etapan. Tirana inguruan 13,7 kilometroko saio laburra egin behar izan dute, eta Roglicek maglia arrosa janztea lortu du, etapak ihes egin badio ere: Joshua Tarlingek (INEOS) egin du denborarik onena. Azken kilometrora arte joko polita eta emozioz betea izan du Mads Padersenekin (Lidl), baina azken horrek ezin izan dio Roglicek erritmoari eutsi, eta, azkenean, esloveniarrak kendu dio lidergoa. Lan erdietan Roglicek berak ezarri du denborarik onena, baina bigarren zatian behera egin du, eta helburua erdizka lortu du azkenean: maglia bai, baina etapa ez.

Etapa Tarlingen eskuetara joan da, ongi merezita. Erlojuaren aurka espezialista izaki, Giroak aurten dituen bi erlojupekoak irabaztea zuen xede txirrindulari britainiarrak, eta estreinako aukeran ez du hutsik egin. Luzaroan agindu du sailkapenean bere denborak, goiz atera baita, eta lasterketako izarrek bazekiten bikain egin beharko zutela lan denbora hori ontzeko. Bada, inork ez du gaitasunik izan. Indarrak ezin hobeki kudeatu ditu garaileak. Lehenengo erdian ez du zeukan guztia eman, baina behin etapako muino bakarra gainditu duenean, indarrak hustea erabaki du, eta bikain atera zaio apustua. «Esan didate Giroak inoiz izan duen garailerik gazteena naizela, eta oso gustura eta harro nago», adierazi du.

Itzuli handi batean lehenengo garaipena lortu du Tarlingek. 21 urte besterik ez du, eta ziklismoaren belaunaldi berriaren beste adibideetako bat da. Orain arte bakarka lortuak zituen emaitzarik onenak; besteak beste, duela bi urte Europako txapeldun izan zen erlojupekoan. Hots, Giroan lortutako hau du bere garaipen zerrendan lorpenik garrantzitsuena. Ondo bidean, gehiago ere lortuko ditu, erakustaldia eman baitu bizikleta gainean. 1,94 zentimetro da luze, eta garapen luzeetan ongi moldatu ohi da. Ezaugarri horiek denak berretsi egin ditu hasi eta buka. Gaurkoa zortzigarren garaipena du txirrindularitza profesionalean, denak erlojuaren kontra; aurten, esaterako, Tadej Pogacar garaitu du, Arabiar Emirerri Batuetako itzulian.

Gaztea izanagatik, aditu askok Tarling bera jotzen zuten faborito etapa irabazteko, eta hori lortzeko izen handiak gainditu behar izan ditu britainiarrak. Apurka-apurka tropeleko oilarrak irteeratik ateratzen hasi dira, baina inork ez du garailearen denborarik ondu. Beste askoren artean Juan Ayusok (UAE) bereganatu ditu begiradak, baina ez du aurrez esperotako mailarik erakutsi. Hamazazpi segundo galdu ditu helmugan. Are eskasagoa izan da Wout Van Aerten lana (Visma). Bere ibilbideko erlojupekorik eskasena osatu du, eta azkenean 39 segundoko atzerapena izan du. Trakets ibili da bizikletaren gainean, ezinean, eta ez du sentsazio onik erakutsi. Horiek hala, aurreikuspenen arabera Roglicek soilik gaindi zezakeen Tarlingen denbora.

Zirrara lidergoari begira

Lan duina osatu du Roglicek, baina ez zaio aski izan etapa lortzeko. Dena den, lasterketa amaitu bitarte jokoan izan du maglia arrosa, eta horrek eman dio zirrara bigarren etapari. Padersenek sekulako erlojupekoa egin du, eta azken kilometrora arte bere eskuetan izan du lidergoari eustea. Hamar segundoren aldea zuen Roglicekiko, eta helmugan esprinta jota ahaleginak eta bi egin ditu maglia arrosari eusten. Azkenean, indarrik gabe gelditu da, eta esloveniarrak jantzi du desiratutako maillota.

Euskal ziklistetan onena Xabier Mikel Azparren (Q36.5) izan da, 24. postuan helmugaratuta. Bihar hirugarren etapa izango du Giroak, eta Albaniako azkena izango da. Mendate gogor bat gainditu beharko du tropelak, baina badirudi esprinterrentzat egun aproposa izan daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.