Maialen Chourraut izan da nagusi Munduko Kopako lehen bi probetan

Olinpiar Jokoetan dominen lehian arituko dela erakutsi du lasartearrak, munduko onenak gaindituta

Donostia
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Maialen Chourraut piraguista lasartearrak irabazi ditu Munduko Kopako lehen bi probak. Joan den astean Cardiffen lortutako garaipenari Pauekoa gehitu dio igande honetan, ur bizietako eslalom-eko K1 modalitatean. Olinpiar Jokoetarako denbora gutxi falta denean, sasoi onean dabilela erakutsi du, Londresen aurkari izango dituenak mendean hartuta.

Paueko txapelketari ez zion ondo ekin. Sailkapen saioetan azkeneraino ez zuen lortu finalerdietara pasatzea, lehen jaitsieran kaskar aritu baitzen. Hala ere, hirugarren denbora onenarekin iritsi zen finalera.

Hazita zebiltzan etxeko jarraitzaileak, beste lau modalitateetan nagusi izan baitziren frantziarrak. Emakumezkoen K1-ean ere, finalerdietan Emilie Fer frantziarra izan zen denbora onenaren jabe. Baina, taldekideen eta gertukoen animoekin, finalean saio bikaina egin zuen Chourrautek, eta lehenengo postuan jarri zen, bi parte hartzaile baino falta ez zirela. Kale egin zuen Ursa Kragelj esloveniarrak, baita Ferrek ere, estadioa mutu utzita.

Londresko Olinpiar Jokoetarako hilabete eta erdi falta denean,munduko onenen aurrean garaipen handia lortu du Chourrautek: «Sinetsi ezinda nabil; izugarria da jarraian Munduko Kopako bi proba irabaztea». Hamar bat piraguista ikusten ditu Londresen dominen lehian aritzeko, eta «horien artean» dago bera ere.

Ander Elosegi, zortzigarren

Oro har, emaitza onak lortu zituzten euskal piraguistek Pauen. Cardiffen bezala, finalerako sailkatu zen Ander Elosegi, eta zortzigarren postua eskuratu zuen C1-ean. Modalitate berean, finalean sartzeko zorian izan zen Jon Erguin, hamaikagarren.

Txapelketa ona egin zuen Irati Goikoetxeak ere (K1), baina finaletik kanpo geratu zen, hogeigarren postuan. Joan Crespok, aldiz, ez zuen bere mailarik onena erakutsi, eta 31. izan zen.

Aste honetan izango da Munduko Kopako hirugarren proba, La Seu d'Urgellen (Katalunia). Bertan entrenatzen dira euskal piraguista gehienak, eta emaitza onak lortu nahiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.