Futbola

Maiatzaren 8an izango dira Athleticeko presidentetzarako hauteskundeak

Martxoaren 29an egingo dute hauteskunde deialdia, eta balizko hautagaiek apirilaren 18ra arte izango dute aurkeztu ahal izateko bazkideen gutxieneko bermea jasotzeko aukera. Uriartek berretsi du aurkeztu egingo dela.

Jon Uriarte Athleticeko presidentea, gaurko agerraldia hasi aurretik. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jon Uriarte Athleticeko presidentea, gaurko agerraldia hasi aurretik. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 24a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzaren 8an. Egun horretan izango dira Athleticen presidentetzarako hauteskundeak. Hala iragarri du Jon Uriartek, egungo presidenteak. Jardunaldi horretan Athleticek Valentziaren aurka jokatuko du San Mamesen. «Egunik egokiena horixe dela uste dugu, hartara presidente berriak aukera izango duelako denboraldi berriari begira lan egiteko eta erabakiak hartzeko. Ekainean egitea beranduegi zela iruditzen zitzaigun. Gainera, beste hautagaietako batek aurkeztu nahi badu, denbora du horretarako». Uriartek duela hilabete batzuk jakinarazi zuen aurkeztu egingo dela, eta hala berretsi du gaur ere. 

Azalpenak ematen hasi aurretik, Uriartek esker hitzak izan ditu Ernesto Valverderentzat. Talde zuri-gorriko entrenatzaileak iragan ostiralean iragarri zuen datorren denboraldian ez duela aulkian jarraituko. Hala, hirugarren aroa amaituko du Athleticen: «Ernestok azken lau urteetan egin duen lana zoragarria izan da, aurreko bi aldietan egin zuen moduan. Haren eskutik Kopa bat irabazi dugu, Europa ligako finalerdietara iritsi gara, eta Txapeldunen Liga jokatu dugu. Gainera, izugarri gozatu dugu taldeak egin duen jokoarekin. Uste dut klubaren aro modernoko entrenatzaile garrantzitsuenetakoa dela. Ziurrenik, garrantzitsuena. Horrez gain, pertsona zoragarria da, klubaren interesak beste edozeren gainetik jarri ditu, eta Athleticek dituen balioak primeran ordezkatu ditu. Plazera eta ohorea izan da lau urtez harekin buruz buru lan egitea».

«Egunik egokiena horixe dela uste dugu, hartara presidente berriak aukera izango duelako denboraldi berriari begira lan egiteko eta erabakiak hartzeko. Ekainean egitea beranduegi zela iruditzen zitzaigun»

JON URIARTE  Athleticeko presidentea

Hala, bi aldeentzat erabakia hartzea «zaila» izan dela onartu du: «Halako pertsona bat ordezkatzea erronka handia da. Baina halako gauzak gertatzen dira, eta aurre egin behar zaie. Ziur nago etorriko den entrenatzaileak lan bikaina egingo duela». Valverderen hitzak kontuan hartuta, Uriarte ere denboraldiaren azken txanpari begira jarri da: «Bederatzi partida geratzen zaizkigu, eta hor jarri behar dugu arreta. Asko dugu irabazteko. Denboraldia gorabeheratsua izan da, baina baikor nago, eta uste dut partidaz partida joanda Europarako sailkatzeko helburua bete dezakegula».

Hitz horiek esan eta gero, azalpenak ematen hasi da hauteskunde prozesuaren inguruan. Martxoaren 29an hauteskundeen deialdi ofiziala argitaratuko dute. Hortik aurrera, hautagai izan nahi dutenek aurkeztu ahal izateko bazkideen bermeak jaso beharko dituzte. Apirilaren 18ko 18:00ak arte izango dute horretarako epea. Halaber, apirilaren 9tik 18ra bitarte hautagaitzak formalki eta osorik aurkeztu beharko dira. Apirilaren 23an hauteskunde batzordeak baldintzak betetzen dituzten hautagaien zerrendak jakinaraziko ditu. Hautagaitza bat baino gehiago baldin badago, hauteskundeak maiatzaren 8an egingo dira: «Data guztiek dituzte alde onak eta txarrak. Baina nik urrian jakinarazi nuen denboraldi amaieran izango zirela. Gainera, esan bezala, maiatzean izanda, kirol plangintza on bat egin daiteke. Erabaki asko hartu behar dira, eta ekainean egitea astakeria litzateke. Are gehiago hautagai gehiago badaude».

Iragan astean Uriartek salaketa jarri zuen, mehatxuak eta irainak jaso zituelako, baina nabarmendu du tinko eusten diola aurkezteko erabakiari: «Ez da egoera xamurra, eta argi dago pertsonalki eragin egiten dizula. Baina nire egunerokoa ez da aldatu, eta argi izan dut aurkeztu egingo naizela. Indarra eman dit hori egiteko». Oraingoz bera da hautagai bakarra: «Ez dakit hautagaitza gehiago egongo diren. Klubarentzat hauteskundeak egitea ona litzatekeela uste dut, batez ere bazkideei aukera ematen dielako klubaren etorkizuna erabakitzeko. Bestalde, aurkezten garenok gure onena ematera behartzen gaitu. Ona da, giroa nahasten ez bada. Ez egiteak, berriz, berresten du orain egiten ari den lana ona dela». 

Uriartek uste du lau urte hauetan «oso lan ona» egin dutela. «Bazkideek ere hala uste dutela iruditzen zaigu, eta uste dugu hauteskundeak egonez gero berme bat izango dela guretzat. Athletic osasuntsu eta indartsu dago, bai kirol ikuspegitik eta bai ekonomikoki. Sozialki ere egoera oso ona da. Etorkizuneko erronkei heltzeko prest dago». Espero bezala, ez du jakinarazi bera presidente izanez gero nor izango den entrenatzailea: «Erabaki hori behin hautagaitzak berrestean jakinaraziko dut. Baina beti aritu gara lanean, Ernestok denboraldiero azken txanpan ematen zigulako bere etorkizuneko asmoen berri. Kirol egituraren eta egitasmoaren berri ere orduan emango dut». Baina Mikel Gonzalez kirol zuzendariak egin duen «lan ona» nabarmendu du. «Oso pozik nago gurekin lan egin duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!