Zer pentsatua ematen duten garaipen horietakoa eskuratu du gaur Athleticek, Malagan (Espainia). Lehen zatian distiratsu jokatu ondoren, partida ongi bideratuta ez ezik, ia erabakita ere izan dute zuri-gorriek: 1-4 iritsi dira aurretik atsedenaldira. Emaitza aldetik bakarrik ez, jokoan ere askoz gehiago izan da Edin Terzicek zuzentzen duen taldea. Haatik, lotsagarri geratzear izan da bigarren zatian. Oso lasai zelairatu dira jokalariak, jarreraz oso desegoki, eta garesti ordaintzeko zorian ibili dira. Etxekoek bi gol sartu dituzte —lehenengoan bat sartua zuten jada—, eta partida launa berdintzeko ere ez dute asko falta izan, luzapenean zutoinera bidali baitute baloia. Iparra galduta ibili da Athletic, noraezean, eta epailearen azken txistua ez du nahi ordurako entzun. Azkenean bai, hiru puntu eskuratu ditu, baina ezer handirik ospatzeko arrazoirik gabe, behar baino askoz gehiago sufrituta lortu baitu irabaztea.
Teknikari alemaniarrak espero baino aldaketa gutxiago egin ditu hasierako hamaikakoan. Joan den asteko multzoari eutsi dio, baina zelai erdian bi jokalariak aldatu: Ruiz de Galarretak eta Gerenabarrenak jokatu dute hasieratik. Lehen bost minutuetan nagusi izan da Malaga, erritmo itogarria ezarri baitu. Aukera on bat ere izan du aurrea hartzeko. Hori bai, su hori itzali ondotik, nahierara jokatu du Athleticek. Gustagarri aritu da. Batez ere, Nico Williamsek eraman du arriskua aurkariaren areara, ezker hegaletik. Bereak eta bi egin ditu, eta zuri-gorriek hamaika aukera izan dute gola egiteko. Ohi bezala, ate aurrean antzu ibili dira lehen 25 minutuetan. Azkenean, Sancetek sartu du 0-1ekoa, 26. minutuan. Williams anaietan gazteenak pase dotorea eman dio, eta baloia sareetara bultzatu beste lanik ez du izan nafarrak.
Golak ez du lehiaren gidoia aldatu, eta Terzicek zuzenduriko taldeak bere horretan jarraitu du. Gainera, ausardia lagun, konfiantza irabazi du erasoan. Jokaldi onak josi ditu, eta gisa horretan heldu da arratseko bigarren gola. Ruiz de Galarretaren erdiraketa buruz jota, Sancetek langara bidali du baloia, baina aldaratzean behar zen tokian agertu da Berenguer; hala, 0-2koa sartu du 34. minutuan. Sasoiko bosgarren gola egin du aurrelariak. Hortik aurrera, eromena izan da nagusi. Malaga hondoa jota agertu da, baina Unai Simonek egindako oparia ez du alferrik galdu. Atezainak etxeko jokalari bati eman dio baloia nahi gabe, eta Cajustek 1-2koa sartu. Hori bai, bilbotarrek beste bi gol sartu dituzte atsedenaldiaren aurretik: Nico Williamsek eta Hugo Rinconek.
Laporte, galduta
Biribila bezain ederra izan da Athleticek lehen zatian egindakoa, eta, gainera, Malagako jokalariak txistu hots artean joan dira atsedenaldira. Hortaz, nekez pentsa zitekeen arriskua zegoenik partidak beste bide bat hartzeko. Bada, halaxe izan da. Bigarren zatian erlaxatuta zelairatu dira zuri-gorriak, eta aurkariak berehala sartu du 2-4koa. Adrian Niñok, hain zuzen ere. Athletic urduritu egin da, eta ez da gauza izan hiruzpalau pase jarraian emateko. Ezta kontraerasoan ateratzeko ere. Behetik gora egin du etxeko taldeak, eta bere aukeretan sinetsi.
Terzic etxekoen joko erauntsia eteten saiatu da zuhaitza astinduta, baina aldaketek ez diote nahi bezalako fruiturik eman. Prados eta Rego zelairatu dira zelai erdia indartzeko, baina alferrik. Etengabe sufritzen ibili dira bilbotarrak, eta Laporteren hutsegitea izan da errematea. Atzelariak huts egin du Unai Simoni baloia ematen saiatzean; orduan, Adrian Niño agertu da berriz, eta 3-4koa sartu du. Azkenean, hortzak ederki estututa, urrezko hiru puntu lortu dituzte zuri-gorriek, baina badute zer hausnartua eta hobetua.
MALAGA-ATHLETIC
Malaga. Herrero; Pura, Murillo, Recio, Salinas (Chupe, 46. min); Izan Merino (Enriquez, 66. min), Lorenzo (Pablo Martinez, 46. min); Larrubia, Joaquin Muñoz (Juan Cruz, 76. min), Cajuste (Rafa, 72. min) eta Adrian Niño.
Athletic. Unai Simon; Hugo Rincon, Paredes, Laporte, Yuri (Johanneko, 87. min); Gerenabarrena (Prados, 72. min), Ruiz de Galarreta (Canales, 46. min); Berenguer (Rego, 72. min), Sancet (Robert Navarro, 61. min), Nico Williams; eta Iñaki Williams.
Golak. 0-1: Sancetek (26. min). 0-2: Berenguerrek (34. min). 1-2: Cajustek (36. min). 1-3: Nico Williamsek (38. min). 1-4: Hugo Rinconek (44. min). 2-4: Adrian Niñok (49. min). 3-4: Adrian Niñok (82. min).