Ahalegina egin da, baina ez da posible izan. Maratoi erdia justu samar bukatu du Lagun Arok, bukatzeko gogoarekin, eta jarraian galdutako hiru partidek Kopa jokatzeko aukerarik gabe utzi dute ia. Mirari bat behar dute donostiarrek, eta horietako bat Bartzelonari irabaztea den neurrian (larunbatean, Donostian), bestelako helburuetan pentsatzen hastea onena. Zortzi onenen arrastoari segitzea, adibidez. Zortzigarren garaipena lor dezake gaur Zaragozan, eta kopuru hori polita da oso. Polita, lau edo bost garaipenera utziko lukeelako jaitsiera saihesteko langa ziurra, eta polita, bigarren itzulian beste hainbeste garaipen lortuz gero, Lagun Aro zortzi onenengandik gertu egongo litzatekeelako liga erregularra bukatuta.
Zaragoza plaza gozoa da gipuzkoarrentzat. Urrezko LEB ligan eta ACB ligan, garaile izan dira han Lasoren jokalariak, eta horrek badu bere eragina. Lasok Zaragozak kanpoko lerroan duen arriskua azpimarratu du: «Cabezas, Miso, Toppert, Barlow, Aguilar, Quinteros... dinamita asko dute, eta portzentajeak onak ez izatea izanen da gure lehentasunetako bat». Taldea ondo dagoela esan du entrenatzaileak: «Jokalariek partidak jokatu nahi izaten dituzte, eta horrek porrotaren gazia gainditzen laguntzen du». Domen Lorbekek taldearekin egin du bidaia, baina bere parte-hartzea ez da ziurra.
Maratoi erdia bukatu da, maratoi luzea dator
Lagun Arok barneratua du Kopa zail duela, baina zortzi onenen arrastoan segitu nahi du gaur CAI menderatuta (21:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu