Marcelo Bielsa: «Oso gustagarria izango da festa honen parte izatea»

Alex Fergusonek esan du «konfiantza» duela, taldeak «oso emaitza onak» lortu baititu azken hilabetean

Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Fernando Llorente osatu da, eta jokatzeko moduan dago». Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak bazekien horixe entzun nahi zutela zaleek, eta hala argitu zuen atzo. Lehendik hazita eta zoratzen zeuden zaleek begiak irekita egingo dute gaur amets. Aldakan lesio txiki bat zeukan aurrelari errioxarrak, baina bai goizeko entrenamendua eta bai arratsaldekoa, taldekideekin egin zuen. Llorenterekin nahikoa ez, eta Oscar de Marcos ere «osatuta» dagoela adierazi zuen Bielsak. «Hasierako hamaikakoan ez dut aldaketa handirik egingo».

Joaneko partidako 2-3koarekin «abantaila» daukatela onartu zuen atzo Athleticeko entrenatzaileak. «Baina zuhurrak ez izatea litzateke emaitzari behar baino garrantzi handiagoa ematea». Manchester United aztertzen hasita, bi alor azpimarratu zituen argentinarrak. «Erasorako iherarkia handia daukate aurrelariek, eta taldearen lehiakortasun maila oso altua da». Partidarako gakoak ematen ere ausartu zen Bielsa: «Baloiaren jabe izatea, erasoetan min egitea, eta eurek egin ez dezaten saiatzea».

Entrenatzaileak badaki «festa handia» izango dela gaur Bilbon. «Eta zentzu askotan, oso gustagarria izango da festa honen parte izatea». Bielsak zaleak izan zituen gogoan. «Oso naturala iruditzen zaigu jokalarien, zaleen eta elastikoaren arteko sentimendua, eta balio handia ematen diogu horri».

Andoni Iraolak erne jarri nahi izan zituen jokalari guztiak. «Argi dago partida ona jokatu genuela Manchesterren, baina biharkoa [gaurkoa] da partida garrantzitsuena». Kanporaketa hasi aurretik, ingelesak faborito zirela aitortu zuen atzo usurbildarrak. «Baina orain orekatuago dago dena. Bi taldeek daukagu aukera».

Ferguson, itxaropentsu

Bielsa zuhur, eta Alex Ferguson itxaropentsu. «Konfiantza dut, taldeak oso emaitza onak lortu baititu azken hilabetean», esan zuen atzo. Manchester Unitedeko entrenatzaileak aitortu zuen «erronka zaila» dela, baina lor dezaketela. Horretarako, emaitza on bat lortzeko, «funtsezkotzat» jo zuen «baloia izatea».

Joanekoan egin bezala, Fergusonek laudorioak izan zituen Athleticentzat. «Talde gaztea da, eta Bielsari esker, nabarmen egin du gora, ez bakarrik kalitateari dagokionez, baita ere jokaldi guztiei ematen dien indarrari dagokionez. Bermedun taldea da».

Talde zuri-gorriaren maila ez ezik, haren filosofia ere nabarmendu zuen. «Athleticen badira maila oso altura iristen ari diren hainbat jokalari, eta horietako batzuk selekzioarekin jokatzen dute. Hala ere, beste klub batzuetara joan zitezkeen jokalariak taldean geratu dira. Eta ulertzen dut, klub handia baita Athletic».

Hamaikakoari dagokionez, eskoziarrak jakinarazi zuen «bizpahiru» aldaketa egingo dituela, eta Smallingen ordez Ferdinand ariko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.