Marcelo Bielsak ez du jarraituko Athleticen aulkian

Zuzendaritza osoak «aho batez» hartutako erabakia izan dela argitu du Josu Urrutia presidenteak

unai zubeldia
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Onena aldaketa dela uste dugu». Labur eta argi hitz egin zuen atzo Josu Urrutia Athleticeko presidenteak. «Zuzendaritzak aho batez erabaki du Marcelo Bielsak entrenatzaile karguan ez jarraitzea». Amaitu da argentinarraren zikloa Athleticen. Kito. Zale asko alde dauzka. «Eta ulertzen dut zale batzuek iritzi hori edukitzea». Baina «klubaren hobebeharrez» hartu dute erabakia. «Kirol arloa eta erakundearena kontuan hartuta». Jakina zen erabat ona ere ez zela Urrutiaren eta Bielsaren arteko harremana. Eta soka eten egin da azkenerako. Itxura guztien arabera, Ernesto Valverderen neurrira egiten ari dira SanMames Barriko aulkia. «Baina oraindik ez dugu erabaki nor izango den hurrengo entrenatzailea. Bihartik aurrera hasiko gara hori aztertzen». Datozen egunetarako utzi zituen, beraz, lan horiek Athleticeko presidenteak.

«Klubeko alor guztiekin hitz egin ondoren» hartutako erabakia izan da argentinarrak Athleticen aulkian ez jarraitzea. «Gaur [atzo] 12:00etan eman diogu berari gure erabakiaren berri». Denboraldi honetan asko sufritu arren, zoragarria izan zen aurrekoa, Espainiako Kopako eta Europako Ligako finaleraino iritsita —ederra izan zen taldeak egin zuen jokoa—. «Eta alde baikorrenetik esan diogu agur Bielsari. Ekarpen handia egin dio taldeari». Etorkizunera begira jarrita, hausnarketa bat egin zuen bizkaitarrak. «Athleticek beti edukitzen ditu ateak irekita jende langilearentzat». Urte batzuk barru hobeto ulertuko da presidentearen adierazpen hori.

Gehienetan bestela gertatzen bada ere, ardura kontuei ez zien muzin egin bizkaitarrak. «Egungo egoeran guztiona da ardura», aitortu zuen. «Eta kontzientzia lasai eduki behar da beti. Hori bai, Athleticentzat onena zer den ikusita hartu behar izaten dira beti erabakiak. Eta hala egin dugu orain ere». Urrutiak, gainera, argi aitortu zuen ez diola beldurrik gerta litekeenari. «Etorkizunak esango du hanka sartzen ari garen edo ez. Erabakiak hartzen direnean beti gertatzen da hori».

Izenik eman gabe ere, taldearen hurrengo entrenatzaileak nolakoa izan beharko lukeen asmatzeko pintzelada batzuk eman zituen Athleticeko presidenteak. «Kirol arloan protagonista izaten jarraituko duen entrenatzailea nahi dugu, eta klubera ahalik eta azkarren egokitu daitekeena». Orain bi urte ere, egoera aztertuta, «aldaketa bat» behar zutela ikusi zuen klubak. «Eta, beti dago arriskua, baina orain ere aldaketa behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.