Pozik egoteko arrazoiak dituzte Amaya Sport San Antonioko ordezkariek. Gauza bakarra eskatu zuten Europako Errekopako final-laurdenetako zozketaren bezperan: Gummersbach saihestea. Ez zen gutxiagorako, iragan denboraldian Alemaniako taldea izan baitzen nafarren borrero Errekopako finalerdietan. Behin eskatzen hasita, ez zuten ere Skopjeren aurka jokatu nahi, Mazedoniara egin beharreko bidaia luzeagatik. Eskatu eta lortu. Zozketak haien nahiak ase ditu: Maribor Branik Esloveniako taldea egokitu zaie, ustez gainditzeko moduko aurkaria. Hori gutxi balitz bezala, kanporaketako itzuliko partida Iruñean jokatuko dute, apirilaren 2an edo 3an. Joanekoa astebete lehenago jokatuko dute, Mariborren.
Maribor Branik lehen aldiz arida parte hartzen Europako lehiaketa batean. Txukun ari da estreinakoan, bi kanporaketa gainditu baititu jada, Karvina eta Kolubara Txekiako eta Serbiako taldeen aurkakoak, hain zuzen ere. Aise gainditu ditu biak, gainera, 11 eta hemeretzi goleko aldeaz, hurrenez hurren. Horregatik zuhur dira San Antonion. «Erraz kanporatu du Kolubara, eta horrek agerian uzten du kalitatea baduela», esan zuen atzo Juanto Apezetxea San Antonioko entrenatzaileak.
Egutegi trinkoa
Apezetxeak aitortu zuen «abantaila» dela itzulikoa etxean jokatzea. Hala ere, gaineratu zuen Esloveniarako bidaiak beti direla «deserosoak» eta gainera, kanporaketa Asobal ligako partida garrantzitsuekin bat egingo duela. «Bartzelona, Ciudad Real, Ademar eta Naturhouseren aurka jokatu behar dugu data horietan. Ea nola egiten diogun aurre».
San Antonioko entrenatzaileak Maribor Branikeko zenbait jokalari nabarmendu zituen: Aljosa Cudic atezaina, Dragan Gajic hegalekoa, Marko Ostir pibota eta Damir Batinovic eta Rok Ivansic erdikoak.Jokoari dagokionez, Apezetxeak azpimarratu zuen 3-2-1 defentsa «nahiko oldarkorrarekin» jokatzen duela. Maribor Branik seigarren da Ligan, Gorenje Velenje liderrarengandik hemezortzi puntura.
Maribor Branik Esloveniako taldea izango du aurkari San Antoniok
Iruñeko taldeak etxean jokatuko du Europako Errekopako final-laurdenetako itzuliko partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu