Markel Belokik L'Aingo Tourreko bigarren etapa irabazi du

Etapa amaitzeko zazpi kilometro falta zirela egin du aurrera, eta 55 segundoren aldearekin iritsi da Lagnieuko helmugara. Bihar amaituko da lasterketa, eta sailkapen nagusian lehen tokian dago.

Markel Beloki iazko Espainiako Vueltan. JAVIER LIZON / EFE
Markel Beloki iazko Espainiako Vueltan. JAVIER LIZON / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko uztailaren 29a
18:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Markel Belokik (Education First) beste garaipen bat lortu du profesionaletan, aurtengo lehenengoa: L'Aingo Tourreko bigarren etapa. Etapa Saint Vulbas eta Lagnieu artean korritu da, eta tropelak 161,9 kilometroko ibilbidea egin du. Beloki bakarrik ailegatu da helmugara, eta 55 segundoren aldea atera dio tropelari. Bigarren Noa Isidore (Decathlon) izan da, eta hirugarren, Nicola Conci (Astana). Sailkapen nagusian Beloki lider da orain. 52 segundoren aldea ateratzen dio Axal Marialuti (CIC) eta 55 segundo Isidoreri. Bihar amaituko da lasterketa. 

Belokik iaz Alsaziako Tourra irabazi zuen, etapa batekin batera. L'Aingo Tourra Alsaziakoa baino koska bat gorago dago UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren egutegian; hortaz, gasteiztarrak orain arteko lasterketarik garrantzitsuena irabazi du profesional denetik.  

Gaurko etapan, txirrindulariek bitan igo behar izan dute Col de Portes mendatea —14,6 kilometro eta %5,4ko pendiza—. Zazpi kilometro falta zirela jo du aurrera Belokik, eta inor ez da gai izan hari segitzeko. Lehen 70 kilometroetan tropela bat eginda joan da. Baina Porteseko lehen igoeran lau txirrindularik egin dute aurrera: Jason Tessonek (TotalEnergies), Kenny Mollyk (Van Rysel), Morne van Niekerkek (St. Michel - Preference Home) eta Maximilien Juillardek (Villefranche Beaujolais).

Juillard igaro da lehen tokian mendatetik. Unibet taldeak atzetik egin du tira, eta bigarren igoera hastearekin batera harrapatu dituzte. Hor Education Firstek estutu egin du, eta tropelean izan den zatiketa bat baliatuz Beloki aurrekoekin joan da, Jefferson Cepeda taldekidearekin batera. Belokik ikusi du Cepeda ez zihoala indartsu, eta Henrique Bravorekin (Soudal) eta Jaime Meehanekin batera (Cofidis) ihes egin du. Ondoren, Axal Mariaul (CIC) eta Remi Arsac (Decathlon) batu zaizkie. 

Baina inork ezin izan dio arabarrari jarraitu, zazpi kilometro falta zirela erasoa jo duenean. Biharko Oyonnax eta Lelex Monts-Jura artean jokatuko da. Guztira 131,5 kilometro dira, eta txirrindulariek zazpi mendate puntuagarri igo beharko dituzte. Azkena lehen mailakoa da: Menthieres. Lider dela hasiko du Belokik azken etapa hori. L'Aingo Tourra 1984tik jokatu da —oraingo izenarekin, 1989tik—, eta euskal ziklista bakarrak irabazi du: Haimar Zubeldiak, 2010ean. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA