Enric Mas (Movistar) geroz eta sendoago dago Espainiako Vueltako lidergoan. Lasterketa gori-gori ipini du gaur Calar Alton, erasoaren bidetik, eta ahaleginak maillot gorriari sendoago eusteko balio izan dio. Tadej Pogacarrek (UAE) etxerako bidea hartu ondotik, agerikoa da Mas dela Vueltako igotzailerik indartsuena. Gaur urrutitik egin du eraso, Pogacar balitz bezala; helmugatik 11 kilometrora abiatu da. Aurkariak, hori bai, ez ditu esloveniarraren gisara azpiratu: 26 segundo atera dizkie Primoz Roglici (Red Bull), Felix Galli (Decathlon) eta Richard Carapazi (Education). Movistar taldeak maisuki jokatu du taktikari dagokionez, ihesaldian sarturiko ziklistek beren alea jarri baitute Mas gailendu zedin.
Movistarreko taldeburuak ezin du bertan gozo egin. Datorren astean, oztopo handi bat topatuko du: 32 kilometroko erlojupeko lau bat. Edonola ere, geroz eta alde handiagoa lortzen ari da mendiko etapei esker; Roglic 1.45era du, Gall 2.06ra, eta Carapaz 3.53ra. Oscar Onley (Netcompany) erori egin da, eta laugarren postua galdu du, Carapazen mesedetan.
Jakob Omrzelek (Bahrain), berriz, jauzi handia egin du: hamargarrena zen etapa hasi aurretik, eta seigarrena lanak amaitu ondoren. Eta ez hori bakarrik: ihesaldian sartu, bidaideak azpiratu, eta garaipena eskuratu du. 2019an ere, 20 urteko esloveniar batek estreinako garaipena lortu zuen Vueltan; Pogacarrek. Omrzel nekez iritsiko da haren mailara, baina aintzat hartzeko moduko txirrindularia da. Amateurren Italiako Giroa irabazi zuen iaz, eta, aurten, postu onak lortu ditu astebeteko zenbait itzulitan. Hori nahikoa ez, eta Vueltako gaurko etapa irabazi du. Urko Berrade (Kern Pharma) izan da gehien eutsi diona, baina nafarrak amore eman behar izan du azkenerako. 1.56ra helmugaratu da, eta Santiago Buitrago (Bahrain) izan da hirugarren, 2.13ra.
Veratik abiatu dira txirrindulariak, eta Calar Alto mendatean amaitu dute etapa, 166 kilometro geroago. Azken mendatea Velefiqueko igoerarekin kateatu dute; hots, elkarren segidan lehen mailako bi igoera gainditu behar izan dituzte etaparen azken txanpan. Han lehia bizia izan zitekeen faboritoen artean, eta, horregatik, indarrak gordetzeko hautua egin dute onenen multzoan. Hori baliatuz, eguneko ihesaldiak bidea egin du. 30 txirrindularik egin dute ihes saioaren hastapenean, eta tropelak zazpi minutu baino gehiagoren aldea eman die.
Omrzel sailkapen nagusiko lehen postuetan sar zitekeen ihesaldiari esker, baina etapa garaipena ere begiz joa zuen. Buitrago eta Wout van Aert (Visma), berriz, mendiko puntuak lortzeko borrokatu dira. Buitrago da sailkapen horren buru, eta Van Aertek aurre egin dio gaur, erregulartasunaren elastikoa soinean zeramala. Antza denez, maillot bakarra ez du aski flandriarrak. Euskal ziklistei dagokienez, Pello Bilbao (Bahrain) gidari aritu da ihesaldian, eta Berradek garaipena zuen amets, aurrean sartu diren beste ehiztari askok bezala.
Erasoak, urrutitik
Iruindarrak gandorra erakutsi du ihesaldian. Aurkarien erasoei tinko eutsi die, eta bazirudien gai izango zela azken igoeran denak atzean uzteko. Omrzelen eraso jarraituak, ordea, gehiegizkoak izan dira Berraderentzat. Esloveniarrak helmugatik hamabi kilometrora jo du azken erasoa. Masek ere antzeko distantzia egin du bere kasa, beste faboritoak atzean utzita. Aurrez, Carapaz bizi-bizi abiatu da Velefiquen, baina Masen ezkutariek kate motzean lotu dute. Gallek Calar Alton egin duen ahalegina ere antzua izan da. Masek, ordea, erraz egin du aurrera, eta Raul Garcia Piernak errelebo preziatua eman dio, ihesean aritu ondoren. Aurkariak gerturatu egin zaizkio amaieran, baina ia minutu erdia atera die, halere.
Bihar etapa gorabeheratsua jokatuko dute Almuñecar eta Loja artean, eta oso litekeena da berriz ere ihesaldiko norbaitek irabaztea.