Erarik gordinean jaitsi da olatutik gaur Reala, Santiago Bernabeu futbol zelaian. Pellegrino Matarazzok taldearen gidaritza hartu zuenetik, bolada ikusgarrian ziren txuri-urdinak, sei partida irabazita eta hiru berdinduta. Bada, gaur iritsi da entrenatzaile amerikarraren aroko lehen porrota, Real Madril ahaltsuaren aurka: 4-1. Joan den asteazkenean Espainiako Kopako finalerako urrats garrantzitsua egin ondotik, konfiantzaz zelairatu dira donostiarrak, baina ez dute azken neurketetako irudi onik eman. Eskas aritu dira bi areatan: erraztasun handiak eman dituzte defentsako lerroan, eta erasoan apenas egin duten mehatxurik. Gainera, epaileak bi penalti oso eztabaidagarri adierazi dizkio. Hortaz, sailkapenean 31 punturekin jarraituko du Realak, Europako postuetatik lau puntura.
Freskotasuna bilatu nahian, hasierako hamaikakoan aldaketa esanguratsuak egin ditu Matarazzok. Ezker hegala osorik aldatu du, Aihen Muñoz eta Wesley zelairatuta, Sergio Gomezen eta Guedesen ordez. Zelai erdian ere Yangel Herreraren aldeko apustua egin du, Turrientes aulkian utzita. Bada, partidari duin ekin dio Realak. Erritmo onean abiatu dira txuri-urdinak, eta bi taldeek errespetua agertu diote elkarri. Real Madril nahiko lasai zelairatu da, baina lehen hurbilketa nahikoa izan du 1-0ekoa egiteko. Arriskurik ez zegoela zirudien jokaldi batean sartu du lehen gola Alvaro Arbeloaren taldeak. Alexander-Arnoldek baloi ona erdiratu du eskuin hegaletik, eta Gonzalo izan da golegilea. Goi mailako gola sartu du aurrelariak, eskuin oinaren muturrarekin baloia ukitu ondoren. Alex Remirok ezin izan du deus egin baloia gelditzeko.
Gola kolpea izan da Realarentzat, baina ez du bururik makurtu. Ezta gutxiago ere. Nortasuna azaldu dute jokalariek, eta joko ona ere bai minutu batzuetan. Kokapenez egoki egon dira txuri-urdinak, eta eroso aritu dira baloia oinetan izan dutenean. Gorrotxategik gidatu du taldea, baina Carlos Soler izan da distira agertu duena. Besteak beste, haren oinen bidetik iritsi da Realaren aldeko penaltia. Erdilariak pase aparta eman dio sakonean Yangel Herrerari, eta hura lurrera bota du Huijsenek. Epaileak ez du zalantzarik izan, eta penaltia adierazi du. Oiartzabalek egin du banakoa penalti puntutik, bikain engainatu baitu Courtois, 21. minutuan.
Zailena eginda zegoela zirudien, baina berdinketa lortzearekin batera goitik behera egin du Realaren jokoak. Pozak ez dio batere iraun Matarazzoren taldeari. Izan ere, hiru minutu geroago iritsi da etxekoen bigarren gola, penalti puntutik. Viniciusek bereak eta bi egin ditu ezker hegaletik, eta makina bat buruhauste sortu dio Arambururi. Era horretan iritsi da penaltia. Viniciusek birritan izkin egin dio, eta atzelari txuri-urdinak ukitu txiki bat besterik ez dio egin brasildarrari, baina, ohikoa den moduan, epaileak penaltia adierazi du. Viniciusek berak ez du barkatu penalti puntutik, 25. minutuan.
Hori nahikoa ez, eta berehala heldu da 3-1ekoa. Berriz ere atzean bigun jardun dira donostiarrak. Jokaldi ona osatu dute etxekoek, baloia Valverderen oinetara iritsi da area inguruan, eta erraztasun izugarriarekin utzi diote jaurtiketa egiten. Jon Martinek bizpahiru metro utzi dizkio aske, eta erdilariak ez du barkatu. Begia jarri duen tokian ipini du baloia, eta maisuki gainditu du Remiro. Aparteko ahalegin fisikorik egin gabe, lehia azkar bideratu du Real Madrilek, eta suspertzeko zantzurik ere ez du erakutsi Realak atsedenaldira bitarte. Wesley galduta ibili da zelaian, Oiartzabal bakarrik sentitu da erasoko lerroan, eta erdilari txuri-urdinek ere zailtasun handiak izan dituzte metroak irabazteko.
Lehen jokaldian, kolpea
Hori ikusita, atsedenaldian bertan aldaketa bat egitea erabaki du Matarazzok. Bigarren zatirako Guedes zelairatu du, Wesleyren kaltetan. Aldaketa ikusita, zerbaiten itxaropena bazuen entrenatzaileak, baina alferrik. Bigarren zatiko lehen jokaldian iritsi da 4-1ekoa. Real Madrilek ongi zabaldu du baloia ezker hegalera, Viniciusek jokaldi aparta osatu du beste behin, eta Aramburuk ukitu aurretik brasildarrak bere burua lurrera bota du, eta epaileak penaltia adierazi du. Lehen penaltia zalantza handikoa izan bada, bigarrena zer esanik ez. Baina epaileari ez diote jokaldia berrikusteko agindurik eman, eta Viniciusek 4-1ekoa egin du penalti puntutik.
Gol horrek erabakita utzi du partida, eta hortik aurrerako minutuetan joan-etorri betean ibili dira bi taldeak. Realak aldaketak egin ditu, eta, besteak beste, aulkira erretiratu da Oiartzabal, atseden hartzeko helburuarekin. Guedes eta Turrientes zelairatu dira, taldeak hobera egin du apur bat, baina nahi erara kontrolatu du partida Arbeloaren taldeak. Bi taldeek izan dituzte aukerak beste golen bat sartzeko, baina ez dute asmatu. Oskarssonek gol bat sartu du, baina jokoz kanpo zegoen. Gauza bera gertatu zaio Viniciusi beste arean. Hala, 4-1 amaitu da partida.
Real Madril-Reala
Real Madril. Courtois; Alexander-Arnold (Carvajal, 60. min), Rudiger (Alaba, 60. min), Huijsen, Carreras; Tchouameni (Cestero, 79. min), Fede Valverde (Brahim, 72. min), Camavinga (Ceballos, 72. min); Guler, Vinicius eta Gonzalo.
Reala: Remiro; Aramburu, Jon Martin, Zubeldia, Aihen Muñoz; Gorrotxategi, Yangel Herrera (Turrientes, 60. min); Pablo Marin (Dani Diaz, 72. min), Wesley (Guedes, 46. min), Carlos Soler eta Oiartzabal (Oskarsson, 60. min).
Golak:Â 1-0: Gonzalok (4. min). 1-1: Oiartzabalek, penaltiz (21. min). 2-1: Viniciusek, penaltiz (25. min). 3-1: Valverdek (30. min). 4-1: Viniciusek, penaltiz (47. min).