Reala 3-1 Celta

Matarazzoren Realak olatuaren gainean segitzen du

Txuri-urdinek 3-1 irabazi diote Celtari, nahiz eta 45. minututik jokalari bat gutxiagorekin jokatu duen eta aurkaria bolada bikainean zetorren. Oiartzabalek bi gol sartu ditu, eta Braisek biribildu du festa.

Oiartzabal, Celtari sartutako gol bat ospatzen. JON URBE / FOKU
Oiartzabal, Celtari sartutako gol bat ospatzen. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 25a
22:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rino Matarazzoren Reala beste talde bat da. Txuri-urdinak bata bestearen atzetik pilatzen ari dira epikaz eta emozioz betetako garaipenak, eta gaur euripean lortutakoa ere sekulakoa izan da. 3-1 irabazi diote etxetik kanpo behin baino galdu ez duen talde bati, Celtari, eta, azken hiru garaipenei esker, ligako sailkapenaren goialdera begiratzen hasteko moduan dira donostiarrak.

Realak ez du neurketa distiratsua jokatu; zelaia putzuz beteta zegoen, eta horrek ere zaildu die lana jokalariei. Lehen zatian kosta egin zaio arriskua sortzea, nahiz eta defentsan sendo aritu den. Bereziki aktibo ibili da Bryan Zaragoza, eskuin hegaletik. 

Etxeko taldeak izan duen lehen abagunean, ordea, baloia sarera bidali du Mikel Oiartzabalek area kanpotik. Turrientesek berreskuratu du baloia, kapitainari eman dio, eta hark bitan pentsatu gabe jo du. Hurrengo minutuetan bi taldeak saiatu dira arriskua sortzen, baina arrakasta gutxi izan dute.

Atsedenaldia heltzear zela, Caleta-Car Realeko atzelariak sarrera gogorra egin dio Manuel Fernandezi, eta, VAR-ean begiratu ostean, txartel gorria erakutsi dio epaileak. Behar handirik gabe, jokaldi arriskutsua egin du kroaziarrak, eta jokalari bat gutxiagorekin utzi du taldea.

Erantzun azkarra

Bigarren zatiko lehen minutuetan, atzean sartu da Reala, eta kontraerasorako izan dituen aukera apurrak baliatzen saiatu da, baina gero eta gertuago sumatzen zen Celtaren gola, eta 71. minutuan heldu da. Borja Iglesias izan da golegilea.

Berehala erantzutea, ordea, ohitura bihurtzen ari da Anoetan. Oiartzabalek bakar-bakarrik gidatu du kontraeraso bat, eta area ertzera heldu denean lehen golean bezalaxe jo du baloia. 2-1.

Azken minutuetan, zaleen bultzadarekin eutsi diote emaitzari txuri-urdinek, eta Odriozolari, zeina azken partidetan bikain dabilen, penaltia egin diote 94. minutuan. Braisek biribildu du festa, penaltia sartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.