Futbola

Hortzak estutu dituzte

Matarazzoren agindupean, Turrientesek lekua egin du Realaren hamaikakoan, ligako azken hiru partidetan oso ondo arituta. Odriozola eta Caleta-Car defentsei, berriz, zer-nolako maila duten erakusteko abagunea sortu zaie.

Beñat Turrientes Realeko jokalaria Osasunari Kopan sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Beñat Turrientes Realeko jokalaria Osasunari Kopan sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Taldekako kiroletan entrenatzaile berri bat datorrenean, ohikoa izaten da jokalariek hortzak estutzea; batzuek ordura arte eskura izan duten postuari heltzeko, eta beste batzuek, berriz, aurreko entrenatzailearekin izan ez duten lekua irabazteko. Den-denek dute estutu beharra, entrenatzaile berria limurtu, eta haren konfiantza irabazteko. Pellegrino Matarazzo iristearekin batera, Realaren hamaikakoan lekua egin duten jokalarietako bat Beñat Turrientes da. Neurri batean, Jon Gorrotxategiren faltak bultzatuta, baina, edonola ere, entrenatzaile estatubatuarrak emandako aukera ezin hobeto aprobetxatu du beasaindarrak. Alvaro Odriozola eta Duje Caleta-Car jokalariek ere gehiago jokatzeko aukera dute Matarazzoren agindupean. Gaur ariko da Reala Celtaren aurka, Anoetan (18:30ean); Carlos Soler ez dago deialdian, Bartzelonaren aurka txartel gorria atera baitzion epaileak, ezta Take Kubo ere, min hartuta baitago. 

Turrientes: aukera izan eta probestu

Defentsan oldarkor

Sergio Francisco ligako hamazazpi partidatan aritu zen txuri-urdinak zuzentzen. Bada, hirutan bakarrik aritu zen hasieratik Turrientes, Matarazzorekin bezalaxe. Estatubatuarraren agindupean, ligako partida den-denak jokatu ditu hasieratik. Txuri-urdinek partida bakarra galdu dute erdilaria hasieratik zelairatu denean —Bartzelonaren aurka, lehen itzulikoan—. Matarazzok euskarri postuan kokatu du Turrientes, eta ezertan aurrerapausoa eman badu, defentsako lanean eman du. Buruz buruko jokaldietan askoz ere oldarkorrago aritu da azken partidetan, erritmo handiagoz eta beti ondo kokatuta zelaian. Aurrera begira, berriz, ukaezina da oinetan duen kalitatea, aurkariaren lerroak apurtzeko gaitasun handia du baloia gidatuz, baina Kopan Osasunaren aurka jokatutako partidan bestelako dohain bat erakutsi zuen: bigarren lerrotik iritsita area zapaltzearena. Horrelaxe sartu zuen 1-2koa. Bosgarren denboraldia du beasaindarrak Realean, eta, azken sasoietan Zubimendiren eta Merinoren itzalean egon bada ere, Matarazzorekin erakusten ari da distira egin dezakeela euskarri gisara edo aurrerago jokatuta. Soler zigortuta dagoenez, litekeena da gaur Gorrotxategik eta Turrientesek jokatzea zelai erdian.

Odriozolaren gurutze bidea

Jokalari sentitu nahian

Odriozolak Realean egin dituen azken hiru denboraldietan ez du kasik argi printzarik ikusi tunelaren amaieran. Imanol Alguacilen aginduetara, 2023-2024ko denboraldian, hamabost partida eskas jokatu zituen —720 minutuz—, eta joan den sasoian zortzi bakarrik —421 minutuz—. Giharretako, belauneko, orkatilako eta bikiko lesioak oztopo izan dira jokoan jarraitutasuna izan zezan. Horren eraginez, joan den udan klubak 2 zenbakiko elastikoa kendu zion, jokalaria saltzeko asmoz. Azkenerako, baina, Donostian geratu zen. Sergio Franciscorekin apenas izan zuen protagonismorik. Entrenatzaile irundarrarekin ligako partida bakarra jokatu zuen Odriozolak, Bartzelonaren aurka hain zuzen ere, eta ,hein handi batean, Jon Mikel Aramburuk beroketan min hartu zuelako. Aritz Elustondo ere lesionatuta zegoenez, Sergio Franciscok ez zuen donostiarra zelairatzea beste aukerarik izan. 

Neurketa horretan azken denboraldietako sufrikarioa askatu zuen donostiarrak, gola sartuta. Hor hasi zen berriz ere argia ikusten, baina ligako hurrengo partidetan ez zuen minutu bakar batez ere jokatu. Kopan, berriz, bai; Reus eta Negreira taldeen aurka zelairatu zuen prestatzaile irundarrak. Matarazzorekin, ordea, kontua asko aldatu da donostiarrarentzat. Jokatutako azken bi partidetan zelairatu da: Bartzelonaren aurka 33 minutuz jokatu zuen, eta Osasunaren aurka, Kopan, 47 minutuz. Badirudi aurrerantzean Odriozolak jokatzeko aukera gehiago izango dituela, batez ere ikusita estatubatuarrari asko gustatzen zaiola alboko atzelariek erasora jotzea. Horretan, Odriozola Aramburu baino abilagoa da, betiere donostiarra Real Madrilera joan aurretik Realean erakutsi zuen mailara gerturatzen bada.

Caleta-Car: gorabeheratsu

Lekua bilatzen

Caleta-Car atzelari kroaziarra oso gorabeheratsu dabil. Denboraldi hasierako lehen bederatzi partidetan hasieratik zelairatu zuen Sergio Franciscok, neurketa batean izan ezik. Horren ondotik, eta, erakusten ari zen maila kaskarrak bultzatuta, ligako zortzi partidetatik seitan ez zuen batere jokatu. Jon Martin harrobiko jokalariak hartu zuen haren lekua. Sergio Franciscorekin, aulkian egotera kondenatuta zegoen, ikusita irundarrarentzat Zubeldia eta Martin aurretik zeudela. Entrenatzailea aldatu denetik, baina, beste aukera bat izaten ari da Caleta-Car. Matarazzorekin, azken lau partidetatik hirutan aritu da hasieratik. Gainera, Bartzelonaren aurkako ligako azken partidan bukaeran atera zen, markagailuari eusteko asmoz, bosteko lerroa osatuz atzean. Fisikoki jokalari indartsua da, eta buruz burukoetan askoz ekarpen handiagoa egin beharko lioke taldeari, batez ere aurkariak luze jokatzen duenetan, eta geldikako jokaldietan. Teknikoki ez da aparteko jokalaria, baina atzetik baloia ateratzeko Zubeldia dago. Kroaziarrak bestelako ekarpena egin behar dio taldeari, eta, agerikoa denez, Matarazzok bete-betean nahi ditu jokalari guztiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.