Koldo Zubimendi alpinista (Erandio, Bizkaia, 1982) irribarrez azaldu da hitzordura. Harrituta hartu du elkarrizketa egiteko gonbita, baina gogoz eta bizi hasi da solasean. Gozatu egiten du alpinismoaz hitz egiten.
Zein da mendiarekin lotuta duzun lehen oroitzapena?
Lehen oroitzapenak gurasoen lagun taldearekin ditut, baina ez ginen askotan joaten mendira. Baltzolara egindako irteera bat daukat gogoan. Urkiolara ere igotzen ginen, Polpol ingurura. Hala ere, gurasoak inoiz ez dira mendizaleak izan, eta kuadrillan ere ez dugu inoiz mendizaletasunerako inolako grinarik izan. Unibertsitatean hasi nintzen mendira zaletzen.
Nolakoak izan ziren lehen irteerak?
Larunbat goizetan irteten ginen mendira. Goiz abiatzen ginen, eta arratsalderako itzuli, ondoren parrandan ateratzeko [barrezka]. Etxe inguruko mendietara joaten ginen hasieran: Gipuzkoara eta Nafarroara. Anboto, Gorbeia, Aizkorri, Aketegi, Aratz, Mendaur... denak ezagutzen genituen.
Noiz hasi zinen Pirinioetara joaten?
Uda batean hasi ginen joaten. Han ere betikoak igo genituen: Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi… Negu hartan Monte Perdidoko iparra igotzeko asmoz joan ginen. Hura izan zen aldaketa niretzat. Zera pentsatu nuen: «Hau da nik nahi dudana!». Niretzat irteera hura mugarri izan zen.
Pirinioetara joan eta gero, Alpeetara, Andeetara eta Himalaiara joan zinen. Alpinista batek egin ohi duen ibilbidea egin duzu zuk ere, ezta?
Europako mendiak ere pasatu genituen tartean. Nahiko segidan egin nuen, gainera. 22 urterekin joan nintzen lehenbizikoz Andeetara, eta Huayna Potosira igo ginen, Bolivian. Hura izan zen nire lehen seimilakoa. Handik aurrerakoa gogorragoa izan zen. Himalaian eta Tajikistanen izan nintzen. Pixkanaka mendi garaiagoak igoz joan nintzen.
Andeetan asko ibiltzeak eman zizun Himalaiara joateko bermea?
Bi aldiz ibili nintzen Andeetan, bi garaitan. Lehenengoa, udako bidaia batean izan zen. Mendian ibiltzeaz gain, denetik egin genuen. Basamortua ikusi genuen, eta hango toki asko bisitatzeko ere aprobetxatu genuen.
Altuerara ondo egokitu al zara beti?
Andeetan nahiko gaizki pasatu nuen gau batean. Titicacako aintzirara nahiko jarraian igo ginen [Peru eta Bolivia, 3.812 metro), eta oso gau txarra pasatu nuen. Gero, askoz hobeto sentitzen hasi nintzen. Handik gutxira bakterio bat harrapatu nuen, eta botaka aritu nintzen. Dena den, nahiko fin ibili naiz espedizio guztietan.
Lehen zortzimilakora 24 urterekin igo zinen: Cho Oyura. Zer moduz?
Iker iriondo andoaindarrarekin joan nintzen. Unibertsitateko laguna da. Ez genuen batere dirurik, eta ahal zen moduan joan ginen. Lehenik, espedizio batean sartu gintuzten, baina, espedizio hura bertan behera gelditu zenez, beste batekin egin genuen igoera. Ez genuen jatekorik kanpaleku nagusian. Zamaketari lanak egiten ibili behar izan genuen, beste espediziokideen dendetan sartu ahal izateko altuerako kanpalekuetan.
«Cho Oyura egin genuen espedizioan zamaketari lanak egiten ibili behar izan genuen, beste espediziokideen dendetan sartu ahal izateko».
Nolako igoera izan zen?
Free Tibet bidea egitea zen hasieran asmoa. Teknikoki ez da oso zaila, baina baditu zati berezi batzuk. Zera pentsatu genuen, probatu egin behar genuela. Hara iristean, oso eguraldi makurra topatu genuen. Hogei egunez elurra egin zuen, eta ezinezkoa zen handik igotzea. Azkenean, bide arruntetik joatea erabaki genuen. Egun txar askoren ostean, eguraldi ona egin zuen egun batean. Bigarren kanpalekutik tontorrera igo ginen zuzenean, eta ondoren berriro ere bigarren kanpalekura jaitsi. 7.400 metroko altueran geundela, Ikerrek buelta hartu zuen. Handik aurrerakoa bakarrik egin behar izan nuen.
Zer oroitzen duzu gailurrera iritsi zinen uneaz?
Gailurrera iristean bakar-bakarrik nengoen. Oso gertu ikusten ziren Makalu eta Everest. Igoeran, frantziar bat aurreratu nuen, eta jaitsiera guztian beste mendizale bat bakarrik topatu nuen. Buruko edema bat zuen, eta galduta zegoen. Bata besteari lotu ginen, eta hura jaitsi behar izan nuen. Oso mantso jaitsi ginen, eta une batzuetan logura ere sartu zitzaidan. Oso jaitsiera gogorra izan zen hirugarren kanpalekurainokoa. Bertan zituen lagunak. Handik behera bakarrik jaitsi nintzen bigarren kanpalekuraino. Hantxe zegoen Iker nire zain.
Handik bost urtera Iriondo eta zu Broad Peakera joan zineten berriro. Zer moduz?
Tartean beste espedizio batzuetatik deitu zidaten haiekin joateko. Babesle batzuk ere baziren tartean, baina ez zen garai egokia. Oso mendi bertikala da Broad Peak. Himalaia ezagutzen genuen jada, eta Broad Peakera joanda Karakorum ezagutzeko aukera genuen. Pakistanera, gainera, udan joan beharra dago, eta guretzat errazagoa zen oporrak hartzeko. Diru gehiagorekin joan ginen, eta babesle batzuk ere lortu genituen. Ingalaterrako mendizale batzuek egindako espedizio batekin joan ginen.
Ze alde topatu zenituzten Karakorumen eta Himalaiaren artean?
Dena zen ezberdina: kultura, mendiak… Himalaiako mendiak elurtuago daude, eta glaziarrak ere luzeagoak dira. Gainera, gailurrak gertuago daude, eta bertikalagoak dira! Ikuspegia oso bestelakoa da.
Bigarren zortzimilakoa izan zen zuretzat.
Tontorrera igotzeko egunean, talde handi bat bildu zen hirugarren kanpalekuan. Hiru edo lau pertsona joan ginen bidea irekitzen, eta, gutxinaka, jendea geratuz joan zen. Hiru alpinista bakarrik iritsi ginen goiko muinora: Ali Sadpara, Scott Mackenzie eta hirurok. Ni jarri nintzen aurrean, baina nahigabe erlaitz batean sartu, eta airean gelditu nintzen, sokatik zintzilik. Handik gutxira, Sadparak itzultzea erabaki zuen. Gidari moduan zihoan, eta bere bezeroa arriskuan ikusi zuen. Mackezierekin joan nintzen Broad Peakeko aurreko tontorreraino. Txakalaldi batek jota, han gelditu nahi zuen. Baina hura konbentzitzea lortu nuen, eta pixkanaka gailurrera iristea lortu genuen. Ondoren, jendea azalduz joan zen. Oso egun polita izan zen. Oso oroitzapen politak ditut Broad Peakekin.
Zer ikasi zenuen bi espedizio haietan?
Bizitza honetan dakidan ia guztia mendiak irakatsi dit. Kultura aldetik asko ikasi dut. Leku eta jende asko ezagutzeko aukera eman dit mendiak. Beste errealitate batzuk ikusteko aukera izan dut, esaterako, Bolivian. Zorte handia dugula ikasi dut. Etxean egon, txorrotari eman, ura atera, eta, gainera, edangarria dela ikustean, gauzak baloratzen hasten zara. Jendea nola tratatu behar den ere ikasi dut, eta esker onekoa izaten. Balio asko eman dizkit mendiak. Mendian bizi izan ditudan momentu gogorrek beste balio batzuk eman dizkidate.
2011tik ez zara zortzimilakoetara itzuli. Zergatik?
Ez, eta ziurrenik ez naiz itzuliko. Giroa asko aldatu da. 2011n jada nabaritzen zen aldaketa zetorrela. Orduan ere bide arruntetan jende asko pilatzen zen. Ohiko bideez harago ibiliz gero, jende gutxi izaten zen. Orduan ere gehienak lehen eta bigarren kanpalekuan geratzen ziren. Oraingoa beste kontu bat da.
Zer iritzi duzu egungo Himalaiaz?
Himalaia eta Karakorum ez dira aldatu. K2 mendia lehengo bera da, baita Everest ere. Baina bertara joaten garen mendizaleak asko aldatu gara; okerrerako, noski! Egun, hara joaten diren asko ez dira mendizaleak. Dirua izatea nahikoa da zortzimilako batera joateko. Dena eskura jartzen dizute, eta oxigenoa ere ia kanpaleku nagusian jartzen dute askok. Hala ere, bakoitzak nahi duena egin dezala. Ni ez naiz horretan sartuko.
«Himalaia eta Karakorum ez dira aldatu; bai, ordea, bertara joaten diren mendizaleak; okerrerako, noski! Dirua izatea nahikoa da zortzimilako batera joateko»
Tajikistanen ere ibili zara mendian. Osasun arazoak tarteko, ez duzu oroitzapen onik, ezta?
Korzhenevskaia eta Komunismo mendietara igotzeko asmoz joan ginen. Ordukoan talde handiagoa joan ginen bertara, eta horrelakoetan gauzak aldatu egiten dira. Gure artean ia ez ginen ezagutzen. Urdailean bakterio bat hartu nuen, eta oso gaizki egon nintzen. Hogei egun pasatu nituen beherakoarekin eta gorakoarekin. 7.000 metrora iritsi nintzen, baina handik gora ezin izan nuen jarraitu. Errusiako mendi gidari batekin jaitsi behar izan nuen hirugarren kanpalekura. Hurrengo goizean, dexametasona sartu zidaten. Ziztu bizian jaitsi nintzen kanpaleku nagusira! Beste guztiek Korzehenesvskaia mendiaren gailurra zapaldu zuten. Komunismo mendira igotzeko saiakera bertan behera utzi genuen.
Kharut II mendira egin zenuten azken espedizioak sona handia izan zuen. Hura izan zen zure ibilbideko erronkarik gogorrena?
Liburu batean irakurri nuen inoiz inor ez zela igo Kharut I eta Kharut II mendietara. Mendi horien inguruan ez zegoen ia informaziorik. 2019a zen, baina lehenik pandemiagatik, eta ondoren bizitzako aldaketak zirela medio, azkenean lau urte pasatu ziren hara joan ginen arte. Hiru ginen joatekoak: Vicente Barcena, Unai Pollos eta ni. Unai gaixotu egin zen espediziora joan aurretik. Bertan behera uztekotan egon ginen, baina azkenean Vicente eta biok joan ginen. Vicenteren asmoa ez zen gailurreraino iristea. Eta ez zen igo. Bakarrik igo nintzen, baina inoizko espediziorik politena izan zen hura. Pollos bidea izena jarri nion, Unai lagunaren omenez. Alpino estiloan egin nuen, eta oxigenorik gabe. Hori beti argi izan dut. Cho Oyuko espedizioak eta Kharutekoak ez dute zerikusirik. Asko aldatu zen estiloa urte haietan guztietan. Urrezko Pioletaren sarirako hautagaia izan zen igoera hura! Ezin nuen sinetsi. Oso zaila izango da berriro ere horrelako beste espedizio bat egitea.
Zer eskatzen diozu espedizio bati?
Ingeles bati entzun nion esaldia esango dizut: lehenik, etxera itzultzea. Ondoren, espediziora joandakoekin lagun gisa itzultzea; eta azkenik, ahal izanez gero, behintzat, tontorrera iristea! Askotan, espedizioak ez dira nahi bezala amaitzen.
MOTZEAN
Mendian egin duzun lagunik onena? Vicente Barcena, Unai Pollos eta Iker Iriondo.
Mendi bat? Anboto.
Zortzimilako bat? K2 [Pakistan, Karakorum. 8.611 metro].
Egiteko duzun bat? Cerro Torre [Patagonia, 3.133 metro].
Beste kirol bat? Eskalada.
Alpinista bat? Jerzy Kukuzcka.
Euskal Herriko alpinista bat? Jose Carlos Tamayo.
Espedizio bat egiteko hiru alpinista? Voytek Kurtyka, Reinhold Messner eta Walter Bonatti.
Jateko? Arrautza frijituak txorizoarekin.
Edateko? Garagardoa.
Musika talde bat? Soziedad Alkoholika.
Abesti bat? Palomas y buitres (Soziedad Alkoholika).