Mendilibarren eta Graciaren futbol estiloek ez dutela antzik dio Andres Fernandezek

Osasunako atezainak espero du igandean Getafen jokatu beharreko partida «mugarri» izatea

Erredakzioa
2013ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bost egun eskas daramatza Javi Graciak Osasuna entrenatzen, nahikoak taldeko jokalariek haren eta Jose Luis Mendilibarren arteko ezberdintasunak antzeman ditzaten. «Estilo oso ezberdina dute. Entrenatzaile berriak sendoago izan nahi du defentsan, eta jokalariak atzerago izan, aurkariaren hutsaren zain. Baloia daukagunean, berriz, jokalariok ideiak argi izatea nahi du», azaldu zuen atzo Andres Fernandezek.

Osasunako atezainak aitortu zuen jokalariak lan egiteko «gogotsu» daudela eta denbora badagoela «oinarriak bereganatu eta «hobetuz joateko». Entrenatzaile bera ere lan egiteko irrikaz ikusi du. «Oso inplikatua dago. Zintzoa da, eta ilusio handia du. Konfiantza helarazi nahi digu, eta entrenatzaile gisa hazteko gosea du. Hobeak egin nahi gaitu».

Entrenatzaile berriaz ez ezik, joan berri denaz ere hitz egin zuen Andres Fernandezek. «Futbolean, pertsona dago guztiaren gainetik. Norbaitek zintzo lan egiten badu eta barruan duen guztia ematen badu, hori aintzat hartu beharreko zerbait da. Denok genekien pertsona on bat joaten zela, langilea eta zintzoa, nahiz eta bere ideiak ezin izan dituen gauzatu.

Atezainak aurrera begiratu nahi du, eta igande honetan Getafen (Espainia) jokatu beharreko partida da Osasunak begi bistan duen lehen erronka. «Igandeko partidak mugarri izan behar du. Gure bizitzako azken puntuak balira bezala zelairatu behar dugu».

Malagaren aurka, ostiralean

Getafe, Elx, Atletico Madril, Levante eta Malaga izango dira gorritxoen hurrengo aurkariak, hurrenez hurren. Espainiako Liga Profesionalak atzo eman zuen Malagaren aurkako partidaren egunaren berri. Urriaren 4an jokatuko da Rosaledan, ostiralez, 22:00etan (Cuatro). Sasoi honetan ostiralez jokatuko duen hirugarren partida izango da. Jardunaldi berean, Realak larunbatez egingo dio bisita Rayori (18:00), eta Athleticek igandean jokatuko du Valentziaren aurka, San Mamesen (21:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.