Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: A multzoa

Menpekotasuna sortzen du

Poloniako selekzioko golegile nagusia da Robert Lewandowski. Hura zelaian izan ez denetan, ezer gutxi lortu du taldeak, eta, oraingo honetan ere, harengan jarria dute taldekideek eta zaleek itxaropena.

Menpekotasuna sortzen du.
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ezkerrez eta eskuinez. Buruz ere bai. Edozein modutan, edozein eratan golak sartzen artista da Robert Lewandowski aurrelaria (Varsovia, 1988). Menpekotasuna sortzen du. Taldekideek haren esku uzten dute kontrako atezainaren aurreko trantzea: baloia luze-luze pasa, eta hark egin dezala gainerakoa. Garai ezin hobean iritsi omen da Eurokopara, eta, bere postuko beste edozeinek bezala, zelaian erakutsi beharko du golak sartzeko duen abilezia. Poloniako zaleek izugarri eskertuko diote.

Lewandowskik 23 urte besterik ez du, baina aspaldi irabazi zuen Franciszek Smuda hautatzailearen konfiantza. 2008ko irailaren 10ean egin zuen debuta selekzio nagusiarekin, eta gol bat ere sartu zuen San Marinoren aurkako partida hartan. Aho zabalik utzi zituen ikusleak. Kolpetik bete zituen aurreikuspen guztiak; artean, 20 urte besterik ez zituen. Ordutik, 39 partida jokatu ditubere herrialdearekin, eta hamalau gol sartu ditu. Jokatzen ari den bakoitzean, nabarmena da Lewandowskiren presentzia.

Haren lehen Eurokopa izango da gaur hasiko dena. Berezia, lehena izateagatik. Are eta bereziagoa, etxean jokatzeagatik. Arrazoi osoz, hari begira egongo dira poloniarrak, gaur iluntzean, Greziaren aurkako estreinako partidan; harengan jarria final-laurdenetara iristeko itxaropen guztia. Hori da taldearen helburu nagusia: gutxien-gutxienik, final-laurdenetara ailegatzea.

Gaurtik aurrera, gazte poloniarrak erakutsi beharko du ez dela kasualitatea izan azken bi sasoietan Borussia Dortmund Alemaniako taldearekin Bundesligan egindakoa. Halako txapelketetan esperientzia gutxi du Poloniak, eta beste kideek hari utziko diote ardura guztia. A multzoko jokalaririk onenetako bat da, eta ikusminik handiena eragingo dutenetako bat. Poloniako zaleak erotuta egongo dira haren golaren zain, ziur. Harengandik espero dena baieztatu beharko du; baieztatu kalitateko jokalaria dela, etorkizun oparoa duela.

Behetik gorako ibilbidea

Sei urte daramatza profesionaletan jokatzen, eta sei titulu irabazi ditu jada: azken bi sasoietako Bundesligak, Alemaniako Kopa bat, eta Poloniako Liga bat, Kopa bat eta Superkopa bat.

Znick Pnszkow Poloniako taldean egin zituen lehen bi sasoiak. Denbora tarte horretan, 37 gol sartu zituen. Lech Poznanen pasa zituen ondorengo bi denboraldiak, eta aurreko bi urteetako marka hobetu zuen: bi sasoitan, 41 gol sartu zituen. Poloniako Ligako golegile nagusia zela iritsi zen Borussia Dortmundera, 2010. urtean.

Hasierako hilabeteak ez zitzaizkion egin nahi bezain motzak: ordezkoen aulkian pasa behar izan zuen denbora gehiena, baina, zelairatzen zen bakoitzean, ahalegina egiten zuen bere mailarik onena erakusteko. Ahalegina bakarrik, ez; harengandik espero zutena baino gehiago ematen zuen. Zortzi gol sartu zituen lehen sasoi hartan; guztiak, Lucas Barrios aurrelariaren ordezko moduan zelairatu eta gero.

Zelaiaren erdialdean ere ibilia da Lewandowski. Borussia Dortmundeko lehen denboraldi hartan, Shinji Kagawa erdilariak min hartu eta gero, hark utzitako lekua betetzea besterik ez zitzaion gelditu. Deseroso aritu zen postu horretan, baina, gerora, aitortu du futbolari gisa «hazteko» balio izan ziotela hilabete haiek. Baloiarekin jokatzen eta jokaldiak asmatzen ikasi zuen. Nabarmen hobetu zuen bere jokatzeko modua.

Bukatu berri den denboraldian, ez zaio sobera etorri orduan ikasitakoa. Argentinako Barriosi postua kendu, eta taldeko aurrelari nagusi bihurtu da: 22 gol sartu ditu Bundesligan, beste zazpi Alemaniako Kopan eta bat Txapeldunen Ligan. Europako talde handien errespetua irabazi du denbora oso gutxian. Sasoi amaieran, talde askok azaldu dute interesa hura fitxatzeko, baina ez dago salgai. Izan ere, 2014. urte arteko kontratua du oraindik Borussia Dortmundekin. Gaurtik hasita, etxekoen gozagarri ariko da, beretzat «aukera ezin hobe bat» den Eurokopa honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.