Reala 3-2 Girona

Merezi bezala agurtu dute Anoetan Imanol Alguacil: garaipenarekin eta txalo zaparradarekin

Realak 3-2 irabazi du Gironaren aurka; luzapenean sartu du gol erabakigarria Mariezkurrenak. Oriotarrari urrezko intsignia jarri dio Jokin Aperribai presidenteak.

Realeko jokalariak Imanol aupatzen, Gironaren kontra irabazi ostean. JON URBE / FOKU
Realeko jokalariak Imanol aupatzen, Gironaren kontra irabazi ostean. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko maiatzaren 18a
22:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Realaren aro loriatsu baten lemazaina izan da Imanol Alguacil azken urteotan. Haren gidaritzapean gauza handiak lortu ditu talde txuri-urdinak: tartean, Espainiako Kopa bat irabazi du, eta bost urtez jarraian aritu da Europan. Ez du lortu seigarrenez sailkatzea, baina orain arte egindako guztia hor dago, eta badu meritua. Bada, Gironaren aurkako partida teknikariak Anoetan zuzendutako azkena izan da, eta agur beroa eman nahi izan diote guztiek: «Eskerrik asko, Imanol». Oriotarrak zaleen txalo zaparrada jaso du, Jokin Aperribai presidenteak urrezko intsignia jarri dio, eta jokalariek garaipen bat oparitu diote.

3-2 nagusitu dira txuri-urdinak Kataluniako taldearen kontra. Hiru golak, gainera, etxeko jokalariek sartu dituzte: Pablo Marinek, Oiartzabalek eta Mariezkurrenak. Azkenaldian ate aurrean ezin asmatuta zebiltzan donostiarrak, baina fin ekin diote Anoetako azken lehiari. Bosgarren minuturako aurretik ziren markagailuan. Brais Mendezek ateratako kornerra bikain errematatu du Pablo Marinek; zuzenean aulkira joan da, eta Imanoli besarkada bat emanez ospatu du gola. 

Azkar erantzun du Gironak: bost minutura markagailuan banakoa jarri du, Stuanik sartutako gol batekin. Eta beste hainbeste egin du segidan Realak. Hemezortzigarren minutuan, txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du epaileak, eta kapitainak hartu du hura jaurtitzeko ardura. Ez du huts egin. Kasmisetari musu eman, eta Imanolengana joan da Oiartzabal ere; estu besarkatu dute elkar.

Lehen zati amaieran gertu izan dute hirugarrena txuri-urdinek. Take Kubok boleaz izugarrizko zartatekoa eman dio baloiari, baina adi zegoen Gironako atezaina, eta kornerrera urrundu du jaurtiketa. Azkenean, 2-2koarekin joan dira bi taldeak aldageletara. Bigarren zatia, berriz, susto batekin hasi du Realak, Ivan Martin bakar-bakarrik geratu baita Remiroren aurrean. Oraingoan Realeko atezaina izan da bizkor ibili dena, eta salbatu egin du taldea. 53. minutuan ere, biak izan dira protagonista, eta beste behin geldiketa aparta egin du Remirok.

Hurrengoan ja ezin izan du. Realeko jokalari ohi batek sartu du gola: Portuk, 77. minutuan. Ez dira konformatu donostiarrak, eta lanean segitu dute, partidaren azken-azken txanpan saria jaso duten arte: Mariezkurrenak berdinketa hautsi du 91. minutuan. Hala, garaipen batekin agurtu du Imanolek Anoeta, eta Anoetak Imanol. 

Reala-Girona

Reala. Remiro, Traore (Aramburu, 65. min.), Aritz, Zubeldia, Javi Lopez (Mariezkurrena, 81. min); Zubimendi, Brais Mendez (Sergio Gomez, 58. min.), Marin (Turrientes, 65. min.); Barrenetxea (Sucic, 58. min.), Kubo eta Oiartzabal.

Girona. Krapyvtsov; Frances, Arnau, Krejci, Blind; Solis (Abel Ruiz, 60 min.), Yangel Herrera (Danjuma, 87. min.), Asprilla, Ivan Martin (Arthur, 60. min.), Tsygankov (Oriol Romeu, 87. min.); eta Stuani (Portu, 69. min.).

Golak. 1-0: Pablo Marinek (5. min.); 1-1: Stuanik (10. min.); 2-1: Oiartzabalek, penaltiz (20. min.); 2-2: Portuk (77. min.); 3-2: Mariezkurrenak (91. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.