RAYO 1. REALA 0

Merezi zuenari, zigorra

Rayo Vallecanok penaltiz sartu du partidako gol bakarra, norgehiagokaren hondarreanBi areetan erakutsitako gogortasun faltak zigortu du Realaren ahalmen handiagoa, eta jaisteko postuetara gerturatu da taldea

2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gola: 1-0: Jonathan Vierak, penaltiz (89. min.). Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horia: Rayoko Adrian eta J. Vierari; eta Realeko Zurutuza eta Bravori. Bestelakoak: 10.000 ikusle inguru Vallecasen; tartean, Realeko dezente.

Merezimenduen gainean behin eta berriz hitz egiten ari den talde bati zerbait gertatzen zaio eta ez du zertan ona izan behar. Ziurrenik joera ezkorrean sartuta egongo direlako, egoera deserosoan eta heldulekuren bat topatu nahi horrek jokoan nagusi izan diren ustea zabaltzera darama futbolaria, arnasa hartzeko-edo. Horixe bera gertatu zaio Realari. Sevillaren kontra emaitza hobea merezi izan zuen zelaiko protagonistek aho batez adierazi zutenez. Bayer Leverkusenen aurka beste hainbeste. Zer esanik ez Vallecasen.

Orduan zein da arazoaren funtsa? Zergatik ez du partidarik irabazi azken zortzi saiakeretan? Zoriaren ziria bakarrik izango al da? Ez. Azaleko argudioa da hori, ahula. Bi areetan irakin egin ohi du lapikoak eta txuri-urdinei sua pizteko lan tresnak zorroztea falta zaie. Kolpeak ez dira behar bezain zehatzak, eta aukera ederrak huts eginez gero eta atzean erraztasunak emanda... Rayok bat, Realak huts. Vierak penaltiz gola; azken minutuan, gainera. Modurik mingarrienean, berriro. Izan zitekeenaren eta izan denaren arteko ezberdintasun handiak jarritako zigor garratza.

Bay Arenanaurrerapauso handia eman zuten txuri-urdinek jokoan. Bide horretatik jarraitzea zen helburua atzo. Jagoba Arrasatek oinarrizko aldaketak egin zituen jarraitutasunaren alde. Ansotegik bete zuen Mikel Gonzalezen tokia —arrasatearra aita izan zen atzo—, eta Agirretxek Seferovicena. Ezin esan lortu ez zuenik, momenturik gehienetan gehiago izan baitzen Reala. Benetan nagusitu ezin, ordea.

Berezia da Vallecas. Zelaiaren neurriak direla-eta, ez dago astirik kontu-kontari aritzeko. Etxeko taldeak kanpokoa estu hartzeko borondatea erakusten du. Rayok ez du luze jokatzen, eta atzetik baloia jokatuta atera nahi duen hainbatetan larri aritzen da. Reala iritsi aurreko sei neurketetan 21 gol hartu zituzten; asko, bigunak izateagatik. Arrasatek bazekien hori, eta Zurutuza eta Elustondori eskatu zien euskarriak itotzeko. Velak eta Griezmannek hegaletatik aurrera egiteko moduak topatu zituzten, eta Agirretxek gola sartzeko abagune argiak izan zituen, ondorioz.

Agirretxeren aukera argia

Argiena lehia amaitzeko 20 minuturen faltan. Velak eskuinetik egindako barnekaldiari gol usaina zerion, baina usurbildarrak kale egin zuen jaurtiketan. Aurretik Elustondok eta De la Bellak urduritu zuten Ruben. Ondoren, Seferovicek. Alferrik. Iraganeko eraginkortasun uholdearen tantak ere ez dira bereizten. Etxekoak onenak emanda zeuden. Zutoinak galarazi zien gola Nery Castillo eta Larriveyri. Vierak topatu zuen bidezidorra. Ormarena egin taldekide batekin, arean sartu eta Bravok lurrera bota zuen epailearen ustez. Erabaki zorrotza. 89. minutua zen. Realak berak zigortu zuen bere burua Vallecasen egindako hutsekin. Hori da garrantzitsuena, eta ez zer merezi izan zuen eztabaidan hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.