Munduko Kopa

Messik hiru gol sartuta irabazi du txapelketako lehen partida Argentinak

Aurrelaria Kloseren pare jarri da, eta Munduko Kopen historiako golegile nagusia da, hamasei gol sartuta. Frantziak 3-1 irabazi dio Senegali, Norvegiak 1-4 Iraki, eta Austriak 3-1 Jordaniari.

Leo Messi Aljeriari sartu dizkion hiru goletako bat ospatzen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Leo Messi Aljeriari sartu dizkion hiru goletako bat ospatzen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 17a
09:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argentina eta Frantzia izan ziren aurreko Munduko Kopako finalistak, Qatarren. Biek ekin diote txapelketari, irabaziz ekin ere. Argentinak 3-0 hartu du mendean Aljeria. Messi izan da neurketako protagonista, hark egin baititu Lionel Scalonik zuzentzen duen selekzioaren hiru golak, eta dagoeneko Munduko Koparen historiako golegile nagusia da, Miroslav Kloserekin batera, hamasei gol sartuta. Frantziak bigarren zati ona jokatuta irabazi dio Senegali: 3-1. Jardunaldiko beste bi neurketetan, Norvegiak 1-4 hartu du mendean Irak; eta Suitza 3-1 gailendu zaio Jordaniari. 

ARGENTINA 3-0 IRAK

Leo Messik mugarriak ezartzen jarraitzen du futbolaren munduan. Gaur goizaldean, zelaira irten bezain laster ezarri du. Izan ere, seigarren aldiz lehiatu da Munduko Kopa batean, Memo Ochoa eta Cristiano Ronaldorekin batera inor baino gehiago. Epaileak txistua jo bezain laster, horretan jarraitu du. Argentinak 3-0 irabazi du, eta hiru golak kapitainak sartu ditu. Gaur sartu dituen hiru golekin (17., 60. eta 76. min.), hamasei daramatza Munduko Kopan, eta, Kloserekin batera, txapelketaren historian gol gehien sartu duen jokalaria da. Gutxienez multzoen faseko bi partida geratzen zaizkiola kontuan hartuta, ezusterik ezean kopuru hori gaindituko du. Baloia etxera eramanda ospatu du, beraz, Messik Argentinaren elastikoarekin jokatutako 200. partida. Aurkaria apala zen, baina, nolanahi ere, Argentinak partida txukuna jokatu du, eta multzo sendoa dela erakutsi du, baita txapelketa bigarrenez segidan irabazteko gaitasuna duela ere. Gutxi behar izan du partidaren aginte makila hartu eta kontrolpean izateko. Aljeriak ezin izan du ezer egin horren aurrean.

FRANTZIA 3-1 SENEGAL

Messik bezala, Mbappek ere ikusgarri hasi du Munduko Kopa. Bi gol sartu zizkion atzo Senegali (66 eta 96. min.), eta Frantzia 3-1 gailendu zen. Europako selekzio horren beste gola Barcolak sartu zuen (82. min); Afrikako selekzio haren gol bakarra, berriz, Mbayek (95. min). Txapeldunordeak, beraz, sendo ekin dio.

Lehen zati kaskarra jokatu zuen Didier Deschampsek zuzentzen duen selekzioak, nahiz eta erasoan aritzeko hamaikakoa zelairatu zuen, Dembele, Olise, Doue eta Mbappe hasieratik aritu baitziren. Baloiaren jabe izan da Frantzia, baina ez zuen minik egin. Senegalek, berriz, duen ahalmena baliatuz ondo eutsi zion, eta gol aukeraren bat izan zuen. Bigarren zatian, Deschampsek hegalez aldatu zituen Olise eta Dembele, eta horrek partida aldatu zuen. Frantzia ohikoa duen joko zuzena egiten hasi zen, eta merezitako garaipena lortu zuen. Senegalek ez zuen gaizki jardun, baina azkenerako amore eman behar izan zuen. 

(ID_16188360) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Frantziako jokalariak, Mbappek sartutako goletako bat ospatzen. SEBASTIAO MOREIRA / EFE

IRAK 1-NORVEGIA 4

Goizaldera itzulita, Messiren eta Mbapperen antzera, Haalandek ere golak sartzeko ahalmen ikaragarria du. Hark gidatuta, Norvegiak 1-4 irabazi dio Iraki goizaldean. Aurrelariak bi aldiz zulatu du Asiako selekzioaren atea, partidaren 29. eta 43. minutuetan. Hor hasi da Norvegia partida bideratzen. Baina espero baino gehiago kostatu zaio. Izan ere, Irakek lehen ordu erdi txukuna egin du, bizi jokatu du, eta ondo aritu da presioan. Azkenean, 29. minutuan sartu du neurketako lehen gola Haalandek. Lehen zatiko azken 15 minutuak eroak izan dira, 39. minutuan Aymen Husseinek banakoa sartu baitu, eta handik lau minutura berriro ere Haalandek aurretik jarri baitu Norvegia. 

Abantaila horrek lasaitasuna eman dio Europako selekzioari, eta bigarren zatian patxada handiagoz kontrolatu du partida. Asko baretu da erritmoa. Geldikako jokaldi batean, Ostigardek hirugarrena egin du, 76. minutuan. Europako selekzioaren laugarrena luzapenean iritsi da, zorigaiztoko jokaldi batean. Aymen Hussein Irakeko jokalariak sartu du, bere atean (96. min.). 

(ID_16188522) FIFA WORLD CUP 2026
Earling Haaland Norvegiako jokalaria, gol bat ospatzen. GREG M.COOPER / EFE

AUSTRIA 3-1 JORDANIA

Austriari ere uste baino gehiago kostatu zaio Jordania mendean hartzea, nahiz eta azkenerako 3-1 irabazi dion. Asiako selekzioa lehen partida jokatu du Munduko Kopa batean, eta itxura ona eman du, punturik batu ez arren. Austriak pixkanaka atzean sartu du Jordania, eta 21. minutuan neurketako lehen gola sartu du Schmidek, area ertzetik. Baina Jordania ez da kikildu: buruz buru lehiatzen jarraitu du. Atzean sendo aritu da, eta ahal izan duenean ere aurrera egin du. Hala, lehen zatiaren azken txanpan pare bat aldiz gerturatu da Austriaren atera. 

Bigarren zatia hasi eta gutxira, gainera, gola sartu dute. Ali Olwan izan da golegilea, 50. minutuan. Nahiz eta partidaren kontrola izan eta aurkariaren atera gehiago gerturatu, korapilatu egin zaio hor partida Austriari. Zelaian ondo jarrita egon da Jordania. Baina 76. minutuan bere atean sartu du gola Al-Arabek. Gero, 102. minutuan, hirugarrenez zulatu du Austriak Jordaniaren atea. Golegilea Arnautovic izan da.

(ID_16189295) FÚTBOL MUNDIAL 2026
Austriako jokalariak, ospakizun betean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE