Miarritzek kolpe polita eman du Heineken Kopan, Connachti 17-0 irabazita

Lapurtarrek oso zail dute multzoburu sailkatzea, baina beste bi txartel daude bigarren sailkatuentzat

Erredakzioa
Baiona
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Entrenatzaileak kargutik kendu, Imanol Hariñordoki hasierako hamabostekoan jarri, eta garaipen ederra lortu (17-0). Horrela laburbildu daiteke Miarritzek atzo Heineken Kopako laugarren jardunaldian egin zuena. Oso denboraldi gorabeheratsua egiten ari dira lapurtarrak; ligan herren, eta Europan ere antzera, lehen hiru jardunaldietan bost puntu soilik eskuratuta. Baina garaipen bikaina lortu zuen atzo Miarritzek, Connachten aurka.

Bikaina, eta garrantzitsua, bigarren postura jauzi egiteaz gain, bigarren sailkatzen diren sei taldeen artetik bi onenen artean sartzeko itxaropena indartu zelako atzo. Zail dago helburua, baina ez da ezinezkoa. Ezusterik ezean, Harlequinsentzat izango da lehen postua. Lehen zatian gorpuztu zuen Miarritzek garaipena. 3. minuturako hagetara begira jarri zen Yatxvili (3-0), eta Balshaw-ren 31. minutuko entseguari (8-0) amaiera ona eman zion Yachvilik berak (10-0). 80. minutua betetzear zela lortu zuen Burotuk bigarren entsegua (15-0), eta Yatxvilik ez zuen hutsik egin gero (17-0).

Gernika Italian ariko da gaur

Bizkaia Gernikak Rovigoren aurka jokatuko du gaur (15:00), Italian, Amlin Kopako laugarren jardunaldian. Joan den astean etxean Rovigo beraren kontra lorturiko garaipen historikoaren ostean, bizkaitarrek badakite zaila izango dutela balentria hura berdintzea. Rovigon ez da giro, gainera. Etxeko taldeak kritika ugari jaso zuen Gernikan galduta, eta gogotsu prestatu dute gaurko lehia. Jorge Jimenez entrenatzailearen hitzen arabera, Urbietakoa baino «gogorragoa» izango da gaurkoa. «Rovigok etxean garaipena lortu nahiko du, kosta ahala kosta, eta ez dugu lan makala izango».

Ohorezko mailan, bestalde, Getxok Atletico Madrilen bisita jasoko du gaur (13:00), igoera faserako postuetara itzultzeko asmoarekin. Hernanik, berriz, partida zaila du; Quesos Entrepinares sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldearen aurka jokatuko du Landaren, 16:00etan. Ampo Ordiziak bihar jokatuko du, Valladoliden zelaian (12:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.