Mikel Etxarri omenduko dute Euskal Herria Txapelketaren finalean

Hamargarren finala izango da. Anoetan jokatuko dute Realak eta Ahtleticek, urriaren 2an, 19:00etan. Antolatzaileek izan duen garapena nabarmendu dute.

Joxemari Ibarburu, Kike Zurutuza, Inaxio Kortabarria, Jose Angel Iribar eta Arritxu Iribar. MAIALEN ANDRES / FOKU
Joxemari Ibarburu, Kike Zurutuza, Inaxio Kortabarria, Jose Angel Iribar eta Arritxu Iribar. MAIALEN ANDRES / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 14a
16:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 2an jokatuko dute Euskal Herria Txapelketaren finala, Anoeta futbol zelaian (ETB1). Euskal Herria Kirolak egitasmoak antolatzen du txapelketa, eta hamargarren aldia du aurten. Bertan Reala eta Athletic arituko dira nor baino nor gehiago, aurreko denboraldian jokatutako derbietan puntu gehien bildu zuten bi taldeak.

Gaur aurkeztu dute finala Anoetan. Urtero Euskal Herriko futbolari lotutako pertsona bat omendu ohi dute. Oraingo honetan Mikel Etxarriri egingo diote aitortza, hainbat hamarkadatan Realeko oinarrizko prestatzaile eta euskal selekzioko hautatzaile izandakoari. Futbol taldeen aulkietan egin duen ibilbideaz gain, Euskal Herriko entrenatzaileen prestakuntzan egin duen lana nabarmendu nahi dute. Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak emango diote txapela irabazleari. Txapelketa lehen aldiz aurkeztu zutenean bertan izan ziren Etxarri, Iribar eta Kortabarria, eta «kirol lehiaketa esparru propio baten eta euskal selekzioaren alde» egin zuten. 

Finalak 45 minutuko bi zati izango ditu, eta, berdinduta amaituz gero, penaltiak jaurtiko dira irabazlea nor den argitzeko. Entrenatzaile bakoitzak sei aldaketa egin ahal izango ditu, hiru alditan banatuta. Sarrerak datozen egunetan jarriko dituzte salgai, Euskal Herria Kirolaren webgunean: www.ehkirola.eus. Anoetako txarteldegietan ere salduko dituzte, finalaren egunean bertan. Sarrerak 30 euro balio du. Realeko bazkideak doan sartu ahal izango dira zelaira, baina ez zaie bermatuko ohiko kokapena izatea. Athleticeko bazkideentzat sarreren salneurria 15 eurokoa izango da, eta 14 urtetik beherakoek 10 euroren truke eskuratu ahal izango dute. Aitor Zabaleta harmaila Realaren zale taldeentzat gordeko dute; Iparraldeko harmaila, berriz, Athleticen zaleentzat. Bi taldeetako zaleak deitu dituzte bertan egotera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA