Azken denboraldia zaila izan zen Athleticentzat, eta ez zituen lortu esperotako kirol emaitzak. Ondorioz, zenbait aldaketa egin ditu klubak. Nagusiena, hauxe: Ernesto Valverdek entrenatzaile izateari utzi dio, eta Edin Terzicek hartu du haren tokia. Bada, Athleticek hasi duen aro honetan, Mikel Gonzalezek kirol zuzendari lanetan segituko du. Klubak iragarri duenez, getxoztarrak 2030era arte luzatu du kontratua. Proiektuari segida eman nahi dio, beraz, Athleticek.
Gonzalezek 2022an hartu zuen taldearen gidaritza, eta, oraintxe, hurrengo denboraldirako taldea osatzen ari da. Athleticen arabera, fitxaketak eta beste koordinatzeaz gain, kirol zuzendariak «bere arloko plan estrategikoaren garapena gidatzen jarraituko du, epe ertain eta luzerako ikuspegia oinarri hartuta». Tartean, Lezamako lana.
Maiatzaren 8an egin zituen klubak presidentetzarako hauteskundeak. Jon Uriarte izan zen hautagai bakarra, eta hark jarraituko du kluba gidatzen 2030era arte. Presidenteak konfiantza izan du beti Gonzalezengan, eta haren lana goraipatu izan du. Kontratua luzatu izanak konfiantza hori berretsi du.
Gonzalez kirol zuzendari denetik, hauexek dira Athleticen lorpen nagusiak: 2024an Espainiako Kopa irabazi zuen, eta duela bi denboraldi Txapeldunen Ligarako sailkatu zen.