TXIRRINDULARITZA

Mikel Iturriak irabazi du Urdazubin

Euskadi-Murias taldeko txirrindulari urnietarrak erasoa jo du helmugarako 25 kilometro falta zirela, eta garaipen handia lortu du Espainiako Vueltako 11. etapan.

2019ko irailaren 4a
07:27
Entzun

Iturria eguneko ihesaldian sartu da beste hamahiru txirrindularirekin: Jorge Arcas (Movistar), Remi Cavagna (Deceuninck-Quick Step), Francois Bidard (Ag2r), Lawson Craddock (Education First), Benjamin Thomas (Groupama), Damien Howson (Mitchelton), Amanuel Ghebreigzabhier, Ben O’Connor (Dimension Data), Matteo Fabbro (Katuxa), Gorka Izagirre (Astana), Angel Madrazo (Burgos), Alex Aranburu, Jonathan Lastra (Caja Rural) eta Mikel Iturria (Euskadi-Murias). Hamalau txirrindulari horiek oso ondo konpondu dira hasieratik, eta berehala handitu dute aldea. Tropelak, gainera, utzi egin die joaten.

Izpegi mendateko azken aldapetan, baina, Izagirrek eta Aranburuk erasoa jo dute. Bakarrik geratu dira, eta, elkarrekin ezin hobeto ulertuta, zuloa egiten hasi dira maldan behera. Craddock batu zaie gero, eta hirurek elkarrekin ekin diote Otsondo igotzeari, etapako azken mendatea. Howsonek eta Ghebreigzabhierrek egin dute haiekin bat lehenbizi, eta Bidardek eta Fabbrok ondoren. Howsonek eraso egin du, eta taldetxoa sakabanatu. Howson, Craddock eta Aranburu geratu dira aurrean, baina berehala batu dira berriro zazpi txirrindulariak: Howson, Craddock, Aranburu, Izagirre, Bidard, Fabbro eta Ghebreigzabhier. Handik gutxira, Iturria, Cavagna, Thomas eta Arcas iritsi dira. 11 ziren aurrean helmugarako 25 kilometro falta zirela.

Iturria saiatu egin da, aurrera iritsi eta segituan. Barruan zuen guztia emanez, aldea egiten hasi da. Atzean ez dira ados jarri, eta zuloa handitu du urnietarrak. 48 segundo izan ditu, baina atzean erasoak hasi dira, eta aldea kentzen hasi zaizkio. Zugarramurdin, helmugarako zazpi kilometroren faltan, hamabost segundo eskas zituen. Bazirudien harrapatu egingo zutela, baina bikain eutsi dio. Iturriak lekukoa hartu dio iaz Oscar Rodriguez taldekide nafarrak Camperonan lortutako garaipen handiari. Bere kirol ibilbide profesionaleko lehen garaipena du. Ezin zen era bikainagoan estreinatu. Jonathan Lastra bilbotarra (Caja Rural) izan da bigarren gaur, eta euskal txirrindularien egun ederra biribildu du. 

Pozarren zen Iturria etapa amaitu berritan. "Nire lehen garaipena da, etxetik gertu lortu dut, eta familia hemen zegoela. Amets bat bete dut. Vuelta hasi aurretik galdetu zidaten ea zein etapatan izan nahi nuen protagonista, eta gaurkoa esan nuen. Eta bete dut. Esandakoa, ametsa da". 

Sailkapen nagusian, ez dago aldaketarik, eta Primoz Roglicek (Jumbo) jarraitzen du lider. 1.52ra du Alejandro Valverde (Movistar); 2.11ra Miguel Angel Lopez (Astana); 3.00ra Nairo Quintana (Movistar); eta 3.05era Tadej Pogacar (UAE). Mikel Nieve (Mitchelton) da lehen euskal herritarra, hamabigarren postuan, 8.52ra.

Ostegunean, 13. etapa jokatuko dute, eta, gaurkoa bezala, Euskal Herrian jokatuko da osorik. Los Arcosko Zirkuituan (Nafarroa) hasiko da, eta Bilbon amaitu, 171,4 kilometro egin ondoren. Oso etapa gorabeheratsua da, batez ere azken 40 kilometroak, hiru mendate igoko baitituzte, hirurak Hirugarren Mailakoak, laburrak baina oso gogorrak: Urruztimendi —2,5 kilometro eta %9,2ko pendiza—, Vivero —4,3 eta %7,7— eta Arraiz —2,2 eta %12,2—. Zortzi kilometro eskas daude azken gailurretik helmugara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.