Mikel Landa «etxera» itzuliko dela jakinarazi du Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak. Landak berak sare sozialetan adierazi du «oso pozik» dagoela: «Oso berezia izango da maillot laranja berriro janztea eta marea laranjaz gozatzea». 2027rako eta 2028rako sinatu du.
Txirrindularitza taldeak harro kontatu du murgiarra haien harrobian hazi zela, maillot laranja soinean egin zuela jauzi maila gorenera eta lortu zuela lehen garaipen profesionala: Burgosko Itzulian izan zen, Lagunas de Neilan, 2011n.
Euskaltel-Euskadi desagertu ondoren, atzerriko taldeetara egin zuen salto Landak: 2014an Astanara joan zen, eta 2016an eta 2017an Sky talde boteretsuan aritu zen. 2018an eta 2019an Movistarren lehiatu zen, eta 2020tik aurrera atzerrira jo zuen berriro: Bahrainera lehenik, eta azken hiru urteak Soudalen egituran egin ditu. Hiru itzuli handietan emaitzarik onenak izan dituen euskal ziklista izan da azkenaldian: bi aldiz izan da hirugarren Italiako Giroan (2015ean eta 2022an), laugarren beste behin (2019an) , hiru etapa irabazi ditu (bi 2015ean, eta bat 2017an), baita mendiko sailkapen bat ere (2017an); Frantziako Tourrean bost aldiz sailkatu da hamar onenen artean (laugarren 2017an eta 2020an, bosgarren 2024an, seigarren 2019an eta zazpigarren 2018an); eta Espainiako Vueltan birritan izan da hamar onenen artean (bosgarren 2023an eta zortzigarren 2024an), eta etapa bat irabazi du (2015ean).
Euskaltel-Euskadi aspaldi utzi behar izan bazuen ere, ziurtatu dute lotura ez zuela inoiz «eten»: 2017an, Landak Euskadi Fundazioaren presidente kargua hartu zuen, eta proiektuak bizirik iraun zezan lagundu zuen. Hura presidente zela itzuli zen Euskaltel taldea babestera, 2020an —Landak 2021ean utzi zuen presidentetza—. «Hau fitxaketa bat baino askoz gehiago da. Esperientzia, anbizioa eta nortasuna ekarriko ditu, baina, batez ere, garrantzitsua da etxe honetako parte izateari inoiz utzi ez zion norbait itzuliko delako», adierazi du taldeak sare sozialetan.