Mikel Landa «ilusioa berpizetara» itzuli da Euskaltel Euskadira

Arabarra taldera batuko da datozen bi denboraldietan. Lehen aldiko «ardura eta gogo» berdinarekin helduko dio erronkari. Itzulian etaparen bat irabazi, eta podiumetik gertu egon nahiko luke; baita Vueltan parte hartu. Gazteei ere lagundu nahi die.

Mikel Landa gaurko aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paula Marques
Bilbo
2026ko azaroaren 27a
16:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel landak ez du ahaztu profesionalki lehen aldiz pedalei eragiten hasi zen tokia. Txirrindularia laranjaz jantziko da berriz ere hurrengo bi urteetan. Erabakiaren berri abuztuan eman eman zuen, eta ordutik itxaropena berpiztu da Euskaltel-Euskadiren inguruan. Izan ere, azaldu dute harrobian dauden gazteentzako erreferente dela Landa, eta taldea hobetzeko eta egonkortzeko aukera emango duela. Gaur ongi etorria egin diote Bilboko Euskaltel Digital Centerrean. Bertan egon dira Landa bera, Iñaki Isasi Euskadi Fundazioko presidentea eta Meinrad Spenger Orangeko zuzendari nagusia. Aurkezpenean hamaika aldiz errepikatu dute hitz bat: Ilusioa. «Kolore hauek janzteak esanahi handia du niretzat, bai pertsonalki, bai emozionalki. Lehen aldi hartako ardurarekin eta gogoarekin helduko diot erronka honi», adierazi du Landak. Beste bi urtez errepidean egoteko moduan ikusten du bere burua. 

2018tik zeraman bueltatzearen ideia haren buruan, baina bere eta taldearen egoera zirela-eta, orain arte ez da izan posible gauzatzea. «Bi urte hauetan erorketa asko eta lesio larriak izan ditut. Ez ninduen motibatzen Euskaltel Euskadi ez zen beste talde batean jarraitzeak», kontatu du. Taldea ere momentu onean dagoela nabarmendu du: «Kirol arloan finkatu eta egonkortu egin da, hori izan da hau posible izatearen zergatia». Txirrindulariak kontatu du babesleekin hitz egin ostean hasi zirela hizketan.  

Ez da harritzekoa txirrindularia maillot laranja janzteko irrikan egotea. Izan ere, hori izan zen bere ibilbidearen hasieran lagun izan zuen kolorea. Landa Orbea taldean hasi zen, Euskaltel-Euskadiren egituran. Ondoren, 2011tik 2013ra Euskaltel-Euskadiko txirrindularia izan zen, bere ibilbide profesionalaren hasieran. Horren ostean ez zen taldera bueltatu, baina Euskadi Fundazioa lagundu zuen 2017an, fundazioak egoera ekonomiko zaila bizi zuenean. Landak proiektua bizirik mantentzeko urratsa egin zuen, eta presidente izan zen 2021era arte.

Azken urteetan Soudan Quick Step taldean egon da, Remco Evenepoleni laguntzen. Orain ordea, Euskaltel-Euskadiri eskainiko dio bere esperientzia. Isasiren arabera, Landak taldea hobetuko du, eta taldekide gazteentzako erreferente izango da. «Gaztea nintzenean txirrindularia izan nahi nuen, eta orduan Mikel Landaren tankerakoak ziren txirrindularientan jartzen nuen arreta. Gaur egungo gazteen erreferentea Landa dela sumatzen da». Gainera, duten indar guztia erakusteko bultzada izango dela uste du Isasik: «Lasterketa handietan lehiatzeko gaitasuna duen taldekide bat izatea baliotsua izango da». Presidenteak argi du taldeak pauso handi bat emango duela.

«Itzulia izango da nire lehen helburua. Etaparen bat irabazi nahiko nuke, eta podiumetik gertu egon» 

MIKEL LANDA Txirrindularia

Landaren fitxaketa «bigarren mirari bat» izan dela esan du Isasik, hainbat talde haren atzetik zebiltzalako. Kontatu du orain dela asko komentatu ziola bueltatzearen ideia Landak: «Bizikletan ibiltzen naiz oraindik ere, eta askotan egin dut topo harekin. Behin esan zidan ilusioa egingo ziola Euskaltel-Euskadira bueltatzea». 

Landak argi du taldeak etorkizun oparoa duela. Prest dago etorkizun horren parte izateko eta aurrera egiten laguntzeko. «Uste dut taldea bera aldarrikatu behar dela. Kirol alorrean argi dago hobekuntzak egongo direla, eta ez bakarrik niregatik». Landaren arabera, harrobian maila oso ona dago: «Denboraldi amaieran talentu handia dutela erakutsi zuten. Emaitza onak lortu zituzten, eta hori ez da lortzen soilik pedalei emanda, konpromiso handia dute taldearekiko».

Euskaltel-Euskadik UCIko zerrendako 30 talde onenen artean sailkatzea lortu zuen aurreko denboraldian, beraien aurrekontua bost aldiz biderkatzen duten taldeak atzean utziz. Lan handia egin zuten hori lortzeko. Horri esker aukera izango dute hiru itzuli handietan—Italiako Giroko, Frantziako Tourreko eta Espainiako Vueltako—parte hartzeko gonbidapena jasotzeko. Gaurko aurkezpenean izan da, adibidez, Javier Guillem, Vueltako zuzendaria, eta ekitaldia hasi aurretik Landarekin egon da hizketan. 

Itzulia, lehen helburua

Isasiren arabera lan handia eginda lortu dituzte emaitza horiek. «Mirari baten parekoa izan zen denboraldiaren bukaera, oso zaila zen munduko 30  talde onenen artean egotea, baina lan askorekin eta denon dedikazioarekin lortu dugu». Isasi ez da txirrindulariek egin zuten lana aipatzera mugatu,  eta azaldu du talde guztia murgildu dela proiektuan. Masaje emaileen adibidea jarri du: «Borondatez bidaiatu zuten hainbat lekutara helburua lortzeko». Orain lanean jarraitu behar dutela aitortu du Isasik, itzuli handietako arduradunak konbentzitzeko eta gonbita lortzeko.

«Bizikletan ibiltzen naiz oraindik ere, eta askotan egin dut topo Mikel. Behin esan zidan ilusioa egingo ziola Euskaltel-Euskadira bueltatzea» 

IÑAKI ISASI Euskadi Fundazioko presidentea

Datorren denboraldiko helburuez hitz egiterakoan ondorengoa esan du Landak: «Itzulia izango da nire lehen helburua. Etaparen bat irabazi nahiko nuke, eta podiumetik gertu egon». Donostiako Klasikoan eta Getxoko Zirkuituan ere egon nahi du: «Etxeko lasterketetan azken batean». Vueltan egoteko aukeraz ere hitz egin du: «Helburua hori da, eta horretarako pausoz pauso joan behar dugu, eta gauzak ondo egin»

Datozen bi urte hauetan Landak ez du soilik taldeak aurrera egiteko lan egin nahi. Hurrengo belaunaldientzako erreferente izan nahi du: «Bi urte hauen ondoren bizikleta hartzen duen edozein umeren erreferente izatea nahi dut; nik izan nuen gogoa eta ilusioa edukitzea. Nik lortu nuen, beraiek zergatik ez?»

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA