Mikel Landak Itzulia utzi du, atzo erori zela eta

Soudal taldeko txirrindulariak ondo igaro du gaua, eta egin dizkioten probek baieztatu dute ez duela lesio edo kolpe larririk, baina gorputza guztiz osatzeko erabaki du lasterketa uztea. Antolakuntzak kanporatu egin du Landa harrapatu zuen autoa.

Mikel Landa, lurrean, erori eta gero. BERRIA
Mikel Landa, lurrean, erori eta gero. BERRIA
ainara arratibel gascon
2026ko apirilaren 8a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Landa ez da izan gaur Itzuliko hirugarren etaparen irteera arrastoan, Basaurin (Bizkaia). Arabarra erori egin zen atzo, lasterketako medikuaren autoak harrapatuta. Murgiako (Araba) txirrindularia denbora dezente egon zen lurrean, baina helmugara iristea lortu zuen azkenerako. 67. postuan iritsi zen, 13.11ko atzerapenarekin. Soudal taldeak eta txirrindulariak, ordea, zuhur jokatu nahi izan dute, eta lasterketa uztea erabaki dute. Soudalek ohar baten bidez jakinarazi du erabakia: «Helmugara iritsi ostean, proba batzuk egin genizkion Mikeli, eta ikusi genuen ez zuela lesiorik edo hausturarik. Gaua ondo pasatu du, eta atseden hartu ahal izan du. Baina kolpeetatik osatzeko eta gorputza guztiz osatzeko, nahiago izan dugu lasterketan ez segitzea».

Helmugara iristeko 9,5 kilometro falta zirela erori zen, Done Mikel Aralarkoaren jaitsieran, eta bazirudien Landak ezingo zuela jarraitu proban. Antolakuntzak lasterketatik bota du Landa lurrera bota zuen autoa. Arabarrak ez du zorte onik erorikoak direla eta: iaz, Italiako Giroko lehen etapan jausi zen lurrera, eta denboraldiaren parte handi bat eman zuen lehiatu ezinik. 

Gaurko etapak Basaurin izango ditu irteera eta helmuga. Tropela Araban barneratuko den egun bakarra izango da, eta txirrindulariek hiru mendate aurkituko dituzte bidean, hirurak ere etaparen bigarren erdian: Barberilla —5 kilometro eta %6,6—, Bikosgana —8 kilometro eta %4,9— eta Sarasola —2 kilometro eta %5,6—. Horrez gain, igoera labur ugari izango da zerra itxura duen ibilbidean.

Teorian, ez luke alderik egon beharko lasterketako ziklistarik indartsuenen artean, baina, edozein moduz, faboritoek tentuz jokatu beharko dute, eta kokapen ona bermatu. Ihesean dabiltzanek ere hobe dute esna ibili, bai hasierako kilometro gorabeheratsuetan, bai amaierako maldetan, betiere tropelak ez baditu lehenago irensten. Bukaerako kilometroak oso bihurriak dira, eta zirrara handiko lehia ikusiko da ziur aski.

Sailkapen nagusian Paul Seixas (Decathlon) dago lider, lehen bi etapetan erakustaldia eman eta gero. 1.59ko aldea ateratzen dio Primoz Roglici (Red Bull), eta 2.08 haren taldekide Florian Lipowitzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA