6.500 emakume bildu dira Lilatoian, eta Mikele Zurutuza izan da azkarrena

Donostiako kaleak morez jantzi dira lasterketaren 36. aldian. «Ekitaldi hau ez da lasterketa bat soilik, feminismoaren aurrerabidearen ospakizun bat ere bada», gogorarazi du antolakuntzak.

Lilatoiaren irteera, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Lilatoiaren irteera, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko martxoaren 1a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela zenbait astetatik amaituta zeuden dortsalak. Emakumezko 6.500 korrikalarik hartu dute parte Lilatoiaren 36. aldian, eta, izerdia botatzeaz gain, aldarrikapenez bete dituzte Donostiako kaleak. Helmugan Mikele Zurutuza legazpiarra izan da azkarrena, 18 minutu eta 34 segundoko denbora eginda; Itziar Ibarbiak amaitu du bigarren, eta Maitane Guerrerok hirugarren.

Bost kilometroko ibilbidea osatu dute lasterkariek, eta milaka lagunek animatu dituzte errepide bazterretatik, Donostia erdialdean, Gros auzoan eta bulebarrean. Eguraldia lagun izan dute, eta ez dira falta izan aldarrikapenez betetako pankartak, kartelak eta kamisetak.

Izan ere, antolakuntzak gogorarazi du Lilatoia ez dela lasterketa bat soilik: «Feminismoaren aurrerabidearen ospakizun bat da, emakumeok edozein erronka konkistatzeko dugun gaitasunaren eta ausardiaren etengabeko gogorarazpen bat».

Jaio zenetik, izugarri hazi da lasterketa: 1990. urtean 190 emakumek hartu zuten parte, iaz 6.235ek, eta aurten 6.500ek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!