Piraguismoa

Miren Lazkanok brontzezko domina lortu du kayak-kroseko Munduko Txapelketan

Donostiako piraguistak lehen domina du munduko txapelketa batean. «Oso pozik nago. Azkenean lortu dut», adierazi du.

Miren Lazkano piraguista, brontzezko dominarekin, Oklahomako Munduko Eslalom Txapelketan. BASQUE TEAM
Miren Lazkano piraguista, brontzezko dominarekin, Oklahomako Munduko Eslalom Txapelketan. BASQUE TEAM
Jone Bastida Alzuru.
2026ko uztailaren 27a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zapore gozoarekin amaitu du Miren Lazkano piraguistak Oklahomako Munduko Eslalom Txapelketa: brontzezko domina lortu du kayak-krosean. «Oso pozik nago. Azkenean lortu dut», esan du, eta nabarmendu «urrea balitz bezala» ospatu duela. Izan ere, lehen aldiz kolkoratu du domina bat munduko txapelketa batean.

Lazkanok kayak-krosean jarri dio ginga txapelketari. Aurrez, laugarren egin du erlojuaren aurka, eta hamaikagarren K1 modalitatean. Azken aukeran biribildu du lana. Finala nola joan den kontatu du: «Atzetik joatea erabaki dut. Erosoago noa atzetik joanda aurretik erasoan baino. Ez da agian denek aukeratuko zuten estrategia, baina erosoago sentitzen naiz horrela. Banekien finalean borroka handia egongo zela. Lehenengo erremontean hirugarren postuan jartzea lortu dut, eta horri eutsi behar nion. Ez da erraza. Bero egiten zuen, eta presioa ere hor zegoen. Oso pozik nago lortutakoarekin».

Rikarda Funk alemaniarraren aurretik helmugaratu da azkenean Lazkano, eta Alena Marx eta Noemie Fox piraguisten atzetik. Arnasa hartu du bukatutakoan, eta gogoz ospatu du lorpena. Dominak lanean segitzeko konfiantza eman diola azpimarratu du.

Horiek horrela, palmaresa betetzen segitzen du Donostiako piraguistak. Besteak beste, Europako txapeldun izan zen 2021ean, eta bi domina lortu zituen iaz Seu d'Urgellen jokatu zen Munduko Kopan: urrea kayak-krosean, eta zilarra C1 kategorian.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA