Mischa Bredewoldek (SD Worx) urteroko ohiturari eutsi dio Euskal Herriko Itzulian: lehen etapa irabazi du, eta liderraren maillot horia jantzi du soinean. Hirugarren urtez jarraian egin du gauza bera. Gaur, hura izan da indartsuena Zarautzen (Gipuzkoa) hasi eta bukatu den etapan. Txirrindulari herbeheretarrak lau iheskideri hartu die aurre esprintean: Yara Kastelijni (Fenix), Riejanne Markusi (Lidl), Lauren Dicksoni (FDJ) eta Antonia Niedermaierri (Canyon), hurrenez hurren. Sailkapen nagusian ere hurrenkera horretan daude: Bredewold da lehena; Kastelijn bigarren, zazpi segundora; Markus hirugarren, zortzi segundora; Dickson laugarren, 11 segundora; eta Niedermaier bosgarren, hamabost segundora.
Gaur irabazita, Bredeworldek jarraipena eman dio SD Worx taldeak Euskal Herriko Itzulian daraman bolada ikusgarriari. Izan ere, orain arte Itzulian jokatu diren hamahiru etapak irabazi dituzte talde horretako txirrindulariek: Demi Volleringek zazpi irabazi ditu, Bredewoldek bost, eta Marlen Reusserrek bat. Aurreko bi ekitaldietan, Bredewoldek aurreneko bi etapak irabazi zituen, baina Volleringek aurrea hartu zion sailkapen nagusian. Ekitaldi honetan, baina, ez da ari Vollering, eta hori baliatu nahi du Bredewoldek garaipena lortzeko. Gaur erakutsi du sasoi betean dagoela.Â
Boskote hori helmugaratu da lehenbizi, eta, hemezortzi segundora taldetxo bat. Liane Lippert (Movistar) izan da lehena horretan, seigarren postua lortuta. Haren atzetik sailkatu da Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa-Euskadi), zazpigarren tokian. Txirrindulari zarauztarra onenekin batera aritu da berriro. Sailkapen nagusian, zortzigarren postuan dago, Bredewoldengandik 31 segundora.
Etapa gogorra izan da: batetik, ziklistek ibilbide gogorrari egin diote aurre, 121 kilometroan sei mendate igo baitituzte; eta, bestetik, zenbaitetan, batez ere etaparen hasieran, zaparrada handiak bota ditu. Horrek arriskutsu bilakatu du txirrindularien jarduna, errepidea irristakorra baitzegoen. Hala ere, erritmo bizian aritu dira etapa osoan.
Tropelak elkarrekin egin ditu lehen 40 kilometroak. Tarte horretan igo dituzte lehen bi mendateak: Itziar eta Kalbario. Megan Arens (Picnic) saiatu da aurrena. Heidi Franz (Auber93) eta Morgane Coston (Ma Petite Entreprise) batu zaizkio, baina atzean utzi ditu Azkarate igotzen. Gailurrean, ia minuturen aldea lortu du tropelarekiko, baina mendatea jaitsi eta gutxira harrapatu egin du tropelak.
Etumeta, erabakigarri
Santa Ageda zen eguneko mendaterik gogorrena, etaparen erdian. Elkarrekin hasi dira hura igotzen, baina, FDJk erritmoa bizitu, eta lehen aukeraketa egin du: 30 bat txirrindulari geratu dira aurrean. Haien artean zeuden Ostolaza eta Paula Ostiz (Movistar), azken hori gogotik sufrituta. Ez da erasorik egon, eta indartsuenen tropeltxo hori elkarrekin iritsi da gailurrera, baita handik jaitsi ere.
Etumeta igo dute jarraian, eta horrek egin du galbahe erabakigarria. Niedermaierrek izugarri bizitu du erritmoa, eta lau txirrindularik bakarrik eutsi diote: Dicksonek, Markusek, Kastelijnek eta Bredewoldek. Atzean geratu dira faborito asko: Evita Muzic, Juliette Berthet (FDJ), Dominika Wlodarczik (UAE), Valentina Cavallar (SD Worx), Liane Lippert (Movistar) eta Magdeleine Vallieres (Education First), besteak beste. Ostolazak eta Ostizek ere ezin izan diote aurrekoen erritmoari eutsi.
Boskoteak 40 segundo ingururen aldea lortu du. Zubialdeko esprint berezian, Bredewold izan da lehena, Dickson bigarren, eta Markus, hirugarren. Azken mendateari, Garateri, 52 segundoren aldearekin ekin diote. Ez dira ados jarri erreleboetan hura igotzen, eta atzekoak ia harrapatu egin dituzte jaitsieran. Baina atzekoak ere ez dira elkarlanean aritu oso gertu zituztenean, eta boskoteak aldeari eutsi dio. Azkenean, esprinta jokatu dute, eta Bredewold izan da azkarrena. Â Â
Bihar, etapa gogorra
Bihar, Bizkaian barneratuko da tropela; Abadiño eta Zornotza lotuko ditu bigarren etapak, 138 kilometroko ibilbidean. Aurtengo saiorik luzeena izango da, baita gogorrena ere: tropelak 2.474 metroko desnibel metatua gainditu beharko du —bezperan baino 200 metro gehiago—. Bost mendate izango dira, bostak hirugarren mailakoak. Lehen 43 kilometroetan tentsioa izango da Trabakua, Merelludi eta Natxitua mendateetako igoeretan. Gero, trantsizio tarte gorabeheratsu bat izango dute San Pelaiora iritsi arte, eta eguneko azken mendate puntuagarria Aretxabalgane izango da. Jarraian Muxikara jaitsiko dira, puntuagarria ez den igoera bati aurre egin baino lehen. Litekeena da malda horretan erabakitzea etapa, eta, inor nabarmendu ezean, ziurrenik txirrindulari gutxiko esprinta izango da helmugan.Â