Missy Franklinek urrezko laugarren domina irabazi du Munduko Txapelketetan

Taldekako 200 metroko proban irabazi du AEBetako laukotearekin; Ryan Lochtek, berriz, lehen urrea lortu du

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Missy Franklin da Bartzelonan jokatzen ari den munduko igeriketa txapelketako izarra, eta haren helburua, urrezko zortzi domina irabaztea, ikusmin gehien sortzen ari den erronka. Bost egun daramatza lehiatzen, eta atzo laugarren urrea lortu zuen, taldekako 200 metroko proban. AEBetako laukotea (7:45.14) gutxigatik nagusitu zitzaion Australiakoari (7:47.08 ), eta Franklinen txanda erabakigarria izan zen. Bera zen laukoteko azkena eta igeri hasi zenean Australia aurretik zen.

Ryan Lochtek ere domina uzta lortu nahi du Bartzelonan, eta herenegun kale egin ondoren, lehen urrea irabazi zuen, estiloetako 200 metroko finalean (1.54,98). Segundo batetik gorako aldea atera zion Kosuke Hagino japoniarrari. Estilo libreko 100 metroko proba ikusgarrienetakoa da txapelketa guztietan, eta finalean lehia estua egon zuen. James Magnussen australiarrak (47,71) eskegi zuen urrea, James Feigen (47,82) eta Nathan Adrian (47,84) estatubatuarren aurretik.

Eguneko beste bi finalak igerilari txinatarrek irabazi zituzten. Bizkar estiloko 50 metrokoa, Jing Zhaok(27,29), Juanhui Fu erkidearen aurretik (27,39). Hirugarren Aia Terakawa japoniarra izan zen (27,53). Tximeleta estiloko 200 metrokoan, aldiz, Zige Liu izan zen txapeldun (2.04z56), Mireia Belmonte kataluniarraren (2.04,78) eta Katinka Hosszu (2.05,59) hungariarraren aurretik. Finaletatik kanpo, Rikke Pedersen daniarrak bular estiloko 200 metroko probako munduko marka hobetu zuen finalerdietan. 2.19.11ko marka egin zuen, aurreko errekorra 48 ehuneneko gutxiago.

Ur poloan, bestalde, herenegun gauean emakumezkoen txapelketako finalerdiak jokatu ziren. Espainiak 13-12 irabazi zion Hungariari, eta Australiak 9-6 Errusiari. Espainiak balentria lortu zuen, 9-12 iritsi zelako partidako azken txanpara. Etzi jokatuko dute finala. Gizonezkoen finalerdiak, berriz, bart gauean jokatu ziren, eta finala igandean izango da. Gaurko egutegiari dagokionez, beste bost final jokatuko dira, banakako lau eta taldekako bat, estilo libreko 200 metrokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.