Mitxoletak taldeak jantzi du txapela Ados Pilota klubak antolatutako Etxekoren Oroimenezkoaren bigarren ekitaldian: Naroa Agirre, Iera Iturriaga eta Irait Betegi pilotariek eta Nerea Elustondo botilero-bertsolariak. Tanto aldeagatik irabazi zioten Kuku-prakak taldeari finalean, igandean, Hernaniko (Gipuzkoa) udal pilotalekuan.
Txapeldunek atzetik aurrera egin zuten, galdu egin baitzuten lehen partida, lau eta erdian jokatutakoa: Leire Oskozek 18-13 hartu zuen mendean Naroa Agirre. Baina, bigarren neurketan, binakakoan, Iturriagak eta Betegik nagusitasun handiz irabazi zieten Natale Aranbururi eta Olatz Ruiz de Larramendiri: 22-1. Tanto alde handi horri esker irabazi zuten txapela.Â
Beste behin, oso presente izan ziren kirola, bertsoak, Naroa Elizalde Etxekolonearen oroimena eta laguntasuna.
Euskal Herritik Mundura txapelketa
Etxekoren Oroimenezkoaren finalaz gain, Euskal Herritik Mundura txapelketaren finalak jokatu zituzten igandean. Goizean, Zumarragan (Gipuzkoa), esku huskako finalak jokatu zituzten: Enara Gamindek 2-0 (10-2 eta 10-3) irabazi zion Olatz Arrizabalagari; Gaizka Karregalek 2-0 (10-8 eta 10-3) Ekhi Irribarriari; eta Beñat Azketak eta Aingeru Bernaolak 2-0 (10-4 eta 10-9) Oihan Etxeberriari eta Oier Elorzi.
Arratsaldean, berriz, Burgun (Araba), zesta-puntako finalak jokatu zituzten: Helena Barrenetxeak 2-0 (15-4 eta 15-11) irabazi zion Ihart Arakistaini, eta Ortzi Aldazabal Argoitia-k 2-0 (15-10 eta 15-8) Julen Basterra Txanika-ri.Â