Donostiako klasikoa

Mollema garaile Donostiako Klasikoan

Murgil bidean gora bakarrik geratu dira Valverde, Rodriguez, Gallopin eta Mollema, eta maldan behera jo du erasoa Trek taldekoak. Hamar bat segundoren aldea zabalduta, nahikoa izan du helmugara bakarrik iristeko.

Bauke Mollema, helmugaratzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko uztailaren 30a
07:50
Entzun

Amaiera ikusgarria eta emozioz beterikoa izan du Donostiako Klasikoaren 36. edizioak. Tropela azken kilometroetara elkartuta iritsi ondoren, Murgilko igoerak erabat apurtu du tropela, eta Bauke Mollema, Alejandro Valverde, Tony Gallopin eta Joaquim Rodriguez geratu dira lasterketa buruan. Mollemak, ordea, maldan behera jo du erasoa, eta besteekiko zabaldutako segundo apurrak nahikoa izan ditu txapela janzteko.

Hasiera-hasieratik izan dira mugimenduak tropelean. Moreno Moser, Przemyslaw Niemiec, Jaques Janse Van Rensburg, Jaime Roson eta Loic Chetout lasterketa hasi eta berehala irten dira ihesean, eta taldetxoan egin dute lasterketaren zati handiena. Jaizkibelgo mendatetik bigarren aldiz igarotzean harrapatu dituzte, ordea. Arkalera bidean, Cannondaleko txirrindulariak jarri dira tropelaren buruan, eta ihesaldietarako aukerarik ere ez du utzi Movistarrek.

Murgilko tontorrerako igoerak erabaki zezakeen gaurko garailea, eta hala izan da neurri batean. Hamar kilometroren faltan, malda gogorrak igo behar izan dituzte txirrindulariek Donostiako Igaratik Igeldora igarotzeko. 1,8 kilometroko igoera da, eta batez besteko %10,5eko pendiza du, nahiz eta %20ko tarteak ere badituen. Igoerako azkeneko 600 metroek %12,5eko pendiza dute. Aldapan gora hasi eta berehala, Adam Yates iazko garaileak jo du lehenengo erasoa, baina atzetik joan zaio Rodriguez. Apurka-apurka gerturatu zaie Valverde, eta Mollema ere atzetik aurrera igaro da mendatean gora egin ahala.

Valverde, Rodriguez, Gallopin eta Mollemaren artean zegoen garaipena. Murgilko tontorra atzean utzita, berehala bizkortu du erritmoa Mollemak. Bakarrik geratu da, eta bederatzi segundo ingururen aldea zabaldu du berehala. Sei-hamar segundora urritu eta zabaldu da alde hori Igeldon behera eta azken bi kilometroetan, baina nahikoa izan da alde hori garaipena lortzeko. Bost segundora helmugaratu dira Valverde 2008ko eta 2014ko garailea eta Gallopin 2013ko txapelduna, eta zaleei eskerrak emanaz iritsi da Rodriguez.

Ongi ezagutzen zuen Mollemak Murgil bidea; izan ere, bere burua grabatu zuen ostiralean bertan entrenatzen:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.