Montanier soilik falta da

Lorenzo Juarros 'Loren'-ek beste bi denboraldiz jarraituko du Realeko kirol zuzendari karguan

Julen Etxeberria.
2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Aspaldi ematen zen egindakotzat, baina atzo arte ez zuen ofizial egin albistea Realak: Lorenzo Juarros Loren-ek kirol zuzendari lanetan jarraituko du. Denboraldi honen amaieran bukatzen zitzaion kontratua, baina klubak eta Lorenek akordioa lortu dute hitzarmena beste bi urtez luzatzeko, 2015eko ekainaren 31a arte.

«Pozik nago; batetik, nire bizitzako klubean lanean jarraituko dudalako; eta bestetik, jarraipena emango diogulako orain lau urte eta erdi abian jarritako proiektuari», esan zuen Lorenek Realak albistearen berri ematearekin bat. Kirol zuzendariaren arabera, bere kontratu berritzeak agerian uzten du «arrakastatsua» izan dela hasitako proiektua. «Proiektuak zailtasunak gainditu behar izan ditu, baina sendotu egin da, eta fidagarritasun garrantzitsua ari da hartzen. Etxeko jokalari asko ari dira, eta kanpoko jokalariak osagarri ona ari dira izaten. Bide hori jarraituko dugu, hain zuzen, taldeak lortzen duena lortzen duela. Argi dugu hori dela Realari oreka handiena ematen dion bidea».

Antzeko hitzak erabili zituen Jokin Aperribai Realeko presidenteak Loreni kontratua berritzeko arrazoiak azaltzerakoan. «Oso kirol une onean gaude. Reala hazten ari da kirol politika argi batekin, eta kirol politika hori kluba ekonomikoki sendotzen ari da. Hazten jarraitu nahi dugu, eta aurrerapausoak eman».

Lorenek klubak hartutako bidearen defentsa sutsua egin zuen. «Proiektu honen jarraipena izango da etorkizuneko Realaren oinarria. Emaitzak hor daude, eta ez dakigu goia jo dugun edo ez, ia ezinezkoa baita ligako lehen, bigarren edo hirugarren sailkatua izatea. Baina guretzat garrantzitsuena da helburu jakin batzuk genituela eta bete egin ditugula».

Kirol zuzendaria umil mintzatu zen, proiektuaren arrakastan berak zenbateko garrantzia duen galdetu ziotenean. «Gure meritu bakarra izan da etorkizuna izan zezaketen jokalari multzo batengan konfiantza eduki, eta jokalari horiek jokatzen jarri izana. Beste guztia haiek irabazi dute». Lorenek «oso garbi» du nola izan behar duen etorkizuneko Realak: «Txapeldunen Ligarako edo Europako Ligarako sailkatu edo ez, gure politikari leial izango gara aurrerantzean ere, garrantzitsuena baitataldea datorren urtean eta hurrengoan ere Lehen Mailan ondo lehiatzea».

Pazientzia entrenatzailearekin

Realak sasoi honetan berritutako kontratuen artean zortzigarrena da Lorenena. Aurreko zazpiak jokalarienak izan ziren: Claudio Bravo, Liassine Cadamuro, Carlos Martinez, Markel Bergara, Asier Illarramendi, Ruben Pardo eta Antoine Griezmann. Ordea, oraindik ez du berea berritu Philippe Montanierrek, taldeak daraman bide bikainaren arduradun nagusietakoak. Entrenatzaile frantziarrari sasoi honen amaieran bukatzen zaio kontratua. Klubak zein iritzi duen galdetuta, Lorenek nabarmendu zuen Montanierrentzat «garrantzitsuena» geratzen diren bederatzi partidak direla. «Izango dugu denbora harekin hitz egiteko. Emaitzak hor daude, baina beste helburu eta egoera batzuk ere badaude; horiek ere aintzat hartu behar dira. Entrenatzaileak ikusi behar du Realaren proiektuak erakartzen duela eta jarraitu nahi duela».

Carlos Velaren etorkizunaz ere mintzatu zen, eta gai hori baliatu zuen etxeko jokalarien etorkizunaz hitz egiteko. «Garrantzitsuena da denok elkarrekin lor dezagula Velari ez pasatzeko burutik hemendik joatea. Zenbat eta gorago geratu sailkapenean, orduan eta errazago izango da hori lortzea, baina ez bakarrik berarekin, baita taldeko beste jokalariekin ere. Talde konprometitu bat ikusten dut, eta, gaur-gaurkoz, zerbait oso larria gertatu beharko luke taldeko jokalariren batek Reala uztea pentsa dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.