Kolpeari kolpez erantzun diete Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak. Joan den asteburuan Binakako Txapelketako finalerdietako lehen partida galdu ondoren, burumakur igaro du aste osoa Aspeko bikoteak, baina garaipen garrantzitsua eskuratu du gaur, Donostiako Atano III.ean. Aparteko distirarik erakutsi gabe, Elordik eta Zabaletak aski izan dute txukun jokatzea Erik Jaka eta Martxel Iztueta menderatzeko. Azken horiek indartsu kantxaratu dira, eta aurretik ere izan dira markagailuan: 7-6. Hortik aurrera, ordea, partidatik irten egin dira, eta garaipen erosoa lortu dute irabazleek. Elordi izan da laukotean onena, hamar tanto egiteaz gain ez baitu bakar bat ere galdu. Gauzak hala, Elordi eta Zabaleta finalean sartzeko aukerekin helduko dira hirugarren eta azken jardunaldira. Jakak eta Iztuetak, aldiz, agur esan diete aukera horri.
Erritmo itogarria izan du partida hasierak. Puntuak sekulako garrantzia izanagatik, trenpu onean kantxaratu dira lau pilotariak, eta tanto eder askoak jokatu dituzte. Jaka elektriko aritu da. Albotik igaro zaizkion pilota askotara sartu da, eta eraginkor jardun du. Goi mailako hiru tanto egin ditu bata bestearen jarraian. Hori aski ez, eta Zabaleta bera pare bat aldiz erratu da aurreko koadroetan. Pilotakada bortitzak jo beharrean, aurrean jokaldiak egiten ahalegindu da sarri, baina ez du nahi bezalako fruiturik jaso. Baikoko bikotea 4-2 aurreratu da, baina, oro har, berdinketak izan dira nagusi hastapenean: bosna eta seina joan dira. Elordik eutsi dio zutik Aspeko bikoteari.
Bazirudien berdintasun eta erritmo altu hori luzerako izango zela, baina ez. Denbora gutxian erabat okertu dira Jaka eta Iztueta. Arriskatu behar horren eraginez, bizpahiru jokaldi gaizki atera zaizkio Baikoko aurrelariari, eta ondoren Iztueta bera ere kutsatu egin da. Adibidez, ezker horman gora alde egin dio pilota garbi batek atzelari gazteari. Horri esker, lehen atsedenaldi luzera 7-12 aurretik iritsi dira Elordi eta Zabaleta istant batean. Olatua ez da bere horretan geratu. Atsedenalditik bueltan ere erraztasun handiak ematen jarraitu dute gorriek, eta aldeak gora egin du: 7-15.
Oso denbora gutxian partida maldan gora jarri zaie Jakari eta Iztuetari. Euren mailatik oso urrun ibili dira luzaroan. Itxaropen seinale bat izan dute tartean. Izan ere, Jakak hiru tanto jarraian lortu ditu ezker airez: 9-16, 10-16 eta 11-16koa. Zein baino zein zoragarriagoak izan dira hiru tanto horiek. Bost tantora hurbildutakoan, partidari buelta ematea posible zutela sinetsi dute une batez, baina orduantxe Elordi azaldu da. Jakari odolkiak ordainetan eman dizkio, eta ezker airez bi tanto eder lortuta, bigarren atsedenaldi luzera 11-18 aurretik iritsi dira urdinak. Bada, azken tantoetan etsita jokatu du Baikoko bikoteak. Nola Jaka hala Iztueta partidatik atera dira nabarmen, eta lehiakor izaterik ere ez dute lortu. Hala, txapelketari agur esan diete, finalerdietako bi partidak galtzeaz gain, oso tanto gutxi lortu baitituzte.
Aspek, bikote bat ziur
Emaitza horren eraginez, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia finalean sartuko dira bihar Unai Lasori eta Jon Ander Albisuri irabazten badiete, Gasteizko Ogetan (17:00, ETB1). Txapelketa osoan zehar gorriak eta bi ikusi ondoren, final handian sartzeko aukera izango du Aspeko bikoteak, baina faborito aterako dira Laso eta Albisu. Orain arte bi horiek osatu dute bikoterik onena, eta, gainera, Ogeta frontoi egokia dute jokorik onena ateratzeko. Edonork irabazten duela ere, gauza bat jakina da: Aspek ziurtatua duela bikote bat gutxienez final handian.
Bestalde, Ados Pilotak antolatutako txapelketaren barruan bi partida jokatu dira gaur, Getarian (Gipuzkoa). Jaialdiko lehen partidan Aranburuk eta Mendiburuk 22-18 irabazi diete Barrokali eta Perezi. Bigarrenean, berriz, Iturriagak eta Orbegozok 22-15 menderatu dituzte Oskoz eta Arrastia. Bihar beste partida bat izango da, eguerdiko 12:00etan, Zumarragan (Gipuzkoa). Mujika eta Olatz Ruiz de Larramendi ariko dira Gomezen eta Agirreren aurka.
Igorren (Bizkaia), Emakume Master Cup txapelketako bi finalerdiak jokatuko dira bihar (12:00, ETB1). Lehenean, Arrizabalaga-Bergara eta Ruiz de Infante-Mendizabal lehiatuko dira, eta bigarrenean, Sagardui-Gaminde eta Aldai-Arrillaga.