MOTOZIKLISMOA . Hirugarren titulua jokoan

Luthik eta Kalliok 125 cc.-etako txapelketa jokatuko dute sasoiko azken aurreko karreran

jon ordonez garmendia
2005eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Valentino Rossik (Yamaha) irabazi du MotoGP txapelketa. Dani Pedrosak (Honda), 250 cc.-etakoa. Munduko Motoziklismo Txapelketaren azken aurreko lasterketa jokatuko da gaur Turkian, eta oraindik 125 cc.-etako txapelduna nor izango den erabakitzeko dago.

Ohikoa denez denboraldian zehar parez pare aritu dira hainbat gidari maila txikienean. Azkenean Thomas Luthi (Honda) eta Mika Kallio (KTM) iritsi dira sasoi amaierara titulua irabazteko aukerekin. Oker handirik egiten ez badu Luthik du txapelketa eskura; hamabi puntuko aldea du Kalliorekiko. Azken lasterketan, Australian, berak irabazi zuen, eta Kallio bosgarren izan zen. Gainera, Istanbulgo zirkuitua berria denez, inork ez du besteekiko abantailarik izango. Luthiren mesederako izango da, sailkapenean duen aldearekin jokatuko baitu.

2006ko talde aldaketak

Pedrosaren igoerak hainbat aldaketa eragingo ditu talde askotan. 250 cc.-etako txapelduna HRC Hondako talde ofizialean ariko da. Biaggik taldea utziko du eta Camel Honda taldean ariko da. Pedrosa Honda moto batekin ariko dela ikusita, Gibernauk Ducatira joatea erabaki du, eta Checak utzi egingo du. Ziurrenik bera ere Camel Hondara joango da. Suzukik ez dio kontratua berrituko Kenny Robertsi, eta Shinya Nakanok Kawasakiko ikur izaten segiko du.

-

2006ko txapelketako behin betiko egutegia



Martxoak 26: Espainiako S. N.

Apirilak 8: Qatarko S. N.

Apirilak 30: Turkiako S. N.

Maiatzak 14: Txinako S. N.

Maiatzak 21: Frantziako S. N.

Ekainak 4: Italiako S. N.

Ekainak 18: Kataluniako S. N.

Ekainak 24: Herbehereetako S. N.

Uztailak 2: Britainia Hand. S. N.

Uztailak 16: Alemaniako S. N.

Uztailak 23: AEBetako S. N. (soilik MotoGPn jokatuko da).

Abuztuak 20: Txekiar Errep. S. N.

Irailak 10: Malaisiako S. N.

Irailak 17: Australiako S. N.

Irailak 24: Japoniako S. N.

Urriak 22: Portugalgo S. N.

Urriak 29: Valentziako S. N.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.