MOTOZIKLISMOA . Zirkuitua eta gidaria

Dani Pedrosak beste karrera erabakigarri bat korrituko du berriz ere Australiako Sari Nagusian, 250 cc-etako txapelketa irabazteko

jon ordonez garmendia
2005eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Orain dela hiru aste inork ez zuen zalantzan jartzen 250 cc-etan irabazlea Dani Pedrosa (Honda) izango zela. 63 puntuko aldea zuen Casey Stonerrekiko, eta bere nagusitasuna baino gehiago datorren urtean MotoGPra emango duen jauzia zen hizpide. Azken bi sari nagusietan, ordea, okertu egin zaio kataluniarrari garaipenen bidea. Japoniako Sari Nagusian hiru aldiz erori zen Pedrosa mototik, eta harrezkero ezer onik ez zaio gertatu (soilik, lesioa ez zela uste bezain larria). Malaysian ez zuen karrera amaitzerik izan eta Qatarren laugarren izan zen. Stonerrek ez du berekiko kupidarik izan, eta azke bi karrera horiek irabaziz, 26 puntura murriztu du Pedrosak zuen aldea.

Txapelketari 75 puntu geratzen zaizkio jokoan, eta Dani Pedrosa bere ibilbidean erabakigarria izan den zirkuitura itzuliko da. 2003an, 125 cc-etako txapelketa irabazita zuela, inoiz izan duen lesio handiena jasan zuen mototik erori ondoren; bi oinak hautsi zituen. Iaz, berriz, 250 cc-etako titulua irabazi zuen hor. Laugarren izan zen, eta hori da Australian inoiz lortu duen postu onena; ez da inoiz podiumera igo.Azken bi urtetakoaren ondoren, bana dago orain Pedrosaren eta Phillip Islandeko zirkuituaren arteko lehia, eta igandean beste lasterketa erabakigarri bat jokatuko du kataluniarrak. Casey Stonerren egiten duen presioa handia da. Sailkapenean izan duen gorakadaz gain, australiarrak bere herritarren babesa izango du (hori ez dela abantaila dio berak). «Pedrosa oso ona dela uste dute denek, baina ez dela garaitezina erakutsi dut nik». Pedrosa harrapatzeko gogoz da Stoner, eta azken hiru lasterketatan dena emango duela aurreratu du.Valentino Rossik, bitartean, bere azken tituaz gozatzen jarraitzen du. «Phillip Island gehien atsegin dudan zirkuitua da. Asko dibertitzen naiz hemen». MotoGPn bigarren posturako lehian dago ikusmina. Matematikoki zazpi gidari dira Rossiren atzean sailkatu daitezkeenak: Biaggi, Melandri, Edwards, Hayden, Capirossi, Barros eta Gibernau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.